Erretiroan, borroka bikoitza

Erretiroan, borroka bikoitza

Eider Goenaga Lizaso

Felix Casadok zailtasun handiekin igo ditu eskailerak. Arnasestuka, hamar eskailerako tartean bi edo hiru geldialdi egin behar izan ditu. Lazkaon ibiltzeko, motor elektriko bat jarri diote, edozein aldapa txiki gainditu ezinezko oztopoa baita harentzat. Baina, oztopoak oztopo, gaurkoa egun seinalatua da Casadorentzat. Izan ere, duela bost urteko martxoaren 18an, kirofanora sartu zuten, bertatik bizirik ateratzeko %20ko probabilitate eskasarekin. Biriketako minbizi “oso txar” bat topatu zioten eskuineko birikaren erdi-erdian, eta ebakuntzan birika osoa eta perikardio zati bat kendu behar izan zioten.

“Bizirik jarraitzeko apustua” egin zuen orduan Casadok, eta horretan segitzen du. “Bost urte asko dira. Gurea bezalako kasuetan, bizi itxaropena sei hilabete eta bost urte artekoa izaten da”, gehitu du Felipe Cuñadok. Cuñadori iaz egin zioten ebakuntza, hari ere biriketako minbiziagatik. Mendian ibiltzeko ohitura handia zuen Cuñadok, minbizia topatu zioten arte; orain, maldarik gabeko tokietan baino ezin da ibili. Minbiziaren jatorriari buruz, zalantza izpirik ez. “Orain dela 40 urte Olaberriko Aristrain fabrikan lan egindako zortzi urteak. Nik ez dut ordutik harreman gehiago izan amiantoarekin, eta nire gaitza amiantoaren ondorio zuzena da”, azaldu du Casadok.

Casado eta Cuñadorekin batera, Julian Garcia eta Jose Robles agertu dira Hitza-rekin eginiko hitzordura. Garciak eta Roblesek ez zuten lanean amiantoarekin harremanik izan, baina galdaragintzan egin zuten lana biek, eta soldadurako gasen eraginez gaixotu dira. Garciari biriketako minbizia antzeman zioten iaz. “Zorterik handiena nik izan dut”, gaineratu du Roblesek. Izan ere, Robles da lauren artean minbizia izan ez duen bakarra. “Oraingoz”, zehaztu du. “Neumologoak esan zidan lana aldatzen ez banuen oxigeno botila bizkarrean nuela ibili beharko nuela. Enpresari postu aldaketa eskatu, eta erantzuna ezezkoa izan zen”. Erretiroa hartu zuen orduan.

GEPEren kanpaina

GEPE Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteko kideak dira laurak, eta gaixotasunak eragindako zailtasunak gorabehera, modu aktiboan ari dira parte hartzen elkarteak gaixotasun profesionalen inguruan abiatu duen kanpainan, eta baita Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartean (Asviamie) ere.

Antton Karrera GEPEko koordinatzailea lagun dutela ari dira batera eta bestera mugitzen, hitzaldiak ematen, euren errealitatea azaltzen eta amiantoarekin eta beste gai toxikoekin lan egin duten langileen artean kontzientzia pizten. “GEPEn konturatu ginen erretiratu ostean jende askori ari zitzaizkiola jatorri profesionaleko minbiziak eta bestelako gaitzak diagnostikatzen, eta gaitz horiek triskantza ari zirela egiten gure artean. Zerbait egin behar genuen, eta kanpaina jarri dugu martxan”, azaldu du Karrerak.

Kanpaina ez da soilik amiantoarekin lan egin dutenentzat. “Egia da amiantoak eragiten duela gaixo gehien, baina Euskal Herriko lantegietan minbizia sortzen duten gai asko erabili da —silizea, soldadurako gasak, disolbatzaileak…—, eta erabiltzen da”. Eta horiei guztiei egiten die deia, mugi daitezen eta erretiroaren osteko osasun azterketak eska ditzaten.

