“Badaude leku arazotsuak, baina errepideen egoera ona da”

M. Alustiza

Azken egunetako euriteek ez dute “arazo berezirik” sortu Gipuzkoako errepideetan. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuaren arabera, “badaude leku arazotsuak, baina errepideen egoera ona da oro har”. Kostako errepidea jarri du gune korapilatsuen adibide, baita Irungo Olaberria eta Bentak auzoak lotzen dituen GI-3452 errepidea ere. Azken horretan, diputatuen kontseiluak urgentziaz onartu berri du konponketak hastea.

Iazko otsailean luizi bat izan zuen errepide horrek, eta “egoera kaskarrean” zegoen ordutik: “Errail bakarra zegoen zabalik eta ibilgailuak txandaka pasatzen ziren”. Oiarbidek dioenez, dagoeneko irekita zegoen prozedurari jarraituz gero, uda aurretik ezingo lirateke errepidea konpontzeko lanak hasi. “Auzotarren egoera ikusita eta epeak azkartzeko, prozedura aldatzea onartu du diputatuen kontseiluak”. Lanak martxoaren erdi aldera hasiko dituzte, eta aurreikusi dute hiru hilabete iraungo dutela. Konpontzeko lanak hasi bitartean, aldundiak errail bat zabaldu du, “bizilagunen joan-etorria errazteko”.

Legealdiko proiektu estrategikoetako bat Gipuzkoako Biribilgunea osatzea da aldundiarentzat. Horretarako, Antzuola-Bergara zatiaren proiektua falta da, eta joan den astean jakinarazi zutenez, proiektuaren idazketa “nahiko aurreratuta” dago. Proiektua idazteko, aholkularitza geoteknikoa izaten ari dira, “ahal den neurrian, obra egiten hasten direnean arazoak saihesteko”.

Lanak urte amaieran hasteko asmoa dute, eta 24 hilabetean bukatu nahi dituzte. “Biribilguneak Gipuzkoako lurralde oreka ekarriko du, lurralde osoko herriek 15 kilometroko inguruan gaitasun handiko errepide bat izango dute. Horrez gain, Euskal Herriaren egituraketa: Goierrialdea Bizkaiarekin, eta Debagoiena Goierrialdearekin eta Nafarroarekin, GI-632etik Etzegaratera”.

Proiektu berriak ere baditu esku artean diputazioak legealdi honetarako. Oiarbidek jakinarazi duenez, Mutriku-Deba eta Azkoitia-Urretxu errepideak hobetu nahi dituzte, ibilbideari dagokionez. Azkoitia-Urretxu errepidearen kasuan, ibilgailuen aurreratzeak “errazteko” hirugarren errail bat egingo dute zati batzuetan: “Errepide horretan kamioi asko ibiltzen da, eta, modu honetan, segurtasuna hobetzen da eta iraupena laburtzen da”.

Bidesarien alorrean ere hainbat proiektu dituzte martxan. N-1 errepidean, Etzegaraten, ordainlekua jarriko du aldundiak, eta horretarako lanak “bideratuta” daudela azaldu du diputatuak: “Dagoeneko baldintzen agiriak idazten ari dira ondoren lanak lizitatu ahal izateko. 2017rako ordainlekua jarrita egotea nahi genuke”. Garraiolariei eragingo die bidesariak. Neurri horrekin, diputazioak aurreikusi du N-1 errepidea “arindu” egingo dela, “trafikoren zati bat AP-8ra eta AP-1era desbideratuko delako”.

Deskargan ere, GI-632 errepidean, beste ordainleku bat jartzeko asmoa dauka aldundiak; kamioiek ez ezik, autoek ere ordaindu beharko dute. Espero dute obrak 2018 bukaerarako amaitzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.