32 urte, eta atzo balitz bezala

32 urte, eta atzo balitz bezala

Julene Frantzesena

Martxoaren 22an, 32 urte beteko dira Pasaiako segada gertatu zela. Egun hartan, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek.

Hainbeste urte pasatu arren, kasua argitzeke dago oraindik; are gehiago, auzia artxibatu du Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, “delitu zantzuak badaude ere, nork egin zuen ez delako frogatu”. 1984ko martxoaren 22an Pasaian hildako Kurroren eta Pelitxoren anaia eta arreba dira, hurrenez hurren, Peio Aizpuru (Azpeitia, 1963) eta Arantxa Isart (Azpeitia, 1958). Haiek diotenez, “garai hartan bezalaxe, pena, inpotentzia eta amorrua” sentitzen dituzte, “berdin” jarraitzen dutelako. “Urteak pasatuta eta froga nahiko garbiak egonda, ulertezina da kasua ezin dela argitu entzutea”, dio Isartek. Ildo beretik hitz egin du Aizpuruk ere: “32 urte pasatu dira, baina atzo balitz bezala da guretzat. Senideak hil zituztenetik izan dugun ezina eta sufrimendua latzak izan dira, eta horiek gainetik kendu ezinik gaude”.

“Ikertzeko interes falta”

Joan den otsailaren 27an, agerraldia egin zuten segadan hildakoen senideek, Pasai Donibanen. Han Miguel Castells abokatuak esandakoa ekarri du gogora Aizpuruk: “Franco hil zenetik egon den estatu krimenik handiena da hau, eta kontua da estatuak eta Poliziak inoiz ez duela beren burua ikertzen. Ikerketa haien esku denez, dena esana dago”. Hala uste du Isartek ere: “Poliziak deklaratzera deitu dituztenean, bat ez zegoela han, bestea ez dakit non zela… Espainiako Gobernua dago tartean nahastuta, Polizia inplikatuta, eta nola ikertuko dituzte, ba, beren buruak! Hilketa batzuk daude tartean”.

“Dena zintzo eta legearen barruan egin bazuten, zer arazo dute deklaratzeko? Batzuek deklaratu zuten, eta esan zuten beraiek ez zirela izan. Baina horiek ez al dakite zein lankide zituzten eta nortzuk joan ziren Pasaiara? Ez dute nahi gogoratu; ez zaie komeni”, azaldu du Aizpuruk. Gogoratzen du esan zutela orduko gobernadore zibilak, Julen Elgorriagak, Pasaian gertatutakoaz garai hartan emandako bertsioa zela “benetakoa eta bakarra”. Haren ustez, ez da kasualitatea 1983ko azaroan, Pasaiako hilketak gertatu baino hilabete batzuk lehenago, Lasa eta Zabala bahitu eta hil izana. “Gobernadore zibilak ahalbidetu zuen Lasa eta Zabala hiltzea; han izan zen, eta ez zuen ezer egin bidegabekeria hura gelditzeko. Garaiak halakoxeak ziren, baina, sasoi hartan, bertsio ofizialak Pasaiakoa enfrentamendua izan zela zioen. Jendeak hori du gogoan, baina gobernadorearen kontuak-eta ez”.

“Nazkatuta gaude”

Aizpuruk dioenez, “nazkatuta” daude: “Noiz egin behar dute zerbait? Ikaragarria da kasu honetan epaileek hartu duten jarrera. Paco Etxeberria auzi medikuak egin zituen hildakoen autopsiak, eta esan zuen posta kartutxoekin egindako hainbat tiro zituztela. Gure abokatuak epaileari eskatu zion probak egiteko; izan ere, zenbat metrora egin zieten tiro frogatzeko, peritu eta balistika azterketak egin behar dira. Baina epaileak ez ditu probak egin. Horiek ez baditu egin, nola izango du epaileak ikertzeko eta egia jakiteko asmorik?”.

Azaldu duenez, 2001ean, Etxeberriak berriz deklaratu zuenean, esan zion epaileari beste autopsia bat egiteko, “lagungarri” izan zitekeelako kasua argitzeko: “Hori ere ez dute egin. Autopsiak zehatz dio Delasen kasuan tiro bat behetik gora egina zela. Hori horrela izanda, eta poliziak hamabi metrora goitik behera ari baziren tiroka, nola liteke bala garun azpitik sartu eta kopetatik ateratzea? Ezin liteke. ‘Beharbada erorita egongo zen ordurako’, esan zigun behin batek, eta Etxeberriak erantzun zion: ‘Hori erremateko tiroa da'”.

