Lagun egitea baita laguntza

Lagun egitea baita laguntza

Eider Goenaga Lizaso

“Niri esaten didatenean azterketa bat gainditu dutela, hunkitu egiten naiz. Muxuak eta besarkadak… Kontaktu fisiko hori pila bat gustatzen zaie. Esklusibotasun hori sentitzea… ez baitaude ohituta. Etxe batean gazte asko bizi dira, eta oso ondo zainduta daude; batzuetan txundituta gelditzen naiz zer lan egiten duten beraiekin. Baina ez daukate esklusibotasunik. Eta nirekin daudenean, sentitzen dute ni naizela beraientzat bakarrik, eta beraiek direla niretzat bakarrik. Hori nahi dute, eta gustatzen zaie: goraipatzea, hunkitzea, sentitzea gure bizitzaren parte direla… eta hala dira”. Elixabete Rikondok bi neska izan ditu iloba: 15 urtekoa bat, familia biologikoarekin itzuli zena eta oraindik harremana mantentzen duena; eta 13 urtekoa bestea —egun, Izeba proiektuaren barruan—.

2009an sortu zenetik Izeba egitasmoan parte hartu duten 130 osaba-izebetako bat da Rikondo. Ana Esnaola bezala. Hitza-n Izeba proiektuari buruzko hitzaldi bat zegoela irakurri, hara joan, eta berehala hartu zuen erabakia. “Nik ere nahi dut iloba bat”. 16 urte zituen Rukshar Ahamed gazte pakistandarrak Esnaolak egitasmoan parte hartzeko pausoa eman zuenean. Egun, gazteak 19 urte ditu, eta jada ez daude egitasmoaren barruan, baina eusten diote oraindik harremanari.

“Ume eta gazte hauentzat plus bat garela iruditzen zait. Daukaten errealitate horretatik kanpora, harrera zentrotik kanpora, goxotasun bat jasotzen dute; zentroan dituzten betebehar, arau eta ordutegietatik kanpora, osaba-izebek zerbait ezberdin egiteko aukera ematen diegu, kapritxo batzuk ematen dizkiegu”. Osaba-izebek ilobekin egiten duten bezala, araurik eta betebeharrik gabeko aisialdi denbora bat eskaintzen zaie gaztei. Batzuetan, nahikoa da lagun egitea, etxeko sofan jarri eta telebista elkarrekin ikustea, edo erosketak egitera elkarrekin joatea, elkarrekin bazkaldu edo afaltzea; beste batzuetan, osaba-izebek iloba zinemara, hondartzara edo ezohiko zerbait egitera eramaten dute. “Guk ematen diegun jarraibidea da gauza bereziegiak ez egitea. Gauza normalak egin behar dira; umeak eta gazteak zure bizimodura atxiki behar dituzu. Azken finean, normaltasun hori bizi ahal izatea da egin nahi diegun eskaintza, familia giro natural eta ohikoan bizitzea”, azaldu du Izeba proiektuaren arduradun eta Baketik-eko kide Kristina Soaresek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Baketik fundazioak 2009an egindako hitzarmenaren fruitua da Izeba proiektua. Diputazioaren babes sistemaren barruan eta bere tutoretzapean dauden ume eta gazteei eskaintzen zaien bitarteko bat da. Harrera zentro edo etxeetan dauden adingabeekin izeba edo osaba rola betetzen duten familien sare gisa definitu du Soaresek egitasmoa. “Programa hau 2009an jaio zen, gazte atzerritar asko iritsi zelako Gipuzkoara familiarik gabe. Behar horri erantzuteko bitarteko gisa sortu zen, gazteei familia giroa eskaintzeko, eta, aldi berean, haien inguruan zegoen irudi eta pertzepzio ezkor hori hausteko”, azaldu du Soaresek. 6 eta 17 urte arteko ume eta nerabeek har dezakete parte programan, nahiz eta haien egoera ez den beti bera izaten. “Guk bereizketa egiten dugu, ez hainbeste atzerriko eta bertako umeen artean, baizik eta familiak hurbil dituztenen eta urrun dituztenen artean”. Familia gertu dutenak, gehienak bertakoak, 2012an hasi ziren egitasmoan parte hartzen.

