Idoia Etxeberria: “Inportantea da proiektua herri epaimahai batek hautatua izatea”

Eider Goenaga

Badihardugu Euskara Elkarteak iazko abuztuko 20.160 euroko diru laguntza eskuratu zuen, Energia Olatuak egitasmoaren barruan, 101 L izeneko proiektua garatzeko. Donostiako hizkuntza aniztasuna jaso nahi dute ikus-entzunezko batean, eta Idoia Etxeberria Badiharduguko kidea (Oñati, 1977) buru-belarri ari da lan horretan.

Azaldu, modu laburrean, zer den 101 L proiektua.

Proiektu honen helburua da Donostian eta inguruetan berba egiten diren hizkuntzak bideo batean jasotzea, eta aniztasun hori erakustea. Elkarrizketak bi atal ditu: batetik, hiztegiarena, eta hor helburua da hitz zehatz batzuk hizkuntza ezberdinetan nola esaten diren jasotzea; eta, bestetik, pertsona horrek Euskal Herrian izan duen esperientzia kontatzea, nola iritsi zen hona, euskararekin nolako harremana izan duen, nolako integrazio bideak izan dituen…

Zein hizkuntzatan egiten dituzue elkarrizketak?

Elkarrizketarako hizkuntza normalean euskara eta gaztelania izango da, baina elkarrizketatuak bi hizkuntzatan eman behar ditu erantzunak, galderak egindako hizkuntzan eta bere jatorrizko hizkuntzan.

Eta 101 L izena du zuen proiektuak Donostian 100 hizkuntza inguru hitz egiten direlako?

Unesco Etxeak 2007an egindako ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herrian 108 hizkuntza egiten dira berba; eta orduan guk pentsatu genuen, “ba, Donostian ere egingo dira berba hainbat hizkuntza”. 101 zenbakia apur bat sinbolikoa da, hamaikatik dator, eta ez dakigu benetan zenbat hizkuntza egingo diren berba. Baina ziurra dena da hizkuntza pila bat egiten direla berba, eta aniztasun hori ezezaguna dela neurri handi batean.

Eta nola ari zarete jasotzen hizkuntza horiek guztiak?

Iazko maiatzaren bukaeran hasi ginen proiektuarekin, Olatu Talkaren barruan. Karpa bat jarri genuen Bulebarrean, Nasledie errusiar hiztunen elkartearekin eta Afrika-Euskadi elkartearekin elkarlanean. Egun horretan, goiz eta arratsalde, elkarrizketak egiten aritu ginen, eta egun bakarrean hemeretzi hizkuntza jaso genituen. Ez genuen espero hainbeste jasotzea. Horrek aurrera jarraitzeko indarra eman zigun, eta Energia Olatuetara aurkeztea erabaki genuen. Abuztuan esan ziguten herri epaimahaiak gure proiektua aukeratu zuela, eta guretzat oso inportantea da diru laguntza, baina guretzat oso inportantea da proiektua herri epaimahai batek aukeratu duela jakitea ere.

Diru laguntza hori gabe proiektua gauzatzerik izango zenuten?

Nik uste dut jarraituko genuela egiten, baina beste martxa batean, poliki-poliki, eta eperik jarri gabe. Diru laguntza hau funtsezkoa izango da proiektu hau egin ahal izateko. Asmoa abendurako amaitzea da, ordurako 100 elkarrizketa inguru egitea, webgune bat martxan jartzea, ikus-entzunezko bi egitea…

Leave a Reply

Your email address will not be published.