“Gazte oso gutxi ikusten zen saioetan”

“Gazte oso gutxi ikusten zen saioetan”

Maite Alustiza

Herrian bertso eskolarik ez zegoen artean, baina bazen mugimendua Lasarte-Orian. Patxi Etxeberria herrikideak, esaterako, urteak zeramatzan Euskal Herriko plazetan kantatzen, eta erreferentzia zen inguruko bertsolari askorentzat. Honela kantatu zion Unai Muñoa bertsolari lasartearrak, 2009an egindako saio batean: “Nik romantiko jarri nahi nuke/ Patxirekin zor bat daukat/ bertso eskolara etortzen baita/ eta hartzen gaitu aintzat/ ta helarazi nahi nizkioke/ musu eta besarkadak/ berari esker dakidalako/ dakidanaren zati bat”. Earra bertso eskola sortu zutenetik 25 urte dira aurten. Ttakun euskara elkartean zebilen lagun talde batek hasi zuen bidea.

“Euskararen bueltan zegoen beste elkargune bat zen”. Hasieratik aritu da bertso eskolan Joxe Kruz Labaka (Zubieta, 1962); lehenengo, ikasle gisa, eta, gero, bestelako saltsetan. Gogoan du hasieran zortzi-hamar laguneko taldea elkartzen zirela: “Arraro samarra zen Lasarten bertso eskola izatea, baina jendea juntatu ginen”. Garai hartan, bazebiltzan hainbat talde inguruan: Hernanin, Usurbilen, Goierri aldean, Tolosa aldean, Zarautzen…

17-18 urteren bueltako lagunak elkartu ziren Lasarteko eskolan, baina baita 30 ingurukoak ere. “Bakoitza ama baten seme-alabak ginen, ezberdinak; kuadrilla berekoak bi-edo egongo ziren”. Lokal batean biltzen ziren hasieran, eta kultur etxean gero. Xanti Zabala Lexo-rekin hasi ziren ikasten: “Oinak oso poliki ikasiz hasi ginen; idatziz egiten genuen, gainera. Noizbait, bateren bat ausartzen bazen, bertsoa nolabait borobildu, eta bota egiten zuen”. Pixkanaka, batzuk bat-batean hasi ziren, txapelketetan-eta parte hartzen: Andoni Otamendi, Pablo Suberbiola… Beste batzuek bestelako kontuei heldu zieten, Labakak bezala: epaile, gai-jartzaile… “Bertso eskoletan ez dute zertan denek bertsolari atera”. Gerora, beste hainbat lagun izan zituzten irakasle: Eusebio Igarzabal, Nikolas Zeberio…

Bertso eskolan batu ziren gehientsuenak bertsozaleak ziren, baina orduko eta oraingo zaleak ezberdinak direla dio Labakak: “Arraro samarrak ginen. Duela 25-30 urte, gazte oso gutxi ikusten zen saioetan. Gertatu izan zait Usurbilgo festetara joan eta bertso saioan gazteak ni eta beste pare bat izatea. Gero, buelta eman diogu, eta eskerrak!”.

Labakaren arabera, herrian beti egon izan da bertsozaletasuna: “Lasarten beti ezagutu ditut bertso saioak; festetakoa beti egon da, eta, horrez gain, baita bertso afariak ere”. Bereziki gogoratzen ditu Mattin eta Lazkao Txiki elkartzen ziren saioak, Xalbador eta Mattin, Xabier Amuriza… Gaur egun ere, askotariko saioak antolatzen dituzte herrian: udaberrian saio berezi bat egiten dute, bestelako diziplinekin nahastuta. “Beti arrakasta izan du”. Festetako saioa ere ezberdina izaten da: desafio moduko bat antolatu izan dute, santa eskean ateratzen dira…

25 urteko ibilbidean, gorabeherak izan ditu bertso eskolak: “Oso urte onak izan dira, jende askorekin; gero izan dira bi taldeko urteak ere; geroxeago, gazte batzuk sartu dira, inguruko herrietako batzuk ere etorri dira… Normala da, batzuk badoaz, gero berriro bueltatu egiten dira…”. Hainbat urtean helduen bertso eskola bakarrik izan dute, baina, azken urteetan, martxa onean ari dira gaztetxoekin.

Aldatu dira garaiak. “Orain ia herri guztietan daude bertso eskolak, eta bertsolariak orain badira erreferente bat ere; orduan ere bai, baina ez hainbeste”. Labakak gogoratu duenez, bertso txapelketako finala Karmelo Balda pilotalekuan egiten zen lehen, Donostian: “Ez zeukan zerikusirik oraingoarekin. Han gehienez 800-1.000 pertsona kabituko ziren, eta begira orain”. Telebistan eta irratian ere gehiago zabaltzen da: “Lehen, irratian egoten zen zerbait, baina, orain, prentsan bertsolariak agertzen dira, eta, bertsolari izateaz gain, idazle dira, dantzari…”. Ikasle eta irakasleen maila eta prestakuntza ere handiagoa dela azaldu du Labakak. “Hezkuntza arautuan ikastetxe gehienetan ematen da orain bertsolaritza, eta askoz ere prestatuagoak daude”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.