Txikiek egin arren, handia

Eider Goenaga Lizaso

Miren Mujika Tolaretxipi musika irakasleak (Andoain, 1969) Villabonan, Anoetan eta berriro Villabonan eman zituen musika eskolak atzo. Altzora ere joaten da, eta Alegian ere ematen ditu eskolak. “Astelehenak dira niretzat egunik nahasienak. Villabonan hasten naiz, eta handik Anoetara, gero Irurara, eta berriro Villabonara, atzera Irurara joan, eta Anoetan bukatu”. Pianoa, musika hizkuntza eta abesbatza ematen ditu Mujikak. Aldamenean eserita Ixak Oiartzabal Urretabizkaia dago (Errenteria, 1969); saxofoi, perkusio eta bandako irakaslea da, eta Loatzo musika eskolako zuzendaritzako kidea ere bai. Biek ala biek musika instrumentuak dituzte lanabes. “Baina etxetik irtetean inoiz ahaztu ezin duguna autoko giltza da”, azpimarratu du Oiartzabalek.

Izan ere, Loatzoko musika eskola, bakarra izan arren, zortzi herritan dago: Irura, Anoeta, Ibarra, Aduna, Zizurkil, Villabona, Altzo eta Alegia. 19.500 biztanle inguru batzen dituzte zortzi herriek, eta Loatzo musika eskolak 701 ikasle ditu —populazioaren %3,5—. “2002an, hasi ginenean, 300 bat ikasle genituen; orain, 701. Asko da, Tolosako musika eskolan ere ez daude hainbeste ikasle”, dio Mujikak. 2006-2007ko ikasturtean gainditu zuen Loatzok 600 ikasleren langa, eta ikasturte honetan 700 ikaslekoa. Loatzo sortu zenetik, ikasle kopuruak etengabe egin du gora. Hurrengo urteko kopurua laster zehaztuko dute, astelehenean hasiko baita ikasle berrien matrikulazioa —barrukoena jada amaituta—.

Sorrera

Loatzoren sorreratik beretik dabil Mujika han lanean. “Lehenagotik ere bai”, dio. Izan ere, Anoetako musika eskola da Loatzoren ernamuina, eta Mujika hango irakaslea zen. 2002-2003ko ikasturtean eman zituen lehen pausoak Loatzo musika eskolak, eta sortze prozesuan buru-belarri aritu zen Mujika. “1983-1984tik bazegoen musika eskola Anoetan, eta hura legeztatzeko hainbat ahalegin egin genituen Eusko Jaurlaritzan. Musika eskola arautzeko, ordea, gutxieneko tresna kopuru bat eskaini behar zen, eta ez ginen iristen”.

Behar horri inguruko hainbat herritan sortutako interesa eta mugimendua gehitu zitzaizkion. Villabonan bazegoen musika eskola, baina musika tailerra, gitarra eta pianoa bakarrik ematen zituzten. “Zizurkilgo ikasleak Villabonara joaten ziren, eta Irurakoak, Anoetara, baina udalek diru pila bat ordaindu behar zuten ikasle bakoitzeko”. Ibarrako ikastolak eta bertako gurasoek, bestalde, herrian musika ikasketak eskaintzeko interesa agertu zuten. “Hala, Anoetako irakasleok pare bat urte egin genituen Villabonara eta Ibarrara joaten, han eskolak ematera. Baina egoera oso irregularra zen”.

2001. urtearen bueltan ekin zioten proiektu berria martxan jartzeko gogoetari. “Musika eskola sortzeko mankomunitate publiko bat sortu zen. Lehen urtean, 2002-2003an, Anoeta, Zizurkil, Ibarra eta Villabona sartu ziren, eta besteak pixkanaka joan dira gehituz, zortzi herriko mankomunitatea eratu arte”.

Loatzoren sorrerak eta herri gehiagok mankomunitatearekin bat egiteak musika eskola txiki bat handi egin dute. “700 ikasle eta 22 irakaslerekin, Irura batean edo Altzo edo Aduna batean, ikasleek ia-ia Donostiako kontserbatorioan izango luketen adinako musika-tresna aukera dute, herritik irten gabe. Instrumentu familiak kontuan hartuta, familia guztiak ditugu, eta, gainera, kontserbatorioan ematen ez diren eta gure-gureak diren tresnak ikasteko aukera ere badago: trikitia, alboka…”. Herri guztietan instrumentu guztiak ikasteko aukera dago, berdin Villabonan —6.000 biztanle inguru—, berdin Altzon —400 biztanle inguru—.

