“Pentsioak publikoak, duinak eta parekideak izatea nahi dugu”

“Pentsioak publikoak, duinak eta parekideak izatea nahi dugu”

Aimar Maiz

Gipuzkoako pentsiodunen eta erretiratuen elkarteen plataforma lanketa bat egiten ari da alderdi politikoekin. Espainiako hauteskundeetako kanpainan eskariak eta hartu beharreko neurriak jakinarazi zizkien; Batzar Nagusietako hautetsiekin ere egon dira. Pentsio sistema publikoaren defentsa, pentsioen beheko muga 1.080 euro izatea, eta emakumeena parekatzea aldarrikatu ditu Miguel Gortarik. Euskal pentsio sistema sortzea ez du egingarri ikusten, “oraingoz”.

Alderdi politikoekin harremanak hasi ditu Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformak. Segitzeko asmoa baduzue?

Bai, eta gehiago orain, hauteskunde autonomikoei begira, iristear daude eta. Lagundu dezaten behartu behar dira alderdiak. Gipuzkoa da gure eremua, baina Euskadi osora berdin zabal liteke.

Nolako harrera egin dizuete?

Kanpaina garaian, oso ona. Gure pentsioen alde ari gara borrokan, baina baita aurki edo luze gabe pentsiodun izango direnengatik ere. Orain 50-60 urte bitartean eta 40-50 bitartean dituztenen kasuak dira horiek. Pentsioak antolatu beharra dago. Estatuak bermatutakoak dira, eta, zeregin hori baldin badu, baliabide ekonomiko guztiak jarri beharra dauka irauteko. Kotizazioekin bakarrik ordaindu ezin baditu, estatuaren aurrekontu orokorretara jo dezala.

Ez zarete pentsio plangintza pribatuen aldekoak.

Estatua ere lehentasunak ipintzen ari da jendeak pentsio pribatuak egin ditzan. Nola egingo du jendeak pentsio pribatua, 1.000-1.200 euro irabazten badu, seme-alabak baditu eta etxea ordaintzen ari bada? Ezin du. 2.500 eurotik gora irabazten dutenek egin dezakete. Pentsio pribatuen errentagarritasuna oso duda-mudakoa da. Kobratzera joan eta ezer gabe geratu direnak badira, zer eta diru hori bankuak hondoratu diren bonuetan inbertitu duelako. Estatuak bermatutako pentsio publikoak behar dira.

Nolako pentsioa izan behar du, duina izan dadin?

Publikoak, duinak eta parekideak izatea nahi dugu. Euskadin, muga 1.080 euroan jarri dugu, Europako Gutun Sozialak hor jarri duelako Euskadirako pobreziaren marra. Espainian, 1.000 euro da, nahiz eta azkenaldian 896 euro den pentsioen batez bestekoa. Euskadin, 1.110 euro da batez besteko pentsioa.

Euskal pentsio sistema eskatzen dute zenbait sektorek eta alderdik. Egingarria da?

Gogoa badago, baina, oraingoz, ez dut ikusten. Nahia da bat, baina ez dakit ahal den. Abenduaren 31n, Euskadin 533.000 pentsiodun zeuden. Batez bestekoa 1.110 euro da, eta 591,6 milioi euro dira horiek, hilero. Hamalau ordainketa direnez, urtean 8.282,8 milioi euro. Uste dut Eusko Jaurlaritzak badituela gauza garrantzitsuagoak egiteko, Pentsioen Kutxa hartu eta hori ordaindu baino. Baina denborarekin izan liteke. “Pentsioak hemen” esatea oso polita da, baina errealista izan behar da, eta oinak lurrean. Orain goizegi da; aurrerago, ikusiko da.

EAJk euskal gizarte segurantza sortzeko nahia adierazi du.

Bai. Duintasuna elkartea ere horren aldekoa da. Baina egin kontu hauteskunde kanpainan gaudela ia, eta bakoitzak botatzen dituen aldarriak dira, nahi duzuna eta gehiago eskainiz. Ez dut uste orain denik momentu egokiena.

