Amuarrainak, uretan hobeto

Amuarrainak, uretan hobeto

Aimar Maiz

Arrantza sasoia ofizialki hasteko hilabete eta erdi falta den arren, Agauntza errekan (Lazkao) 40 arrantzale dabiltza, belaunetaraino uretan sartuta, kanabera bota eta amuarrainak atera nahian. Arrantza intentsiboko barrutia da, Araxes eta Leitzaran ibaietako zati banarekin batera Gipuzkoan dauden hiruretatik bat. Urte osoan egin daiteke arrantza, federatuta eta baimen berezia lortuta.

Otsail hasiera izanagatik —hilaren 6an jokatu zen Lazkao-Agauntza Irekia arrantza lehiaketa—, amuarrain mordoxka dabil ur lasaietan. Negu epelaren ondorioz, Lareoko urtegiaren emari-erregulatzaile funtzioaren laguntzaz eta herriko arrantzaleen zaintzari esker, arrantzarako paradisu bihurtu da Agauntza, 2014ko urritik.

Trukean, amuarraina harrapatu —salabardoaren laguntzarekin ateratzen dute—, eta atzera uretara itzultzea da prezioa. Hil gabeko arrantza modalitatea egiten delako hiru barrutiotan. Geroz eta arrantzale gehiagok egiten du hala, batez ere gazteen artean.

Bi denboraldiko esperientziarekin gustura daude herriko arrantzaleak. “Urte asko ibili gara barrutia lortzearen atzetik. Iaz Gipuzkoako Federazioak laguntza eman zigun, eta hasteko behintzat aukera eman zigun. Txapelketa batzuk antolatzen ditugu urte osoan”, dio Olain Irizar arrantzale lazkaotarrak.

Aldundiaren liga

Agauntzaren kasuan, Lazkaoko udal barruti ia osoa da arrantza intentsibokoa, Zubierreka industrialdearen paretik Senpere auzora. Araxesen, Urkola presatik Oriako ahoraino da. Leitzaranen kasuan, berriz, Erreka arrain haztegitik Oriako ahoraino.

Arraina hil gabeko arrantza modua sustatzeko, federazioak Aldundiaren Liga txapelketa antolatzen du. Orain arte hiru barrutietan jardunaldi bana izaten zen, baina datorren urterako aldaketa bat sartuko dute: Araxesen eta Agauntzan egun berean izango da arrantzaldia, eta Leitzaranen beste batean. “Horrela arrantzale bikote gehiago sartuko ditugu, 32 bikote. Espainia guztiko jendea etortzen da”, azaldu du Gipuzkoako Arrantza Federazioaren lehendakari Martin Lasak.

Gune horiek ezagutarazteaz eta hil gabeko modua indartzeaz gain, orokorrean arrantzarako zaletasuna bera piztu nahi dute. “Arrantza mundua oso baxu dago, eta bultzada bat emateko asmoarekin ari gara. Lazkaoko festetan neska-mutikoentzat ere txapelketa txiki bat egin genuen iaz, zaletzeko eta arrantza ezagutzeko”, dio Irizarrek.

Erreketako faunari eusten

Arrantza intentsiboko barrutietan urte osoan ibili ahal izateko, federatuta egon beharra dago batetik —segurua sartzen da hor—, eta baimen berezi bat atera behar da bestetik. Internet bidez egin daiteke izapidea, eta 16 urtera artekoei ez diete ezer kobratzen.

Ehizan bezala, arrantzan ere polemika badago harrapakina hil gabe utzi ala ez. Askori pentsaezina egiten zaie amuarraina uretatik atera eta atzera libre utzi behar denik. Barrutiok hil gabekoak direlako kexatzen denik ere bada. Baina Gipuzkoako erreken aberastasun ekologikoa ere jokoan dago. “Usoak kanpotik etortzen dira, baina amuarrainak autoktonoak dira. Ateratzen baldin baditugu, ez da ezer gelditzen. Amuarrainak badaude batzuk, baina oso gutxi, eta etxekoa zaintzen ez badugu…”, dio Irizarrek.

Amuarrainak ekarri eta errekan botatzen dituzte arrantza elkarteek. ” Diru aldetik, kostu handia dakar”. Hilean, “pare bat aldiz” birpopulatzen dituzte errekak. Uraldiek eragin handia daukate, eta ubarroiek ere amuarrain asko jaten dute. “Errekak txikiak dira, eta presio hori ezin dute mantendu. Mantentze lana egiten dugu, amuarrainak libratzeko garaian”, azaldu du Irizarrek.

Jendea ari da kontzientzia aldatzen. Eta erreken egoera ere azken urteetan “asko hobetu” da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.