“Uste dut ez nintzatekeela ni naizena izango Andoainen jaio ez banintz”

Eider Goenaga Lizaso

Musikazuzenean egitasmoaren koordinatzailea da Koldo Otamendi Kojo (Andoain, 1973). Instrumentu bat jotzea kenduta, musikaren munduan “denetik” egin duela dio, eta musikarekiko zaletasun eta lotura hori Andoaingoa izango ez balitz ez lukeela izango.

Nola deskribatuko zenuke Andoain?

Herri arraro bat dela esango nuke. Esango genuke bi herri direla herri bakarrean bilduta. Batetik, goiko aldea dago, bere giroarekin eta bere ezaugarriekin; eta, gero, beheko aldea, beste giro bat duena. Ez dago zentro bat, herri askotan dagoen bezala. Bi zentro daude, eta gero auzoak daude, edozein herritan bezala.

Zergatik dago bereizketa hori?

Esan liteke beheko aldea euskaldunagoa dela, herritarragoa; goiko aldean bizi diren asko, aldiz, 60-70eko hamarkadan lanera etorritakoak dira, eta, horrek eraginda, beste giro bat dago, nolabait esateko, erdaldunagoa. Eta jaietan ere badago ezberdintasuna: goian, sanjoanak dira festak, eta jai instituzionalagoak dira, formalagoak; beheko aldean, santakrutzak ospatzen dira, maiatzean, eta jai herrikoiagoak dira; herritarrek sortu eta kudeatzen dituzte.

Andoainen biziko ez bazina?

Elorrion biziko nintzateke gustura. Han izan naizenetan, beti gustatu izan zait hango giroa, antolakuntza aldetik eta. Lagun asko ditut han. Gero, musikazale gisa, Gasteiz asko gustatzen zait, musika ikuspegitik bizitza handia duen herri bat delako: areto asko daude, gaztetxea, kontzertuak programatzen dituzten tabernak…

Eta atzerrian?

Ba, ez dakit oso ondo. Agian, Berlinek sortzen dit jakingura edo ikusmin pixka bat. Ez naiz sekula egon, baina beti hitz egiten da han musika aldetik dagoen eskaintzaz, alternatibotasunaz.

Andoaindik zer gustatzen zaizu gehien eta zer gutxien?

Ez dakit. Gehien gustatzen zaidana, agian, Andoain badela herri bat gauzak topatzen dituzuna. Ez da festa handia dagoen herri bat, baina beti aurkitzen duzu txoko bat edo taberna jatorren bat goizalde arte egoteko. Bestalde, aukera asko ematen dituen herri bat da; oso ondo komunikatuta dago. Eta kultur eskaintza ez da sekulakoa, baina egiten dira gauzak. Bastero dago, gaztetxea ere bai… Eta natura maite duenarentzat, hor dago Leitzaran ere. Eta gutxiena, ba, ez zait ezer bururatzen…

Andoaingo txoko bat aukeratzeko esango banizu…

Ez daukat txoko bat besteak baino gehiago nabarmenduko nukeena. Nik uste dut edozein txoko dela ona, lagunekin egon eta zerbeza batzuk hartzeko aukera ematen badizu. Eta, horretarako, agian, Kale Nagusia da topagune onena. Azken urteetan ari da bere xarma hori galtzen; gero eta taberna gutxiago daude, baina, bueno, toki ona da.

Andoainek musikari eta musika talde ugari eman izan ditu. Zergatik ote?

Nire kasuan, zehazki, nik uste dut ez nintzatekeela ni naizena izango Andoainen jaio ez banintz. Alegia, ni oso gaztetatik ibili naiz gaztetxearen inguruan. 12-13 urte genituela ja joaten ginen gaztetxera kontzertuak ikustera, hasieran kanpotik, eta gero barrutik, eta, han, 1980ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hasieran, ezagutu genuen musika bizitzeko era bat. Eta nik horri esker garatu nuen nire musikotasuna. Ez dut inoiz musika tresnarik jo, baina musika munduan beste guztia egin dudala esan daiteke: argazkilari izan naiz, irratian ibili naiz, idatzi dut, kontzertuak antolatu ditut… Denetarik egin dut. Eta kultura hori sortu zitzaidan gaztetxean ibiltzeari esker, talde asko ezagutu ahal izan genituelako. Beraz, niretzat oso inportantea izan da musikarekin izan dudan harremana, eta hori ez zen posible izango Urnietan edo Hernanin edo beste herriren batean jaio izan banintz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.