“Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko ‘metaleroa'”

“Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko ‘metaleroa'”

Itzea Urkizu

2009an Lasarten sortu zenez geroztik, Hilotz taldeak metamorfosi txiki bat izan du: laukote batek abiarazitakoa hirukote berri batek gorpuzten du orain. Aldaketa hori, gainera, maketatik diskorako soinuan ere islatzen da; bi urteko asmo, indar eta lanaren ondoren, argitaratu berria dute Giza ankerkeria lehen lan luzea. Mikel Iarzak (baxua eta ahotsa), Etxahun Urkizuk (bateria) eta Pablo Cabasesek (gitarra) Tolosako entsegu lokala dute metal musika sortzeko aterpe, baina zentzumenak zabalik dituzte edozein generok emandako plazerak dastatzeko. Uztartze horretatik sortutakoa zuzenekoetara eramanez, datozen hilabeteotako kontzertu bakoitza aukera bat da, beren musika gainontzekoentzat ere gozamen bilakatzeko.

Giza ankerkeria-n kritika soziala egin nahi izan duzuela dirudi.

MIKEL YARZA: Bai. Hil ala bizi maketakoak gure lehen konposizioak ziren, bai hitzez, bai doinuz, eta orain gehiago hausnartu dugu munduak funtzionatzeko duen moduaz, botere harremanez, bizimoduaz… Baina badira hitz pertsonalagoak ere.

Autoekoizpenaren bidea aukeratu duzue. Nolakoa izan da prozesu hori?

ETXAHUN URKIZU: Pentsatu gabeko zerbait izan da. Estudio batean grabatzeak kostu ekonomiko handia du, eta, gainera, uste dut ez ginela gai izango disko osoa astebetean-edo grabatzeko. Lagunei esker osatu ahal izan dugu lana. Batetik, Ander Zubillagak bateria grabatu digu, eta Borja Mintegiagaren Lezoko estudioan grabatu ditugu gitarrak. Soinu ona izatea nahiko erraza izan da, lagun horiei esker.

Zuen lana ezagutaraztea, aldiz, zailagoa al da?

E. U.: Guztia guk egin beharra daukagu, hori da kontua: kontzertuak lotu, komunikabideei informazioa bidali…

Akaso, orain arte ohikoagoa izan da erreferentziazko estudioetan grabatzea. Gero eta gehiago dira, ordea, beren lanak ekoizten dituzten taldeak, ezta?

E. U.: Genero honetan, bereziki.

M.Y.: Euskal Herrian ez dago metala edo muturreko metala ekoizten duen erreferentziazko estudiorik, taldeei bultzada bat emateko.

Metala duzue ardatz, baina hainbat adar ditu metalak. Zuek zeini heltzen diozue?

M.Y.: Thrash metala abiapuntua da, eta beste hainbat gauza daude. Diskoaren zabalkundean diogu Giza ankerkeria-k death eta black metalaren ukituak dituela.

Zeintzuk dira ezaugarriak?

E. U.: Thrash metala punketik gertu dago, azkarra da, eta abeslariek oihu egiten dute, baina kantatu ere bai; bien arteko zerbait.

M.Y.: Gitarraren presentzia handia da thrashean. Death metalean, berriz, bateria konplexuagoa da, presentzia handia du.

PABLO CABASES: Egia esan, oso zaila da desberdintasunak azaltzea.

Eta black metalari dagokionez?

M.Y.: Giro bat sortzen du black metalak, sentsazio tristea.

E. U.: Bereizgarrietako bat blast beat-ak dira, batetik —bateria oso-oso azkar jotzea—; eta minor akordeak, bestetik. Hortik datorkio izena, musika ilunagoa delako.

Zuen generoa ezin da komertzialtzat hartu, baina jende asko mugitzen du, ezta?

E.U.: Egia esan, gure eskalan ez askorik. Baina, Alemaniako Wacken jaialdian, edozein kontzertu ikusten 40.000 pertsona elkar daitezke; munduko metal jaialdi garrantzitsuenetakoa da.

M.Y.: Zenbait taldek, garaiagatik-edo, indar handia hartu izan dute, baina baita generoagatik ere. Esan nahi dut Su ta Garrek, metal gogorragoa egingo balu, ez lukeela hainbeste jarraitzaile izango.