Baina, estatuan, pentsioen Erreserba Funtsa ukiezina bazen ere, aldian aldiko gobernuak gordailuko dirua beste inbertsio batzuetara bideratu izan du. Nola ikusten duzu hori?

Erreserba Funtsa 2000. urtean eratu zuten. Gizarte Segurantzaren altxortegiak izaten dituen soberakinekin hornitzen da. Kotizazio asko zeudenean, diru sarrerak gastuak baino gehiago ziren, eta irabaziak funtsera joaten ziren. Garai txarrak etorriz gero, aurre egiten laguntzeko sortu zuten. Baina gobernuek, sozialistenak lehenengo, PPrenak orain, pentsio kutxa horretan eskua sartu dute. Aldian aldiko gobernuen txanpondegia izan da.

Zenbat diru atera dute Erreserba Funtsetik pentsioak ordaintzeko ez diren beste egiteko batzuetarako?

2000tik 2014ra, kotizazio gabeko pentsioetan bakarrik, 44.000 milioi euro gastatu du gobernuak. Beste horrenbeste gutxiengoen osagarrietan. Mundu guztiak sartu du hor eskua. Kutxa horrek orain 39.000 milioi dauzka, baina 120 edo 130 mila milioitan egon behar zukeen.

Hain zuzen, plataformatik egin dituzuen sei eskarietatik bat Erreserba Funtsa berriz osatzea da, atera den dirua itzultzea.

Funtsera sartu gabe geratu diren diruak osatzeko eskatu diogu gobernuari. Enplegua sustatzeko neurriak —500 euroko laguntza, tarifa laua…— funtseko diruarekin ordaindu zituzten. Estatuaren aurrekontu orokorretik ordain dezatela. Azken urteetan ere bidegabeki atera dute hortik dirua. Alegia, sortu zutenerako izan ezik, beste edozertarako erabili dute. Gaur egungo egoera larria leuntzeko soilik erabili izan balute, Erreserba Funtsa nasaiagoa izango zatekeen, eta bizi itxaropen luzeagoa izango zukeen.

Pentsioak ordaintzeko sistema arriskuan ikusten duzu?

Ni baikorra eta errealista naiz. Pentsioak ez dira agortuko. Beste gauza bat da jaitsi egingo diren. Zeren, jakina, lehen KPIaren arabera eguneratzen ziren, baina oraingo FAI eta koefiziente horiek ez dute ezertarako balio. Orduan, plataformakook nahi dugu pentsio duinak izatea, eta pobreziaren marra baino beherago dauden kopuruetakoak ez izatea. Urtero egunera ditzatela pentsioak, eta KPIaren arabera. Hau da, kalakarik ez. Horrela arnasa gehiago eta erosmen handiagoa izango dugu.

Gauza bat dira alderdien kanpainako promesak, eta beste bat benetan zer egiten den gero. Zer espero duzue zuek?

[Espainiako] Gobernua nola osatzen den, hor dago gakoa. Toledoko Ituna nola geratzen den ikusi nahi dugu. Euskadin, EAJko, EH Bilduko eta Ahal Dugu-ko arduradunekin hitz egin dugu, diputatu guztiekin. Erkidegoko hauteskundeetan ere egongo gara. Pentsioak Madrilen esku daude, baina hemengo erakundeek ere zeresan handia dute, gutxieneko duintasun bateraino osa ditzaketelako Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, aldundiek eta batzar nagusiek. Alderdietan arreta jarrita segituko dugu.

Emakumeen pentsioak gizonenekin berdintzeko esan duzue.

Emakumeen pentsioen alde ere ari gara borrokan, baita soldatekin ere. Zeren, jatorriz mespretxagarria den soldata batek pentsio mespretxagarria ekartzen du. Emakumeek diskriminazio handiagoa dute soldatetan; gizonena baino %26 txikiagoa da. Soldata arduratsuak eta parekideak nahi ditugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.