“Prezioa da puntu ahulena”

“Prezioa da puntu ahulena”

Maite Alustiza

Gaur ez da antxoetara ontzirik aterako. Azken asteetan asko arrantzatzen ari dira, eta, salmentak dezente merkatzen ari direnez, hala adostu dute Kantauriko kofradiek. “Ostirala izaten da egunik txarrena salmentarako prezio aldetik, eta horregatik hartu da erabaki hori”. Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioko idazkariak azaldu duenez, kuota kontsumitzen doa pixkanaka, eta ez dute kanpaina “azkarregi moztu nahi”. Asteazkenean, esaterako, Ondarroako (Bizkaia) salmentak eten behar izan zituzten, guztientzat kutxarik eta izotzik gabe geratu zirelako —milioi bat kilo porturatu ziren—. Aste honen ondoren, berriro balorazioa egingo dute kofradiek; arrantza nola doan ikusten joango dira, eta horren arabera hartuko dituzte erabakiak.

Ondo doa antxoaren kanpaina. Arrantzak erregularki egiten ari dira, eta barku gehienak egunero ekar dezaketen gehieneko kopurua ekartzen ari dira: ontzi handiek 10.000 tona antxoa arrantzatu ditzakete; txikiek, berriz, 8.000 tona. Era berean, arrantzaleak gertu harrapatzen ari dira antxoa, eta hori ere positibotzat jo du Garmendiak: “Egoera onean dagoenez, antxoa zabal dago, gertu kostatik. Horrela gastu gutxiago izaten dira”.

Kanpainari alde txarrik ateratzekotan, bat aipatu du Garmendiak: “Prezioa da puntu ahulena”. Dioenez, gorabeherak daude antxoaren tamainaren arabera, baina orokorrean ez da oso ona izaten ari. Kofradien federazioak emandako datuen arabera, antxoa oso handiak lau edo bost euroan egon daitezke, baina batez bestekoa bi eurotik beherakoa da, 1,30 eta 1,50 euro artekoa. “Bi eurotik gora ondo legoke, baina hori ere tamainaren arabera. Oraingoz egon da fabrikatarako antxoa, lehengo urtean kexatzen ziren, baina prezioan ez dugu ikusten alderik egon denik iaztik”.

Arrantzaleek oraindik ez dakite zenbateko kuota izango duten. Bruselak iaz egin zuen banaketa kontuan hartuta, Espainiari 22.500 tona antxoako arrantzua dagokio, baina Madrilek ez du oraindik erkidegoen artean kuota banatu. Uneotan Madrilekin negoziatzen ari dira kuota zehatzaren inguruan; aste honetan bilerak izan dituzte. “Aldaketa bat eskatzen dugu. Guk kudeaketa plan bat adostuta daukagu frantses arrantzaleekin eta zientzialarien babesarekin, eta plan horretan baditugu formula batzuk non kuota hori igotzen den”. Esperantza badauka Garmendiak: “Aukera badago, eta hori baliotu nahi dugu. Komite kontsultiboan administrazioaren aldetik hori baliotzen bada, gero tramite administratiboa bakarrik geratuko litzateke”.

Kuota igo ahal izateko arrazoien artean, arrantzaren egoera ona aipatu du Garmendiak, biomasaren eta stockaren aldetik. 2005. urtetik 2009ra debekatuta egon zen antxoa arrantzatzea, asko gutxitu zirelako, baina azken urteetan susperraldia izan du: iazko datuen arabera, antxoaren biomasa 142.000 tonakoa da Bizkaiko golkoan, kopururik handiena 1987. urtetik. “Biomasak balio historikoak eman ditu bai iaz eta bai aurten, eta horren baitan ikusten dugu aukera badagoela zerbait gehiago arrantzatzeko. Gauzak gaizki daudenean denok egin behar dugu esfortzua gauzak murriztuz; ba, ondo daudenean ere zergatik ez. Aukera gehiago baldin badago, aprobetxatu egin behar dugu”.

Berdela eta hegaluzea

Berdelaren kanpaina martxoan hasi zen, eta azkenetan da. “Kuota oso mugatua daukagu, erraz betetzen da. Gutxi batzuei geratzen zaie zerbait arrantzatzeko, baina laster bukatutzat emango dugu”. Prezioei dagokienez, iazkoarekin alderatuta “zertxobait” igo dela dio Garmendiak, baina “oso gutxi”. Urteko lehen berdelak kiloko 0,77 euroan saldu zituzten, batez beste.

Hegaluzearen kanpaina, berriz, uztailean hasiko da. Iazkoa betez gero pozik leudekeela dio Garmendiak. Iaz guztira 5 milioi kilo hegaluze harrapatu zituzten —2014an 2,9 milioi eta 2013an 3,6 milioi—. Stocka ondo dago, Garmendiaren arabera, baina hegaluzearen kanpaina beti dute kezka: “Itsasoak agintzen du. Hegaluzea migratorioa da, eta batzuetan gehiago sartzen da golkoan, besteetan urrutiago dago… Ikusi beharko da”.

Maiatzean urtebete da Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek Euskal Kofradien Federazio Nazionala sortu zutela. Sektorearen interesak elkarrekin defendatzeko batu ziren, eta elkarlana bide onetik doa: “Kuoten banaketan, berdelarena eta txitxarroarena elkarrekin kudeatu ditugu, eta hori positiboa da. Gure berezitasunak ditugu alde batean eta bestean, baina gero eta harreman hobea dago euskal arrantzaleen artean, eta horrek eramango gaitu elkartasun osora”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.