Izan ere, jatorri profesionala duten gaitz asko gai toxikoekin kontaktua izan eta urte askotara agertu ohi dira —Casadoren kasuan, adibidez, 40 urtera—, eta langile asko eta asko erretiratuta daudenez, enpresako ohiko azterketarik ez dago haientzat. “Asviamie elkartekoak saiatzen gara amiantoarekin lan egin izan dutenak Osalanen protokoloan sartzen; Euskadin, hiru lurraldeetan, 7.000 lagun daude sartuta. Baina, askoz gehiago izan beharko lukete, eta GEPEren kanpaina horiei begira ari gara egiten”, azaldu du Casadok.

“Ni naiz prebentzioak eta Osalanen bidez egiten diren osasun azterketek duten garrantziaren adibidea”, gehitu du Cuñadok. 2007an sartu ziren Cuñado eta beste hainbat langile Osalanen protokoloan, eta ordutik urtean behin egin dizkiote azterketa espezifikoak. “Eta 2014ko irailean egindako azterketari esker nago bizirik orain. Oso minbizi azkarra zen nirea, asko zabaldu zen epe motzean, eta azterketa bi hilabete geroago egin izan balidate, hilerrian nengoke orain”.

Hala, GEPEk Osalanera bideratzeko, aldiriko osasun azterketak bermatzeko, eta Gizarte Segurantzan gaixotasun profesionala onartua izateko laguntza eta aholkularitza eskaini nahi duela dio Karrerak. “Arazo nagusia langileak amiantoarekin edo bestelako gai toxikoekin lan egin duela frogatzea da; behin hori frogatzen denean, ikuspegi juridiko-legaletik ez dago arazorik Gizarte Segurantzan ezintasun absolutua onartzeko”. Karreraren arabera, asko borrokatu da hori hala izan dadin; lehen, zailtasun askorekin lortzen zen ezintasunaren onarpena, baina orain, errazagoa da.

Ezintasunaren onarpena ia berehalakoa da enpresa desagertuta dagoen kasuetan. “Enpresa existitzen ez denez, astebetean onartu zidaten gaixotasun profesionalak eragindako ezintasun absolutua”, azaldu du Garciak. Enpresak jarraitzen badu, bidea konplexuagoa da. Casadoren kasuan, mutualitateak bi helegite jarri zituen, eta kasua EAEko Auzitegi Nagusiraino heldu zen. “Noski, enpresa ez badago martxan, Gizarte Segurantzak ordaintzen du pentsio osoa; baina, enpresak jarraitzen badu, ezintasun absolutuari dagokion diferentzia mutualitateak ordaindu behar du”, azaldu du Casadok. Karrerak, horren harira, nabarmendu du herritar guztien dirutik ordaintzen direla enpresa askok egindako kaltearen ondorioak, eta hori “iruzurra” dela.

Kalte-ordainik ez

Ezintasunaren onarpena eta horri dagokion pentsioa kobratzea gauza bat da, ordea, eta bestea, langileak dagokion kalte-ordaina lortzea. Enpresarik ez badago, kalte-ordainik ez dago. Enpresa baldin badago, hark ordaindu behar du, bere garaian hartu ez ziren segurtasun neurriengatik atzerapen moduan. “Baina hori oso zaila da. Niri abokatuak esan zidan 30 milioi pezeta [180.000 euro inguru] kobratu beharko nituela, baina ez dut dirurik ikusi”, azaldu du Roblesek. Casadoren kasuan, Espainiako Auzitegi Gorenean dago Arcelor Mittalek ordaindu beharko liokeen kalte-ordainaren kasua. “Joan den hilean onartu zidaten prestazioen errekargu bat, baina ez dizut esango zenbatekoa den, helegitea jarriko dutelako, ziur”.

