“Irakurketa errazeko irizpideei jarraitu diegu elikadura gidan”

“Irakurketa errazeko irizpideei jarraitu diegu elikadura gidan”

Loinaz Agirre

Ordiziako D’elikatuz zentroak hamar urte daramatza elikaduraren eta jarduera fisikoaren inguruan herritarrak sentsibilizatzen eta hezten. D’elikatuz gidak izaten dira horretarako baliabideetariko bat. Orain, zazpigarren gida kaleratu berri du, eta adimen urritasuna dutenak hartu ditu kontuan. Idoia Noain D’elikatuz zentroko nutrizionistaren esanetan (Ordizia, 1974), elikadura egokia eta jarduera fisikoa sustatu nahi dituzte haien bizi kalitatea hobetzeko. Ana Elbusto sendagile nutrizionistaren, Aritz Aranbarri haur-neuropsikologoaren eta Sasoian kirol zentroaren laguntza izan du D’elikatuz-ek.

D’elikatuz Bizi kanpainaren azken gidan, adimen urrikoak hartu dituzue kontuan. Zergatik? Zein berezitasun dute?

Osasuna sustatu nahi dugu, bai elikadura aldetik, eta bai ariketa fisiko aldetik. Urtero publiko desberdinengana iristen saiatzen gara: gazteak, lan eremuan daudenak, erretiratuak… Aurten, urritasun intelektuala dutenak aukeratu ditugu. Gida berri hau formatuagatik da berezia, irakurterraza baita. Ematen diren mezuak ez dira berriak; biztanleriari orokorrean iritsi beharreko mezu garrantzitsuenak ematen dira, baina irakurketa errazeko irizpideei jarraitu diegu. Letra gutxi, oso erraz ulertzekoa, marrazkiak….

Eduki aldetik, nola banatu duzue gida?

Dekalogoa egin dugu, D’elikatuz-ek hamar urte bete dituelako. Elikadurari eta ariketa fisikoari buruzko gomendioak ematen ditugu, tartekatuta. Bukaeran, atal psikologikoa lantzen duten gomendioak ere badaude.

Elikadurari dagokionez, zer azpimarratuko zenuke?

Lehenengo eta behin, egunean bost otordu egin behar direla. Baina, askotan, eguneko lehenengo otordutik hasten dira okerrak, gosaria baita otordu guztietan garrantzitsuena. Bost otordu egitea bezain garrantzitsua da eguneko aurreneko erdian —gosaria, hamaiketakoa eta bazkaria— bigarren erdian —askaria eta afaria— baino gehiago jatea.

Bestetik, frutaren eta barazkien garrantzia: hiru fruta eta bi barazki anoa jan behar dira egunero. Azkenik, elikadurarekin lotuta, ondo hidratatzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu. Ura da garrantzitsuena, baina badaude beste likido batzuk: zukuak, saldak eta infusioak, adibidez.

Jarduera fisikoaren inguruan, zein aholku bete behar dira?

Gorputza mugitzearen garrantzia azpimarratzen dugu. Alde batetik, ariketa aerobikoak daude, eguneko martxan egiten ditugunak: lanera oinez joatea, eskailerak oinez jaistea edo igotzea… Eta, bestetik, giharrak indartzeko ariketak daude. Azken finean, denborarekin muskulatura galduz goazelako. Galera hori egiteko garrantzitsua da indar ariketak ere egitea.

Eta alde psikologikoari dagokionez?

Ariketa fisikoa lagunekin egitea garrantzitsua da, dibertigarriagoa izateaz gain ohitura bihurtzea errazagoa izango delako eta jendearekin egoteak psikologikoki ondo sentiarazten gaituelako.

Segidan aritzea izaten da askotan zailena, ordea.

Bai, eta, horretarako, ekintza horiek guztiak gure ohituretan sartu behar ditugu. Ez dugu ezer ere lortzen egun batean gauza bat egin eta hurrengoan ez badugu egiten. Jokaera on bat ohitura berria bihur dadin, hiru astean errepikatu behar da. Beti egitura bera izatea komeni da. Eta norbait lagun hartuta egiteak ere laguntzen du.

D’elikatuz-en bisita asko izaten dituzue, adin tarte guztietako herritarrenak. Jendeak kontuan hartzen ditu gomendio horiek?

Asko orokortzea da, baina egia da gazteek gero eta barazki eta fruta gutxiago jaten dituztela. Zerealak eta koilararekin jan beharrekoak ere gero eta gutxiago jaten dituzte. Bestetik, geroz eta gehiago kontsumitzen ditugu aurrez prestatutako janariak. Horrelako gauzak tarteka ez daude gaizki, baina dituzten koipeengatik ez da komenigarria egunero hartzea. Aurrez prestatutako janariei buruz ari naizenean, ez naiz pizzei buruz bakarrik ari. Gosarian, ume gehienek esnea kakaoarekin eta gailetekin edo madalenekin hartzen dute. Eta horiek ere arazo bera daukate.

Gizartea sentsibilizatzen ari da?

Nire esperantza da jendea gero eta gehiago kontzientziatuko dela. Ea berriz lehenagokora itzultzen garen. Izan ere, orain dela 50 urte hemen oso ondo jaten zen. Nik uste dut okerrenean egon garela, eta pixkanaka buelta ematen hasi garela. Presaka bizi gara, baina aurreikuspenean, planifikazioan dago gakoa.

Asteko menu bat egitea, adibidez, lagungarria da?

Bai, noski. Eta asteko plan hori egiteak laguntzen digu erosketetara zerrenda itxiarekin joaten. Erosketako tartea oso-oso garrantzitsua da elikadura osasuntsu baterako, erosten dugunaren arabera elikatzen baikara gero.

Gidaren 2.000 ale argitaratu dituzue. Non eskura daiteke?

D’elikatuz zentroan bertan eskura daiteke, eta, Interneten, www.delikatuz.com eta www. gipuzkoa@delikatuz.com webguneetan. Ahalik eta zabalkunderik handiena emateko, banaketa Goyeneche Fundazioarekin, Gautenarekin eta Aspacerekin egingo dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.