Pasaiako segadaren kasuan, Joseba Merino, handik bizirik atera zen kidea, lekuko zuzena dela azpimarratu du Aizpuruk. “Hark dena ikusi zuen. Poliziaren bertsioa eta Merinorena daude, eta autopsia gehiago gerturatzen da Merinoren testigantzara. Dena den, poliziek esan dezakete Merino terrorista bat dela eta pelikula bat kontatu duela, baina… Tiroak entzun zituztenen lekukotzak ere badira, eta baita zerbait ikusi zutenenak ere. Horiek guztiak eta Merinok kontatutakoa norabide bereko lekukotzak dira”.

32 urtez gorabeherak

Pasaiako hilketen ostean abiatu zuen ikerketa Donostiako Lurralde Auzitegiak. Handik bi urtera itxi zuten auzia behin-behinean lehenengoz, 1986an; baina ikertzen jarraitzea galdegin zuen epaitegiak, kasua ez zegoelako preskribatuta. Ordutik, hainbat gorabehera izan du auziak. Hildakoen senideen arabera, “2006tik hona ez da ezer egin, ez dago-eta ezer egiteko borondaterik”.

Joan den otsailean, berriz, kasua artxibatzea erabaki zuen epaitegiak, eta helegite bana jarri dute hildakoen senideek eta Azpeitiko Udalak. Gainera, udaleko bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, auzia ez artxibatzea eskatzeko eta hildakoen senideei babesa emateko mozioa onartu zuten, aho batez, joan den martxoaren 1eko udalbatzarrean.

Oraindik ez dakite helegiteek zer erantzun izango duten, eta ezta kasua itxiko duten ere: “Azken urteetan bezala jarraitzeko, igual, hobe itxita. Horrela, beste bide batzuk jorratuko ditugu”. Izan ere, kasua behin betiko itxiko balitz, ez dute baztertzen Espainiako Auzitegi Konstituzionalera edo Europako Giza Eskubideen Epaitegira jotzea. “Jarraitzeko asmoa dugu, baina oso gogorra da. Castells berak esan zuen joan den asteko agerraldian ez garela geldituko, eta prentsaurrekoa bukatzean malkoak atera zitzaizkion, hunkituta zegoen. Segitu behar dugu, bai, baina hark ezagutzen ditu epaitegietako kontuak, eta inpotentzia daukagu. Izan ere, kasua zabaldu, itxi, probak aurkeztu, urtebete pasatu, kasua artxibatu, helegitea jarri, eta ezerk ez du aurrera egiten”.

Dena den, Aizpuruk dio “tristea” dela etsipenez hitz egitea: “Inork ez du ezer esaten gaiaz. Inork ez du iritzirik ematen. Tristea, benetan, hori da. Segada gertatu zen garaiko politikariek garbi esaten zituzten ‘fusilatze bat izan da’, ‘GALekoa bezalakoa izan da…’ edo ‘heriotza zigorraren aplikazioa izan da, in situ‘ gisakoak. Hilketa hitza erabiltzen zuten. Garai hartan, horrela hitz egiten zen, eta, gaur egun, isilik egon eta beste aldera begiratzen dute”.

Horri ñabardura eginez, halakoak esan zituztenak “segituan isildu” zirela dio Isartek. “Berehala isiltasuna sortu zen, eta gehiago inork ez zuen ez ezer esan eta ez ezer egin. Beraz, hitz haiek ez gaituzte ez inora, ez ezertara eraman. Esan horiek ez dute inor behartu deklaratzera edo ikertzera; presiorik ez da egon”.

Hitz egiteko eskaera

Hitz egin beharra azpimarratu dute Isartek eta Aizpuruk, baita Pasaiako segadan hildakoen familien abokatu Santiago Gonzalezek ere. “Garai hartako politikariei eskatzen diegu mesedez hitz egiteko”, diote.

