“Arazoa denona da, eta denon artean hobeto eramaten da”

“Arazoa denona da, eta denon artean hobeto eramaten da”

Olatz Mitxelena

Movistarrerako lan egiten du Angel Circujanok (Pasaia, 1976), eta lehen lerrotik ari da bizitzen azpikontratatuta diharduten langileen borroka. Pasai Antxon erantzun ditu elkarrizketako galderak, Correscalesen harira antolatutako hitzaldi batean bere testigantza ematera sartu aurretik.

 

Correscalesen etorrerak areagotu egin ditu elkartasun jarduerak. Langileak nola ari zarete bizitzen zurrunbilo hau guztia?

Orain bizitzen ari garena borrokan ginela faltan sumatu dugun guztia da. Horrekin ez diot inori ezer leporatu nahi. Guk ez dugu asmatu jendearengana laguntza eske jotzen. Gure miseriak kontatzea kosta egiten zaigu. Baina orain, hitzaldietan sektorekoa ez den jendearekin hitz egiten dudanean, babes handia eta harrotasuna sumatzen ditut.

Lehen lerroan izan zara greba bitartean. Esperientzia honetatik zein irakaspen atera duzu?

Greba ez da inoren gustukoa, baina nahitaezkoa da urte askoan kendu dizkiguten eskubideak berreskuratzeko. Telefonicak esnatu gaitu, eta eskertzekoa da, gure erosotasunetik atera gaituelako ezin gintuenean gehiago esplotatu. Tamalez, erantzuna oso berandu iritsi da, eta luze joko du lehen genituen eskubide guztiak berreskuratzeak.

Niretzat, hala ere, kolektiboa ezagutu izana da garrantzitsuena. Lehen ez genuen elkar ezagutzen, eta jendea eskaileran lanean ikusten zenuenean konpetentzia ikusten zenuen. Hala erakutsi digute. Baina greban elkar ezagutu dugu, eta lehen konpetentzia edo etsaia ikusten genuen tokian, orain zu bezain zapaldua dagoen lankidea ikusten duzu. Kolektibo gisa elkar ezagutu izana da, zalantzarik gabe, esperientzia honetan aberasgarriena.

Grebarekin zer lortu duzue?

Hainbat helburu lortu ditugu, soldatak %30 edo %40 ez jaistea, eta autonomoen gehiengoak orain lehen baino diru gehiago irabaztea, adibidez. Dena, hala ere, ez da dirua. Lan baldintzak ere garrantzitsuak dira, eta, alde horretatik, lortutakoa oraindik ere ez da nahikoa. Azpikontratazioak bertan behera uztea izan da grebaren helburua. Gipuzkoan, zehazki, autonomook kooperatibetan lanean hastea lortu dugu. Baina ez dezagun geure burua engaina, langileak oraindik ere autonomoak dira.

Horrez gain, greba honi esker, eta gure lankide bizkaitarrek egindako presioaren laguntzaz, kontrata berria sartu da Gipuzkoan —lehen bakarra zegoen—, eta orain bi kontrata egonda, autonomo gisa ari ginen 40 lagun soldatapeko hasi gara lanean. Lorpena, nire ustez, garrantzitsua da, baina beti ere helburua Movistarrentzako zuzenean lan egitea dela ahaztu gabe.

Oraintxe bertan zein da zuen lan egoera?

Geldialdi batean gaude. 40 langileri enpresa aldaketa bat egokitu zaigu, Donostia aldean eratu den lantaldeak Telefonica eta beste enpresen gainean egin duen presioari esker. 40 laguni lanpostuak subrogatzea lortu dugu, eta inork ez du lanposturik galduko.

Correscalesek, besteak beste, borrokaldi horri jarraipena eman nahi dio, ezta?

Correscales greba bukatu zenean jaio zen. Guk bagenekien borroka honek luze joko zuela. Helburu nagusi batzuk markatu genituen, eta lortu ditugunak gutxieneko batzuk dira. Hortik aurrera eraikitzen jarraitu nahiko genuke. Baina greba bat, batez ere hainbat egun irauten badu, oso gogorra da. Jendea nekatuta dago, eta indarberritzeko zerbait behar genuen. Testuinguru horretan jaio zen Correscales, Korrikan inspiratuta.

Bizkaitik irten eta Bartzelonan bukatuko da prekaritatearen kontrako lasterketa, batez ere Gipuzkoako, Bizkaiko eta Bartzelonako lagunak batu garelako antolakuntzan. Hala ere, Marea Urdinaren egitasmo bat da, eta, besteak beste, greba bitartean sostengu kutxa sortzeko sortu zen zorra kitatzeko baliatu nahi dugu. Horrez gain, Correscales sektore guztiak eta borroka guztiak elkartu nahi dituen lasterketa bat da, greban ikusi dugunez elkartuta egoteak indarra ematen digulako. Denok gara Correscales.

Eragile asko bildu zarete egitasmoaren bueltan. Halako erantzuna espero zenuten?

Inola ere ez. Hogei lagun hasi ginen honetan lanean, eta konturatzerako atxikimendu piloa jaso genituen. Berehala jabetu ginen jende askok nahi zuela honetan lanean hasi. Guri babesa emateko, baina baita Gipuzkoan sare bat osatzeko ere. Correscales hemendik hilaren 19an pasatuko da [gaur], eta gu jada aurrera begira ari gara lanean. Sare bat eraiki nahi dugu, edozein kolektibo, norbanako edo enpresatan arazoak sortuz gero, elkar babestu ahal izateko.

Zergatik da garrantzitsua Corrrescalesen parte hartzea?

Ondo pasatuko dugulako. Arazoa denona da, eta denon artean hobeto eramaten da. Gainera, ongi pasako dugu. Ezin da gehiago eskatu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.