Loatzorekin batera hazi da ikasleen kopurua herriotan, eta, ondorioz, baita zaletasuna ere. Altzon, adibidez, 51 ikasle ari dira aurten musika eskolan —zortzi biztanletik bat ari da musika ikasten—. “Irurakoak Anoetara joaten zirenean, ez ziren dozenara iristen”, oroitu du, bestalde, Mujikak. Egun, 85 ikasle daude matrikulatuta Iruran. “Dudarik ez dago: Loatzo sortu ez balitz, herri hauetan ez zen hainbeste ikasle izango”.

Hiru hankako finantzaketa

Udalen musika eskola guztien modura, Loatzoren finantzaketak hiru hanka ditu. “Eusko Jaurlaritza, udalak eta gurasoak. Baina diru gehiena udalek jartzen dute. Jaurlaritzari heren bat dagokio, baina urteak daramatza hori bete gabe; ez dakit inoiz bete duen”, azaldu du Oiartzabalek. “Gehienez ere %25era iritsi zen urte batean”, gehitu du Mujikak. “Kontua da Jaurlaritzak diru poltsa bat duela eta diru hori banatzeko lehentasun irizpideak jartzen dituela. Adibidez, urte batean Musikeneko obra baldin badago, obra horretara doa diru gehiena, eta musika eskolei gutxiago iristen zaie”. Oro har, erakundeen atzetik ibili behar izaten dutela dio Mujikak, eta erakundeek jartzen ez dutena gurasoek jarri behar izaten dutela. “Aurten %5 igo da matrikula; jada Tolosakoaren mailan gaude”.

Mujikak uste du musika eskolek ez dutela kultur jarduera bat diren neurrian merezi duten aitortzarik. “Nik argi daukat: Loatzo beste mota bateko proiektu bat balitz, kultura ez dena, askoz diru laguntza gehiago jasoko zukeen erakunde guztietatik, beste oihartzun bat izango zukeen… Ez zaio ematen merezi duen balioa”.

“Ezta duen balio soziala kontuan hartzen ere”, gehitu du Oiartzabalek. Perkusio irakaslearen esanetan, Loatzon garrantzi handia ematen zaio taldekako lanari. Musika instrumentuarekin hasten direnek, bakarkako eskolak hartzeaz gain, taldeko dinamikak ere lantzen dituzte —bandan, instrumentu taldeetan…—. “Antzeko adina duten gazteak dira, baina herri ezberdinetakoak, eta hori oso aberasgarria da; eskualdeko harremanak estutzen ditu”.

Ikasleak

Horrekin ados daude Garazi Otegi (Villabona-Amasa, 1999) eta Xumai Aizpuru (Alegia, 2000) ikasleak ere. Musika tailerretan hasi ziren biak, 5-6 urterekin. 8 urterekin hasi ziren musika tresna jotzen: Otegik, pianoa; eta Aizpuruk, perkusioa. Otegik uste du musika eskola herrian izan ez balu ez zela hain txikitan hasiko. “Azken batean, gurasoek proposatu zidaten Loatzon hastea; Tolosara edo Donostiara joan beharko banu, ez dut uste gurasoek hain txikia nintzenean proposatuko zidatenik musika ikasten hastea. Beraz, aukera paregabea da Loatzoren moduko eskola bat izatea”. Herrian bertan egiten ditu entseguak Aizpuruk, eta bandarekin jotzera Irurara joaten da. “Ondo dago, herrian ikas dezakezulako, baina beste herrietara joatea ere aberasgarria da. Nik lagunak egin ditut bandan. Hogei bat izango gara, adin bertsukoak, baina herri ezberdinetakoak, eta harreman bat sortzen da”.

Otegik eta Aizpuruk musikarekin jarraitzeko asmoa dute, baina ez musikari profesional gisa. Musika eskolatik kontserbatoriorako pausoa emango dutenik ere ez dute uste. “Afizio gisa bai, ofizio gisa ez”, dio Aizpuruk. “Musika oso gustukoa dudan arren, ez dut neure burua profesional gisa ikusten”, Otegik.