Gipuzkoan 38 gorpu aurkitu dira orain arte ikertutako hobietan

Gipuzkoan 38 gorpu aurkitu dira orain arte ikertutako hobietan

Eider Goenaga

Zaldibian aurkitutako bi gorpuak identifikatu gabe daude oraindik, eta hezurdurak EHUren Donostiako Medikuntza Fakultateko laborategian daude. 2002tik Aranzadik Gipuzkoan ikertutako hobietan 38 gorpu atera dituzte, eta haietako asko identifikatu gabe daude oraindik.Medikuntza Fakultatean gordetzen dituzte halakoetan, edo udalaren esku utzi, herriko hilerrian lurperatzeko: Villabona-Amasan 2013an topatutako sei gorpuak Amasan lurperatuta daude, eta Oiartzungo hilerrian daude 2007an topatutako bost gorpuak ere.

Helburu nagusia gorpuak identifikatzea eta, ahal den kasuetan, senideen esku uztea da, haiek gorpuzkiekin egin nahi dutena erabaki dezaten. Horixe ezartzen du helburu Eusko Jaurlaritzaren planak ere. Donostian Burdin Zubian topatutako zazpi gorpuetako biren kasuan, esaterako, lortu zen senideei itzultzea; eta Elgoibarren topatutako lautik birekin ere iritsi ziren helburua betetzera. Ez da, ordea, ohikoena.

Hobi baten kokalekuaren berri iristen zaienean, Aranzadiko kideek aurretiazko txosten bat lantzen dute —hala agintzen du protokoloak—. Hobiaren berri duen lekukoak emandako informazio guztia jaso, artxiboetan gaiari buruz dagoen dokumentazio guztia bildu, lekuko gehiago bilatu eta tokia aztertzen dute.

Informazioa aitortza da

Baina txostena landu ostean, hobi hutsak aurkitzea ere ez da ezohikoa; gorpuak zeudeneko toki zehatza hori ez delako, aurretik hobia hustu dutelako… Halere, informazio bilketa ez da alferrikakoa izaten. “Senideei bildutako informazio guztia helarazten zaie, modu ofizialean, Jaurlaritzaren bidez, eta hori asko eskertzen dute, aitortza moduko zerbait delako”, azaldu du Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak.

Gipuzkoan hainbat kokaleku identifikatuta dauzka Aranzadik, eta aurretxostenak landuta daude kasu gehienetan. Horietan hasiko dira deshobiratzeak, 2015-2020 aldirako planak jasotzen duenez. Gipuzkoan, Eibar eta Ibarrako hobien ikerketak dira lehentasun handienekoak. Eibarren, Arrateko santutegiaren ondoan, hobi bat dute identifikatua. Biktima baten senideak egindako eskaeran eta lursailaren lehengo jabeak emandako informazioan oinarrituta, bi gudariren gorpuak aurkitzea espero dute. Ibarran, Izaskungo ermitaren atzean, gorpu bat topatzea espero dute. Dena den, gerta liteke zerrendan agertzen den tokiren batean deshobiratzerik inoiz ez egitea: industria pabiloi batzuen azpian dagoelako, errepide bat gainetik pasatzen delako…

Zerrenda, baina, ez da mugiezina. “Beti dago dei efektu bat”, esan zuen Francisco Etxeberria Aranzadiko lehendakariak, joan den abenduan, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariarekin eginiko agerraldian. Azken asteetan ere jaso dute hobi gehiagoren berri.

Eta askoz gehiago izan daitezke. Etxeberriak esandakoaren arabera, kalkulatzen da gerra garaian Araba, Bizkai eta Gipuzkoan errepublikanoen bandoan 6.300 lagun hil zirela eta frankistenean hildakoak 5.700 izan zirela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.