Hain zuzen ere, kalte-ordainik izango ez duten horientzat konpentsazio funts bat sortzea da GEPEren, Asviamieren eta kaltetutako langile ohien aldarrikapen nagusietako bat. “Gure osasuna itzuli ezin digutenez, gutxienez laguntza bat litzateke hiltzeko garaian”, dio Cuñadok, eta baita gure alargun eta seme-alabentzat ere”, gehitu du Roblesek. “Kontua da Eusko Jaurlaritzak esaten duela ez dela bere eskumena, eta Espainiako Gobernuari eskatzen dio funtsa sortzeko. Nik ez dakit nork sortu behar duen, Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, mutualitateek edo enpresek, baina ezinbestekoa da lehenbailehen sortzea. Eta askorentzat, gainera, beranduegi izango da”.

Funtsak berebiziko garrantzia izango luke, Cuñadoren arabera, senarraren arropak garbitzeagatik gaixotu diren emakumeentzat. “Hemen, Bergaran hildako emakume bati aitortu diote gaixotasun profesionala. Kontua da pentsiorik ez dagokiola, ez duelako inoiz kotizatu. Kalte-ordaina gizonaren enpresak ordaindu beharko lioke. Baina, zer gertatzen da enpresa itxita badago? Nork ordaintzen dio?”.

Amiantoarekin gertatutakoa ondo olioztatutako sistema baten ondorio dela dio Cuñadok, langilearen bizitzari baliorik ematen ez dion sistema baten ondorio. “Terrorismoaren biktimak omendu dituzte gaur [martxoaren 11n egin zen elkarrizketa], eta nik aldarrikatu nahi dut gu ere terrorismoaren biktimak garela. Etorriko zenaren jakitun izan arren, enpresek gauzatu zutena, mutualitateek babestu zutena, eta laneko inspektoreek ahalbidetutakoa; izan ere, denek zekiten amiantoak minbizia sortzen zuela”. “Eta horri gehitu behar diozu bere garaiko agintariek eta gobernuek, batez ere frankismo garaian, onartu zutela, beste alde batera begiratu zutela, babestu zutela. Legeak egin arren, ez baitziren inoiz bete”, gehitu du Karrerak. Eta gobernu askori egozten die ardura GEPEko kideak. Izan ere, amiantoari buruzko lehen arauak 1940koak ziren, baina hura erabiltzeko debekua ez zen 2001eko abenduaren 30 arte indarrean sartu.

Gobernuen eta, batez ere, enpresen arduragabekeria hori orain garesti ordaintzen ari dela nabarmendu dute bostek. Orain, milaka langile ohi ari dira gaixotzen, milioika eurotan zenbatzen dira pentsioak eta kalte-ordainak. “Prebentzio neurriak ez hartzeagatik, begira orain zein garesti ari garen ordaintzen. Eta enpresak ere bai, enpresa baten iraupenarentzat ere ez baita gozoa orain kalte-ordainak ordaindu behar izatea. CAFen, adibidez, 30 bat dira orain arte amiantoaren ondorioz hildakoak, eta dirutza bat da kalte-ordainetan”, azpimarratu du Casadok.

Cuñadoren iritziz, enpresek amiantoaren eta bestelako gai toxikoen eraginak epe luzera agertzearekin jokatu nahi izan zuten. “Haiek oso ondo zekiten zeintzuk ziren ondorioak, baina bazekiten denbora asko pasatuko zela ondorio horiek agertu arte. Zenbat jende hil den asbestosia [amiantoaren gaitza] zuela jakin gabe, eta biriketako minbizia zerk eragin zion jakin gabe! Zorionez, zientziaren aurrerapenak ahalbidetu du orain kasu hauek guztiak azaleratzea, eta gaixotasunak amiantoaren eraginez sortu direla frogatzea”.

Etorkizunarekin kezkatuta agertu dira laurak. Ez euren etorkizunarekin, ordea, amiantoaren ondorioek ekarriko duen etorkizunarekin baizik. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, urtean 107.000 lagun hiltzen dira munduan, amiantoaren eraginez, eta kopuru hori handituz joango da. “Puntu gorena 2025-2030en iritsiko da, eta hori izugarria da”, amaitu du Cuñadok.

Leave a Reply

Your email address will not be published.