Musika eskola, instrumenturik gabe, hutsa

Musika eskolek, musika tresnarik gabe, ez dute zentzurik. Jada hainbat instrumentu badituzte, baina gehiago behar dituzte. Horregatik, dei egin diete herritarrei etxean sobran dituztenak eskolaren esku uzteko.

Badituzte txarangarako instrumentuak, trikitiak, panderoak, dultzainak, atabalak… Baina arazoa da, eskaera hainbestekoa izanda, ikasle guztientzat musika tresna bermatzeko arazoak izan dituztela. Hainbestekoa izan da musikari izan nahi dutenen harrera, musika egiteko gailu gehiago behar dituztela. Horri, baina, Proisaren filosofiarekin bat datorren irtenbide eman diote.

“Gure arteko bileretan, jendea komentatzen hasi zen etxean saxofoiren bat, beste batek klarinete bat, hirugarrenak aspalditik gordea zuen beste instrumentu bat zuela… Eta ziur horiek bezala sanpedrotarrek badituztela musika tresnak etxean gordeta eta erabilerarik gabe. Horregatik, deialdia egin dugu musika tresna horiek guztiak guri emateko, donazio edo mailegu moduan”.

Eskola herritarraren arduradunek esan dute ondo-ondo zainduko dituztela instrumentuak, horien jabeek ez dutela inolako ardurarik izan behar horrekin. Horrela, horiek emateko eguna eta ordua ere jarrita daukate Proisa mugimenduko lagunek: apirilaren 4an, 17:00etatik 20:30era jasoko dituzte, Erti aretoan.

Izan ere, Proisako kideen ustez, sanpedrotarrek kalejira dute zainetan: “Diana dugu iratzargailutzat, eta txaranga kuadrillatzat”. Hori horrela izanda, ziur daude jendeak maileguan emango dizkiela behar dituzten instrumentuak. “Jada asko ditugun arren, behar ditugu. Ikasle askok eman dute izena, eta horien beharrak ase behar ditugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.