E.U.: Anestesia ere gogorra da, baina jarraitzaile asko ditu. 1980ko hamarkadan metal asko entzuten zen Euskal Herrian, eta uste dut talde askok horregatik hartu zutela indarra. Duela urte batzuk, ohikoa zen Gaztean, adibidez, Berri Txarrak, Latzen edo Su ta Gar entzutea, joeran zegoelako.

Irratiak aipatu dituzue. Metalak tarte zabalagoa beharko luke?

E.U.: Metala musika zaila da entzuteko, baita guretzat ere, sarri. Baina tarte gehiago musika genero guztiei eskainiko nieke.

M.Y.: Orain, 1980az bestelako ereduek irabazi dute, baita musika entzuteko ereduek ere. Gaur egun, singleek funtzionatzen dute, nazioartekoek eta bertakoek, eta irratiak dira horren isla.

E.U.: Ez da metalari egindako bazterketa bat, audientzia handiaren aldeko apustu bat baizik. Nik Radio 3en eredua gustukoago dut, esaterako: saio espezializatuak daude, eta hori oso aberatsa da.

Euskal Herrian, hala ere, badira zuen antzeko talde gazteak.

E.U.: Talde oso onak, gainera. Bullets of Misery gernikarrak, adibidez; zuzeneko oso ona dute, eta disko bikaina argitaratu dute.

M.Y.: Gabezia Lasarteko taldea ere bai. Nafarroan, berriz, Evil Killer-ek heavy klasikoa jorratzen du, eta Araban Childrain taldea dugu. Maila oso oneko talde asko dago. Baina metalaren komunitatean, berez txikia izanik, bada makrokontzertuetara soilik bertaratzeko joera bat, eta horrek talde on txikiak itzalean uzten ditu sarri.

Aurreiritzi asko al dago metalaren inguruan?

E.U.: Bai, noski. Ile luzea baldin badaukazu eta larruzko jakak janzten badituzu, jende gehienak ulertzen du heavya zarela. Baina, aldiz, ilehoria izanez gero eta surf marka bateko jertse bat soinean baldin baduzu, jendea harritu egiten da thrash eta death metal talde bateko kide zarela esandakoan.

M.Y.: Dena den, metal zaleen barruan ere bada logika horri jarraitzen dion jendea. Askotan, gainera, horrela pentsatzen dutenak izaten dira karratuenak pentsamoldez, eta ez dute metaletik haragoko musikarik entzuten.

Zein dira zuen erreferente musikalak?

E.U.: Black metalean, Behemoth edo Disexion aukeratuko nituzke. Testament edo Anthrax, berriz, thrashean. Eta, noski, heavy klasikoa: Iron Maiden, Judas Priest edo Black Sabbath mitikoak. Eta, guk egiten dugunaz harago, funkya edo soula entzun ohi ditut; Snarky Puppy, adibidez.

P.C.: Nik ez diot aterik ezeri ixten; gustuko baldin badut, gustuko dut. Punka entzuten hasi nintzen, baina, behin batean, Metallicaren Master of Puppets utzi zidaten, eta nire bizitza erabat aldatu zen [barreak].

M.Y.: Metalaren barruan, ia dena gustuko dut, new metala izan ezik, akaso; gustukoago dut musika organikoa, industriala baino. Eta, gure eremutik kanpo, musika klasikoa entzuten dut: Bach, Vivaldi, Mozart… Musika hori sekulakoa iruditzen zait, gorena.

Egiazki, zenbait obra klasiko ez daude metal doinuetatik hain urruti ere, ezta?

E.U.: Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko metaleroa.

M.Y.: Baina jende gehienak ez ditu erlazionatzen. Ez musikalki, eta ez sozialki; musika klasikoa entzutea klase sozial altukotzat dugu, eta metala aurkakoa da.

Diskoa entzun duen jendearen erantzunik jaso al duzue?

M.Y.: Gertuko lagunei gustatu zaie lana, eta maketatik honako aurrerapausoa nabaritu dute.

E.U.: Lortu dugun soinua nahiko ona dela azpimarratu digute batzuek, eta horrekin geratu naiz ni.

M.Y.: Diskoa laburra egin zaiela ere esan digute, baina hori seinale ontzat hartuko dugu [barreak].

Orain kontzertu errenkada duzue aurretik. Zuzenekoak dira zuen erakusleihorik onena?

M.Y.: Azkenaldian, asko hitz egin dugu horri buruz. Promozioa gure ardura denez, zuzenean jotzea da jendea gure musikara lotzeko aukerarik onena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.