Gazteen gogoeta plaza

Maite Alustiza

Oñatiko Antixena gaztetxeak hartuko du aurten Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketa. Gaurtik igandera bitarte, mahai inguruak, ikus-entzunezkoak, kontzertuak, tailerrak eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Guztiak, bi gai nagusiren inguruan: asanbladak eta alternatibak.

Gaur, 17:30ean hasiko da topaketa. Besteak beste, Kortxoenea, Ohiuka eta Kukutza gaztetxeen kasuak aztertuko dituzte. 18:30etik aurrera, esaterako, Ohiukakoek hitzaldia emango dute, eta gauean, Probatu ez duenak ez daki zer den hau dokumentala emango dute. Mor More taldearen kontzertuarekin bukatuko da eguna, 23:00etan.

Bihar, gazte asanbladen eta alternatiben gaiari helduko diote, 10:00etatik aurrera. Asanbladen gaiari dagokionez, hainbat arlo landuko dituzte: funtzionamendua, sortzen diren harremanetan parekidetasunik ba ote dagoen, belaunaldi aldaketak nola kudeatu, harreman horizontalagoak lortzeko bideak eta abar.

Alternatiben atalean, berriz, gaztetxeak “egungo sistema kapitalista eta patriarkalaren alternatiba gisa” ikusten dituzte, baina zailtasunak ere nabari dituzte gaztetxe, asanblada eta autogestiotik bestelako aisialdi eredu batetik haratagoko erantzunak emateko.

Bihar arratsaldean, erresistentzia tailerrak izango dira; horietan, gune okupatuetako erresistentzia fisikoa, juridikoa eta komunikatiboa jorratuko dituzte. 19:00etan, gaztetxeen aldeko manifestazioa egingo dute, eta gauean, hainbat kontzertu izango dira: Trikimailu, Fiachras, Pelax eta Cowboy’s Orchestra, eta Dekot. Igandean, topaketari bukaera emateko, guztia jaso eta hiru egunen errepasoa egingo dute.

Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketa

Gaurtik igandera bitarte, Oñatin, Antixena gaztetxean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.