Mantendu bai, dena ez

Mantendu bai, dena ez

Maite Alustiza

Harridura marka bat darama barruan ertz gorriko triangeluak. Arriskua adierazten du. Gipuzkoako errepideak mantentzeaz arduratzen diren langileek seinale hori zabaldu dute aste honetan, bai errepideetako zubietan zintzilikatu dituzten pankartetan, bai egin dituzten elkarretaratzeetan. Greba mugagabea hasi zuten asteartean, eta eguerdian, Donostian bildu ziren protestarako, sirena hots etengabearekin. Ozen egin zuten eskaera: “Diputazioa, soluzioa”. Errepideak mantentzen jarraitu nahi dute; ez, ordea, egungo baldintzak mantenduta.

Gipuzkoan lau dira errepideen mantentzeaz eta ustiapenaz arduratzen diren aldi baterako enpresa elkarteak, eta horietatik hiru batu dira ELAren greba deialdira: UTE Goierrialdea 2014, UTE Miramon 2014 eta UTE Urola Deba 2014. Diputazioaren menpe daude, eta hirurek 95 langile inguru barnebiltzen dituzte —sektorean 130 bat langile dira guztira—. Langile horiek ordainpekoak ez diren errepideen %75-80ren mantentze lanez arduratzen dira, N-1 errepidea barne.

Greba egiteko arrazoi nagusia bat da, Manu Tena ELAko Gipuzkoako eraikuntzako arduradunak azaldu duenez: “Adjudikazioena da benetako arazoa. Urtetik urtera merkeago egiten ari dira, eta iritsi da momentu bat non diputazioak, pribatuan eta birritan, hori onartu egin duen. Eskatzen dugu adjudikazioen politikak prezio justu batera aldatzeko, horrela enpresen eta langileen baldintzak hobe daitezen”. Hala ez den bitartean, argi dute greba mugagabean jarraituko dutela.

Zerbitzu berri bat adjudikatzeko, erreferentzia moduan aurreko adjudikazioa erabiltzen dela dio Tenak, eta aurreko adjudikazio hori dagoeneko merkatuta dagoela: “Beherantz doan marra bat da. Iritsiko da momentu bat non enpresek ezingo dieten aurre egin legeak ezartzen dizkien baldintzei”. Langileek eurek ere, egoerari aurre egiteko, greba egitea beste aukerarik ez zuten, Jone Irureta UTE Miramon 2014ko langile eta ELAko delegatuak dioenez: “Badirudi azken urteetan diputazioak murrizketak aplikatzeko politika bat izan duela, eta enpresa hauei ez zaie inolako tarterik gelditzen hobekuntzak egin ahal izateko. Beste irtenbiderik ez dugun momentua iritsi da”.

Lan baldintzei dagokienez, Gipuzkoako eraikuntzaren hitzarmeneko baldintzak dituzte. Tenak dioenez, itunak sei urte daramatza geldirik; beraz, “langileen baldintzetan ez da inolako hobekuntzarik egon urte hauetan”. Lau urtean behin sartzen dira zerbitzura aldi baterako enpresa elkarteak, eta horietara subrogatzen dira langileak. Iruretaren arabera, arazoa duela zenbait urtetatik dator: “Gure lan espezifikoa dela eta, urte askotan eraikuntza hitzarmenaren barruan egon gara, baina badaude gauza asko itun horrek hartzen ez dituenak. Nahi genuke hori erregulatzea, eta guretzako neurrira eginda egongo litzatekeen hitzarmen bat lortzea, bai alde ekonomikoan, bai bestelako arloei dagokienez”. Besteak beste, soldata igoerak, plusak eta erreformaren kontrako klausulan jasotakoa betetzen dela berma dadin nahi dute.

Eragina herritarrengan

Errepideetan askotariko lanak egiten dituzte langileok: garbiketa eta mantentzea, mantentze elektrikoa, errepideko gertakarien artapena, neguko errepide planak, abisu eta gertakarien kudeaketa, tunelen zaintza… Horregatik, herritarrei “barkamena” eskatu die Tenak, grebaren ondorioz sor daitezkeen arazoengatik. “Ulergarria da herritarrak minduta egotea, baina haiek gu ulertzea nahiko genuke. Mantentze lan hauek denon zergekin ordaintzen direla esaten diegu, eta kontziente izan behar dira adjudikazioak okerrak direla”.

Greba oihartzun handia izaten ari da. Lehen egunean, esaterako, deialdiak %98ko babesa jaso zuen, batik bat bulegoetako langileak lanera joan zirelako; errepideko langileek, berriz, %100ek egin zuten greba. Hala ere, ziurtatu dute gutxieneko zerbitzuak errespetatzen ari direla, eta diputazioari eta enpresei ere hala egiteko eskatu die sindikatuak: “Bestela, publikoki eskatuko dugu enpresa horiei kontratuak eteteko”. Iruretak azaldu duenez, grebak gidarientzat ez dakar arriskurik, hitzartu dituzten gutxieneko zerbitzuak direla eta: “Abisuak, bideko garbiketa garrantzitsuenak eta abarrak beteko dira, baina eguneroko mantentze lanak ez ditugu egingo, larrialdiak bakarrik”.

Negoziatzeko eskatu

Urritik hona hainbat bilera egin dituzte langileen ordezkariek enpresetako zuzendaritzekin, baina Tenak dioenez, ez dira bat etorri. “Ez dugu ahaztu behar enpresak direla zerbitzu honetan sartu direnak, beraiek dira sartu diren zerbitzuaren erantzule”. Diputazioko ordezkariekin bildu zirenetik hilabete igaro da: “Geroztik ez dugu haien erantzunik jaso”.

Arazoa “serioski” plantea dezala eskatu dio Iruretak aldundiari: “Onartu du arazoa badagoela, baina ez du oraindik soluziorik emateko pausorik eman, ez alternatibarik eman. Diputazioak pauso bat noiz emango zain gaude”. Negoziatu, eta enpresa eta langileentzat baldintzak onak adostu ditzatela nahi dute. Aldundiak, ordea, joan den astean adierazi zuen hiru enpresei eta sindikatuei dagokiela negoziatzea, eta bilera horiek dakartenaren zain egongo dela. Haren egitekoa gutxieneko zerbitzuak bermatzea dela gaineratu zuen, eta hala izango dela ziurtatu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.