[Herriz herri] Antzuola. Balioa ez da dirutan bakarrik neurtzen

[Herriz herri] Antzuola. Balioa ez da dirutan bakarrik neurtzen

Maite Alustiza

Proiektuez eta asmoez hitz egitean, dirutan pentsatzen dugu beti”. Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak dioenez, udalak badauzka martxan aurrekontuan jasotako hainbat inbertsio, noski, baina baita “dirutan neurtzen ez diren” beste zenbait kontu ere.

Ur parke bat egitea da, dirutan, udalaren asmo handiena. “Ez daukagu igerilekurik, eta, modu honetan, uda aldean gune bat izateko aukera emango diegu gaztetxo eta familiei”. Sagasti auzoan jarriko dute, eta eskuz sakatuta martxan jartzen diren ur jolasak izango ditu. “Jauregiko kontuak astiro” doazen arren, alkateak ziurtatu du uztailerako prest izango dutela, eta ahal bada, ekainerako, uda hasterako.

Ur parkearena “obra bat da, azken finean”. Bestelako balioa duten egitasmoen artean udalekuak aipatu ditu Kortabarriak. Urtero egiten dituzte, eta askotariko balioak sustatzen dituzte: euskaraz aritzen dira, haurrek elkarren artean jolasten dute… Aurten, gainera, “esperimentu txiki, polit eta merke bat” egingo dute: Aiherra (Nafarroa Beherea) herriko haurrak gonbidatuko dituzte udan. Bi herriak senidetuta daude 1984tik, eta Antzuolan bada Iparraldeko herri horren izena duen kale bat ere. “Konturatu gara senidetza hori belaunaldi batean badagoela, baina hortik aurrera ez dagoela sekulako harremanik. Ezagutza bultzatu nahi dugu, aste batez edo pare bat astez hemengo etxeetan egon daitezela… Harremanak asko sendotu daitezke”. Senidetu zirenetik, ekintza ugari egin dituzte bi herriek; adibidez, Gaubela aihertarren jaia Antzuolan egin izan dute, eta Aiherratik Antzuolara arteko maratoia ere egin zuten: 140 kilometro, 24 orduan, eskuz esku lekuko bat eramanez.

Gaur egun, 2.180 biztanle inguru ditu Antzuolak. “Gorago” egon zen. Kortabarriak dioenez, inguruan etxeak garestitu, eta kanpoko jendea herrira joan zen bizitzera, baina gero askok martxa egin dute berriro.

Bergara oso gertu dute, baina “oinarrizko zerbitzu denak” badituzte herrian. Tamaina txikia izateak, gainera, bestelako aukera batzuk ematen dizkie. Aurten, esaterako, martxan jarriko dute lehen sektoreari begirako proiektu pilotu bat. “Helburua izango da jakitea ea Antzuolan posible izango litzatekeen baserritik bizitzeko bideak irekitzea”. Udalak beste hiru erakunderekin jardungo du, elkarlanean: Gipuzkoako Diputazioarekin, Eusko Jaurlaritzako Hazi departamentuarekin eta Debagoieneko Landa Garapenerako Elkartearekin. Aurten diagnostikoa egingo dute, eta horren arabera zehaztuko dute zein bidetatik jo beharko litzatekeen lehenengo sektorea indartzeko. Egin daitezkeen egitasmoen artean, adibide bat jarri du: “Goizper enpresara joan —han egunero 200 bazkari ematen dituzte—, haiekin hitz egin, eta proposatu: Zergatik ez dituzue erabiltzen Antzuolako baserritarren produktuak zuen menuan?”. Antzuolak daukan tamaina edukita, kontrolatzeko eta bideratzeko moduko proiektu bat da, Kortabarriaren ustetan: “Gertutasunak ematen du horretarako aukera, eta, hain zuzen ere, horregatik aukeratu dute Antzuola”.

Azpiegituren atalean, eskola handitzeko proiektu bat dute bidean. “Oraingoa justu xamar dago”. Dagoeneko adostua dute Hezkuntza ordezkaritzarekin lanak hurrengo udan edo bi uda barru hasiko direla. Kortabarriak uste du komenigarria dela eskola handitzea, daukaten ikasketa sistema kontuan hartuta: “Konstruktibismoan oinarritutakoa da, hau da, haurrek gaiak lantzen dituzte, eta, horren arabera, edukiak. Bakoitza bere irtenbideak topatuz doa, irakaslearen laguntzarekin. Halako sistema batek espazio beharrak-eta ezberdinak dauzka”. Behar horiek aintzat hartu ditu Hezkuntza Sailak handitzea onartzeko.

Autobidearen ondorioak

Autobidearen obrek eragina dute herrian: “Hankaz gora dago ingurua, mendia puskatuta dago, dena suntsitu da, eta zain gaude. Badakigu gertatzen diren gauzak direla, eta, oraingo honetan, guri tokatu zaigu”. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, Antzuola eta Bergara lotzen dituen errepidean urte amaierarako hasiko dituzte lanak, eta 24 hilabete iraungo dute. Horrela, osatuta geratuko da Gipuzkoako Biribilgunea errepide sarea.

Kaltea “itzela” da herriarentzat: “Estetikoa, urekin lotutakoa, lur mugimendu asko izan da…”. Baina, horretaz gain, beste azpiegitura eta zerbitzu batzuk ere kaltetzen ditu: “Autobidea egiten dutenean, herri ondotik pasatzen den trafikoaren parte bat handik joango da, eta, gainera, hori egiten den egunean, Bergara-Antzuola bidegorria egingo da. Gas naturalaren hoditeria ere, Bergaratik Antzuolara ekartzeko, horrekin batera doa”.

Garraio loturei dagokienez, berriz, ez dute “aparteko arazorik” Iruñera, Gasteizera, Bilbora eta Donostiara joateko. Eskualdean mugitzeko, martxan daukate zerbitzu zirkularra: Antzuola, Bergara, Oñati, Urretxutik buelta… Zirkularra abian jarri zutenean, areagotu egin zizkieten zerbitzuak, baina, egun, “arazotxo bat” dute Antzuolatik Bergarara joan nahi izanez gero. “Bergarara hiru kilometro daude, zazpi bat minutu autobusean. Baina zazpi minutu izan daitekeena hogei minutuko bidaia bihurtzen da. Iristen da Bergarara, pasatzen dira geltoki ondotik, eta ematen diote buelta osoa Bergarari”. Kortabarriak azaldu duenez, ez dago prestatuta norabide horretan jendea jaitsi ahal izateko; auto ilarak sortzen dira, jaisteko tokia ere ez da segurua… Horregatik erabaki zuten aldatzea. Arazoa konpontzeko eskatu du udalak.

Bestelako kezken artean, hondakin kontuak ditu udalak. Garrantzia ematen dio kale garbiketari, eta baita birziklatzeari ere: “Birziklatzearen aldeko apustu argia egina daukagu, garbi daukagu birziklatu behar dela nahitaez; gainerako guztiak apaingarriak eta negozioak dira. Auzokonposta ere bultzatzen dugu”.

Alde horretatik, herritarrak sentsibilizatzeko hainbat ekintza egiten ari dira, “nolabait ere, beraiek parte senti daitezen gauzak ondo egiten ari direla”. Buruan ere badituzte beste zenbait: “Plastikoa batzeko eguna, adibidez. Eskolan landu umeekin, antolatu egun bat, herritarrekin plastikoa batu, bereizi…”

Leave a Reply

Your email address will not be published.