“Altzagan gutxi gara, eta guztiak ongi etorriak gara; giro jatorra dago”

L. Agirre

Iruindarra da Fernando Monasterio korrikalaria, eta 1999. urtetik Altzagan bizi da, familiarekin.

Zergatik aukeratu zenuen Altzagan bizitzea?

Egia esateko, nire emazte Ainhizeri Altzagan etxebizitza egokitu zitzaiolako etorri ginen. Eta herri txikian bizitzeko ideia gustatzen zitzaigunez, 1999an Altzagara bizitzera etorri ginen.

Herri handiago batean bizi izan zinen aurretik. Zein da herri txiki batean bizitzearen abantaila?

Altzagak duen abantaila natura da; naturarekin harremanetan gaude etengabe; landa eremuan bizi gara, eta lasaitasuna ere handia da hemen. Egia esateko, niretzat ezin hobea da. Oso-oso gustura bizi gara Altzagan.

Zein desabantaila ikusten diozu?

Desabantaila bakarra autoa hartu behar izatea litzateke, baina, gaur egun, uste dut edozein hiritan edo herri handitan jendeak gero eta gehiagotan hartzen duela autoa egunerokoan. Eta Altzaga Ordiziatik bost minutu eskasera dago.

Herri txikietan integratzea erraza da?

Egia esateko, gutxi gara, eta guztiak ongi etorriak gara. Giro jatorra dago. San Migel jaietan, esate baterako, nabarmena da herri osoaren parte hartze aktiboa.

Zer hobetuko zenuke Altzagan?

Beharbada, errepidea izan daiteke hobetu daitekeena; estu samarra da, eta istripuak gertatu izan dira gutxi ikusten den hainbat lekutan. Baina hori uste dut foru aldundiaren eskumena dela, eta ez hainbeste udalarena. Gainerakoan, ondo zerbitzatuta gaude: sagardotegia, landa etxea, pilotaleku ederra, ludoteka haurrentzat…

Zein duzu Altzagako lekurik, txokorik gogokoena?

Altzagaratera igotzea izugarri gustatzen zait, Bosthaizera ere bai. Leku horietatik Goierriren ikuspegi ederra dago: Txindoki, Aizkorri… Altzagamendiren inguruan dauden ibilbideetakoren bat haurrekin egiteko gomendatuko nuke.

Kirolaria zara; zein kirol egiten duzu?

Beti gustatu izan zait kirola, hainbat diziplina, baina, batez ere, mendiari lotutakoak: alpinismoa, mendiko eskia, eskalada… Korrika egitea ere asko gustatzen zait, asfalto gainean zein mendian. Mendiko eskiaren zale amorratua naiz.

Korrikan entrenatzeko leku egokia da Altzaga?

Asfaltoan entrenatzeko ez, baina Aizkorriko mendi maratoia entrenatzeko ibilbide zoragarriak ditut Altzagamendin eta inguruan. Etxe atarian dauzkat, eta ederra da hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.