Denboraldi berezia, oroz gain

Denboraldi berezia, oroz gain

Julene Frantzesena

Denboraldia bukatzeko partida baten faltan dira Añares Rioja ISBkoak. Emakumeen Lehen Ligan denboraldi gogorra baina gogoangarria egin ostean, bihar, larunbata, IDK Gipuzkoaren aurka jokatuko dute azken neurketa. Matematikoki mailaz jaitsita badira ere, denboraldi hasieran jarritako helburuak bete dituzte ISBkoek. Hala diote Eider Bereziartua (Azpeitia, 1991), Maitane Gurrutxaga (Azpeitia, 1991), Intza Lizarazu (Azkoitia, 1991) eta Irati Etxeberria (Azpeitia, 1992) jokalariek eta Joseba Lizarralde Rubio entrenatzaileak (Azpeitia, 1967).

Larunbateko neurketarako “izugarrizko gogoarekin” dira, eta irabaziz agurtu nahi dute emakumeen goreneko maila. “Derbia jokatuko dugu, eta irabazteko gogoz gaude. Orain arteko moduan ariko gara, eta ederra litzateke irabaztea; bereziki, donostiarrei irabaztea”, azaldu du Bereziartuak.

Denboraldi bukaera aldera arte garaipenak arrotz zitzaizkien Añares Riojako neskei. Matematikoki mailaz jaitsi zirenean lortu zituzten, baina, lehen bi garaipenak. Lizarazuk dioenez, “kasualitatea” izan da: “Garaipenak ez dira iritsi mailaz jaitsi eta erlaxatu garelako. Partida denetan presiorik gabe atera gara kantxara”.

Bi garaipen horiek direla eta, emaitza txarren historian ez sartzea lortu dutela diote, barre artean.”Ez zen arraroa izango partida guztiak galtzea, baina ez da hala izan, eta gaitz erdi. Saskibaloiaren historian sartuko ginatekeen denak galduta; izan ere, Emakumeen Lehen Ligan ez dago sekula partidarik irabazi ez duen talderik. Arriskuan ibili ginen, baina ez gara saskibaloiaren historia negatiboan sartu. Hori bai, historia positiboan sar gintezkeen etxeko jokalari gehien dituen taldea izateagatik. Hiru jokalari ez beste guztiak Azpeitikoak eta Azkoitikoak dira, eta ligako talde batzuek, Espainiako jokalari kopuruari eusteagatik, 40 urteko delegatuari egin diote fitxa”, esan du Lizarraldek.

Emakumeen talderako hiru fitxaketa egin zituen Iraurgi Saskibaloi Taldeak denboraldi hasieran. Lizarazuk dioenez, inoiz ez zuten fitxaketarik egin taldean, baina “oso ondo” moldatu dira taldekide guztiak. “Fitxaketak egiterakoan, saiatu ginen etxeko taldekideen adin inguruko jokalariak aukeratzen; izan ere, 24 urte inguru dituzte taldeko kide denek, eta ez genuen nahi 33 urteko jokalari bat ekartzea taldera”.

Esperientzia “positiboa”

Orain artekoekin alderatuta, denboraldi oso desberdina izan dute ISBkoek. Prestaketak, joko maila eta partidak jokatzeko egindako bidaiak izan dira alde nabarmenenak. “Hasieran, Emakumeen Lehen Ligan jokatuko genuela jakin genuenean, ez genekien partidetan borroka egiteko gai izango ginen. Gustura gaude, borroka egin dugulako eta, azkenean, bi partida irabazi ditugulako. Taldeko kideek ikusi dute borrokatzeko gai direla, eta asko hobetu dira jokoari dagokionez”, esan du Lizarraldek. Jokalariek ere ildo beretik hitz egin dute denboraldiaz, eta, Etxeberriak azaldu duenez, “oso aberasgarria” izan da: “Asko ikasi dugu; beste maila bateko liga da. Erraz esaten da, baina egin egin behar da zazpi orduko bidaia autobusean, jakinda 50 puntuz galduko duzula”.

Gurrutxagak dioenez, lehen mailan jokatzeko aukera izate hutsa “ederra” izan da. Izan ere, berez, Espainiako Bigarren Mailan jokatzea zegokion Iraurgiri, joan den denboraldian mailaz igo zirelako. Zilarrezko mailatik kanpo gelditu zen taldea, izapide guztiak garaiz ez entregatzeagatik. Baina talde batek uko egin zion Emakumeen Lehen Mailan jokatzeari, eta han eman zuten izena Iraurgikoek. Gurrutxagak dioenez, aldaketa handia izan da: “Ikustea iaz non eta nola geunden, eta urtebetean zenbat aldatu diren gauzak: ederra izan da esperientzia”.

Helburuak ondo baino hobeto bete dituzte Iraurgikoek. Bereziartuak esan duenez, hasierako beldurra ere gainditu dute partidek aurrera egin ahala: “Hasierako kezka zen partidaren bat galduko ote genuen 50 puntuz baino gutxiagoz. Neurketa askotan justu ibili gara, borrokatu gara, eta horrekin ja gustura ginen. Gainera, bi partida irabazi ditugu. Beraz…”.

Lizarraldek azaldu duenez, beste klubetako entrenatzaileek-eta oso ondo hitz egin izan diote gidatzen duen taldeaz. “Esan digute izugarrizko meritua dugula egin dugunagatik, partidak borrokatzeagatik. Bi herri txikitako kideek osatutako taldea gara, etxeko bederatzi jokalarirekin, eta esperientzia handirik gabeko hiru fitxaketarekin aritu gara. Jendeak egin dugun lana goraipatu du”.

Zaleen beroa

Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak zaleak izan ditu bidelagun denboraldi osoan eta, batez ere, etxeko neurketetan. Bereziartuak dioenez, horixe izan da denboraldiko onena: “Ikaragarria izan da kiroldegia bete-bete eginda ikustea, eta egiten genuena egin, beti animatzen aritzea”. Haren arabera, herritarrek berek baino kezka handiagoa zuten partidarik ez zutelako irabazten. “‘Aupa, animo e!, hurrengoa irabaziko duzue-eta’ esaten ziguten kalean, edo inoiz saskibaloi partidarik ikusi ez duenak esan izan digu oso ondo pasatu zuela gure partida ikusten. Horrek asko motibatzen du”.

Lizarralderen arabera, Azpeitiko kiroldegia da proportzioan zale gehien elkartu den kantxa: “Salamancan ere [Espainia] afizio ikaragarria dago, eta Gernikan ere jende asko joaten da, baina… Pentsa, Zamorako [Espainia] Zamaratek Azpeitian jokatu zuenean hango egunkari batean ‘Zamarat bizirik irten da Azpeitiko infernutik idatzi zuten. Han jendea lasai-lasai egoten da partidari begira, eta hemengo giroarekin harritu egin ziren”.

Añares Rioja ISBko kideek ez dute inoiz ahaztuko Lehen Mailan bizitakoa. Haiek diotenez, maila horretan aritzeko pribilegioa eduki ostean, iaz baino beldur gutxiago dute datorren denboraldian Bigarren Mailan aritzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.