PSOEko Jose Bonok liburu batean Pasaiako segadari egiten dio erreferentzia, eta hura gogoratu du Aizpuruk: “‘Bazkaria Joaquin Leguinarekin […]: eta kontatu dit Enrique Casas senatari sozialista hil zutenean bilera bat egin zutela EAJrekin, eta PSOEko gureek, Danborenea buru zela, [EAJkoei] esan zietela ulertzeko erreakzionatu egin behar zutela, eta, gau batean, hiltzaileek Bidasoa zodiak batekin gurutzatzen zutenean, beren merezia izan zutela’. EAJkoekin bildu zirela dio, eta agian mendeku bila zebiltzala esan zieten. Garai hartan Euskadi Buru Batzarrak kaleratu zuen oharrean gogor zioen ‘galdetzen dugu hau guztia aurrez prestatuta ez ote zegoen’. Hori eta Bonok dioena bat datoz. Beraz,badira kasua beste alde batetik bizi izan zuten pertsonen testigantzak. Gainera, ziurrenik politikari horiek bizirik egongo dira, eta hitz egin behar lukete”.

Egia eta aitortza

“Orain, politikariek bakeaz eta bizikidetzaz hainbeste hitz egiten dutenean, gu ahaztuta eta baztertuta gauzkate. Hori da 113 balek eragindako zaurietan gatza botatzea. Oraindik eta gogorrago egiten dute egoera. Ez da erraza sentitzen duguna adieraztea”.

Auziaren tirabirak tarteko, eta bide judiziala agortzear zela ikusita, euren artean Arartekora edo instituzioetara jotzeaz hitz egin izan zutela azaldu dute. Pausoa, baina, joan den urtarrilean eman zuten. “Orain arte ez dugu jo, ez zuela merezi uste genuelako, baina gugana ez da inor etorri; inor inoiz ez”.

“Garai berriak direla eta”, Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutura jo zuten duela pare bat hilabete: “Hango pertsona batekin hitz egin, eta biktimen sailera bideratu gintuzten. Han esan ziguten poliziaren biktimen kontua lantzen ari direla Eusko Legebiltzarrean, eta hiruzpalau hilabetera kaleratuko duten zerrendan ez bagaude erreklamatzeko aukera izango dugula. Esan genien gurekin inork ez zuela hitz egin, eta zerrendan sartu edo ez aztertzeko baliagarri izan dakizkiekeen nahikoa froga bagenituela eta oso garrantzitsua iruditzen zaigula harremana edukitzea. Baina urtarrilean izan zen hori, eta, gaur arte, ez dugu deirik jaso”.

Eusko Jaurlaritzak herriz herri egindako Bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak txostenean, gehiago ikertu beharreko kasuetan agertzen direla diote: “Baina gehiago nork ikertu behar du?”. Aranzadiren eta Azpeitiko Udalaren Sufrimendu Mapan ere gehiago ikertu beharreko kasuetan agertzen dira.

“Bere garaian, danbateko handia izan zen, eta ez genuen hitz egiteko ganorarik ere. Ez zitzaigun hitzik ateratzen”, dio Isartek. Orain, berriz, “nahiz eta judizialki justiziarik ez den egingo, jendeari gertatutakoa jakinarazi” beharra dagoela diote. Horregatik, uste dute “oraingoek eta ondorengoek” gertatutakoa jakiteko garrantzitsua izango dela Pasaiako segadaz bi azpeitiar gaztek egingo duten dokumentala.

Urteotan “krudelkeriaren beste alde bat ere” ezagutu dutela dio Aizpuruk: “Isarten ama duela bi urte hil zen, eta aita hilda dago. Gure aita duela hiru urte zendu zen, Delastarren aita Gabonen bueltan hil da… Gure amak 32 urtean ez du semearekin zerikusia zuen ekitaldi batean ere parte hartu. Sufrimendu ikaragarria dauka barrenean, eta ez du nahi izaten. Lehengoan agertu zen aurrenekoz prentsaurrekoan, eta hilaren 19ko ekitaldira joateko esanaz ari naiz. Esan diot negar pila egingo duela, baina nola ez du ba egingo, neuk egiten dut eta. Gurasoak hiltzen ari dira, eta kasua argitu gabe dago. Pena horrekin ari zaizkigu joaten”.

Isartek dio “ahal den guztia” egingo dutela egia, justizia eta erreparazioa lortzeko: “Kasuarekin lotura duen edo izan dezakeen inor epaitu, behintzat, ez dutela egingo oso argi daukat. Asko hitz egiten da orain egiaz-eta, eta guk horixe eskatzen dugu. Hitz politak dira, baina egiaren bila lan egitea garrantzitsua da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.