“Profesionalizatzea baino nahiago dut proiektua amaitzea”

Myriam Aranburu

Azkeneko edukiontzia bidali dute janariz eta materialez beteta. Beasaingo Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeak hemezortzi urte daramatza edukiontziak bidaltzen laguntza behar duten herrialdeetara. Gorka Eskalante erakundeko kideak (Beasain, 1974) azaldu duenez, orain ildo hori alde batera utzi, eta beste bide batzuei helduko diete.

 

Azken edukiontzia bidali duzue. Sentsazio gazi-gozoarekin gelditu al zara?

Alde batetik, gogoz nengoen, baina, beste aldetik, barruan zerbait mugitu da, eta pena handiarekin gelditu naiz. Guk bideratzen dugun azken edukiontzia bidali dugu jada; kasu honetan, Haitira. Hainbat herritan aritu gara janaria, eskolako materiala, jolasak eta horrelakoak biltzen. Horiek guztiak kaxetan sartu, eta bidali ditugu. Hala ere, norbaitek horrelako laguntzaren bat bidaltzeko asmoa badu, gu laguntzeko prest gaude.

 

Zer da Herriak Elkarlanean, eta zer egiten duzue?

Gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta duela hemezortzi urte sortu zen, 1998an. Hasieran, bidezko merkataritzarekin hasi ginen lau pertsona inguru, baina, poliki-poliki, handituz joan gara. Batez ere edukiontziak bidaltzeko lanean zentratu gara: azken hamabost urteotan, 30 edukiontzi baino gehiago bidali ditugu hainbat herrialdetara. Ikusi dugu tamaina handia hartzen hasi dela, eta, azkenean, erabaki bat hartu beharra geneukan; ezin genuen horrela jarraitu. Horregatik erabaki dugu edukiontzi gehiago ez bidaltzea.

Tamaina handia hartu arren, zuen lana boluntarioa da, ezta?

Bai, lan boluntarioa da, eta ez da hori ahaztu behar. Honek lan handia eskatzen du; norbaitek egon behar du honetan buru-belarri. Krisia dela eta, laguntzak ere murriztu egin dira, eta horrek eragin zuzena du. Gainera, laguntzak jasotzeko bilatu egin behar dira, deialdiak noiz dauden adi egon, eta, gero, gure proiektua aurkezteko txostenak sortu. Esaterako, nik familia eta lana ditut, hau nire pasioa da, bai, baina eskatzen duen denbora guztia ezin diogu eman. Iritsi garen puntuan bi aukera zeuden: profesionalizatzea eta norbait bertan jartzea soldatapean, edo atzera egitea pauso batzuk.

Eta ez duzue profesionalizatu nahi.

Ez; dudarik gabe, ez. Hau profesionalizatzea baino nahiago dut proiektua amaitzea. Honekin dirua irabazten hasten garenean, gure filosofia amaituko da; hemen besteak laguntzeko gaude, ez guk dirua irabazteko. Hori da gure muina: lana boluntarioa da, eta inork ez du inoiz dirurik irabazi erakunde honetan. Guk ahal dugun heinean laguntza bidaltzen dugu; hori da helburua.

Zuen atzetik ba al dago inor lekukoa hartuko dizuenik?

Ez; pena ematen dit, baina ez dago. Laguntza behar denean, jendea inguratzen da, eta asko laguntzen digute. Baina eguneroko lan horretarako ez dugu ikusten lekukoa hartu nahi duen inor dagoenik.

Zein izan zen parte hartu zenuen lehenengo proiektua?

Lehenengo proiektua Eritreara edukiontzi bat bidaltzea izan zen. Han, La Salle ikastetxeko anaia batzuk zeuden, eta hara bideratu genuen laguntza. Geroztik, beste proiektu batzuk ere bideratu izan ditugu; emakumeentzako barnetegi bat, esaterako. Hala hasi ginen urte hartan. Aurrerago, ordea, Eritreako egoera politikoa zela eta, misiolari horiek kanporatu egin zituzten. Ez zen komeni han misiolariak egotea, hango egoeraren berri ematen zutelako. Herriko agintariei ez zitzaien komeni.

Inoiz izan duzue arazoren bat edukiontzi bat bidaltzean herrialdeko agintariekin?

Bai; behin, ia 6.000 euroko isuna ordaindu behar izan genuen Beninera bidalitako edukiontzi batengatik. Ez zuten uzten edukiontzia ateratzen portutik, eta isuna ordaindu behar izan genuen. Azkenean, edukiontzi barruan dagoenak balio handiagoa du, baita ekonomikoki ere, baina konturatu ginen hori ez zela nahi genuena, ez zela bideragarria. Gainera, herrialde askotan ustelkeria handia dago aduanetan, eta horregatik ordaindu behar izaten dugu. Askotan ez dugu zehazki adierazten zein den barruan doan material edo janaria; bestela, kendu egin dezakete, eta ezer gabe utzi.

Azken edukiontzia bidali duzue, baina, hala ere, laguntza ematen jarraituko duzue. Nolako proiektuak egingo dituzue orain?

Orain, adibidez, Haitin eskola bat egiteko asmotan gabiltza, eta Beninen putzu bat. Horrelakoak dira aurrerantzean egingo ditugun proiektuak, batez ere etorkizunera begirakoak. Proiektuak beharren arabera egiten ditugu. Tokiko kontaktuarekin hitz egiten dugu, eta txosten bat egiten dugu. Horrela, dena pausoz pauso egiten hasten gara, eta laguntza bila han-hemen. Garrantzi handia du lagundu nahi dugun herrialdean konfiantzazko norbait izateak; kontaktuak nahitaez fidagarria izan behar du. Hala ez bada, eta zalantzaren bat badaukagu, ez dugu eskua sartzen.

Bestalde, bidezko merkataritza ere bultzatzen dugu. Edukiontziak bidaltzen ibili garen epe honetan, zertxobait baztertuta izan dugu, baina berriz ere helduko diogu. Larrialdi egoeretarako laguntzak ere ematen saiatzen gara; esaterako, Haitiko lurrikara izan zenean, izugarria izan zen egindako kanpaina eta lortutako laguntza eta diru guztia. Horrelako zerbait gertatuko balitz, berriz ere laguntza bilatuko genuke hara bidaltzeko.

Zuek ere joan izan zarete hainbat lekutara laguntzera.

Bai. Lehenengo bidaia 2000. urtean egin nuen: Eritreara joan nintzen Caritasekin. Esperientzia benetan gogorra izan zen, izugarria. Errefuxiatu kanpamentuak barruak nahastu zizkidan; pertsonak bere okerrenean ikusten ditugu, eta ez da erraza izaten. Ondoren egindako bidaiak ere gogorrak izan dira, baina ez hainbeste. Haiti, Angola eta Beninen ere izan naiz. Egindako bidaia guztiak esperientzia aberasgarriak izan dira, bai, baina, aldi berean, oso gogorrak. Ez da erraza hangoa ikusi eta berriz ere hona itzultzea.

Horrelako bidaia baterako denbora beharko duzue. Zenbat denborarako joaten zarete?

Gutxi gorabehera, hilabete pasatzen dugu. Laneko oporrak aprobetxatuz joaten gara, eta hori ere gogorra egiten da, zure opor guztiak horretara bideratzen baitituzu. Gero, urtea luzea izaten da, eta ez duzu deskonektatzen; buruak ez du deskantsatzen. Laguntzera joaten gara, gure oporrak izan arren, eta nekatuta amaitzen dugu.

Herrialde bakoitzean errealitate desberdina ikusiko zenuen, baina denek behar dute laguntza.

Bai, guztietan pertsonak egoera txarrean daude, baina leku batetik bestera badago aldea. Esaterako, Beninen izandako bidaiatik gustura-edo itzuli ginela esan dezakegu. Ez pentsa ondo daudenik han, ez. Gaizki daude, ez dute jateko eta edateko nahikorik, baina lasaitasuna eta goxotasuna transmititzen zuten hango biztanleek. Ditudan oroitzapen hoberenak hangoak direla, nik uste. Duten gutxiarekin zoriontsuak dira asko; moldatzen dira.