Osaba-izeben bila

2009tik, 130 familia eskaini dira ilobak hartzeko, baina kopuru hori ez da nahikoa, eta foru aldundia eta Baketik fundazioa boluntario gehiago lortzeko kanpaina betean dabiltza. Gaur egun, hogei adingabe daude osaba-izeba familia bat izateko zain; 14-17 urte bitartekoak dira horietako hamabost. Soaresek azaldutakoaren arabera, uneotan, nerabeen adin tarte hori hartuko duten boluntarioak behar dituzte batik bat. “Guk, normalki, ez dugu lehentasunik jartzen nerabeei dagokienez. Saiatzen gara, familien ezaugarriak eta nahiak kontuan hartuz, gazte eta umeen ezaugarrietara gehien egokituko diren familiak lortzen. Eta bikoteak egiten ditugu. Egia da, halere, jende gehiago eskaintzen dela txikien osaba-izeba izateko, eta adin tarte hori gehiago mugitzen dela. Horregatik, agian, gaur egun behar handiagoa dago nerabeentzat”.

Hain zuzen ere, osaba-izeben zain dauden adingabeak pilatu zaizkielako abiatu dute boluntarioak bilatzeko kanpaina. “Normalean, hamar bat egoten dira zain, eta familiak tantaka agertzen dira, hilean bat edo bi. Zerrenda mugituz joaten da. Baina, orain, hogei ditugu zain, eta ezin diegu zerbitzu hau eskaini”. Soaresek dioenez, ez litzateke batere arazorik izango, kanpainari esker hogei boluntario beharrean 50 lortuko balituzte. “Hilean bizpahiru eskaera berri iristen zaizkigu zentroetatik, eta, seguruenik, urte amaierarako beharko dira 40-50 boluntario gehiago”.

Baketik-ek bi zerrenda izaten ditu esku artean. Osaba-izeba nahi edo behar duten adingabeena, eta osaba-izeba izan nahi duten boluntarioena. “Familiak aurkezten direnean, elkarrizketa egiten diegu, familiaren egunerokoa nolakoa den ezagutu, familiaren denbora librea nola antolatzen den jakin, zaletasunak zeintzuk diren… Ezaugarri horietan sartzen da, era berean, seme-alabak dituzten edo ez, seme-alaben adina, pertsona bakarreko familia den… Adingabeen informazioa ere gure esku dagoenez, konpatibilitateak bilatzen ditugu, eta proposamena egiten diegu bi aldeei”. Bi aldeek onartzen dutenean hasten da harremana.

Nerabeei programan parte hartzeko borondatea baino ez zaie eskatzen; familiei, berriz, borondatea eta “gutxieneko konpromiso bat”. Astean behin gutxienez kontaktua izatea eskatzen zaie. “Egonkortasun bat lortu eta harreman bat sortzeko gutxienekoa da hori”. Hortik aurrera, familiak eta adingabeak erabakitzen dute zeintzuk izango diren harremanaren ezaugarriak. “Batzuek meriendako tartetxo hori eskaintzen dute; beste batzuek asteburu osorako eramaten dute umea edo gaztea etxera”.

Harremana sendotzen

Soaresek onartzen du lehen harremana “nahiko modu artifizialean” egiten dela. “Nahiko hotza izaten da, baina, harrera etxekoen eta Baketik-en laguntza eta koordinazioarekin, pixkanaka, sendotuz joaten da, harremana normalizatu arte”. Rukshar Ahamed gazteak oso gogoan du Ana Esnaola ezagutu zuen eguna. Izeba proiektua zer den azaldu zioten, eta parte hartzea erabaki zuen. “Legorretako zentroan nengoen, eta behin, eskolatik iritsi nintzenean, esan zidaten banuela izeba bat. Oso pozik nengoen. Ana hurrengo asteazkenean etorriko zela esan zidaten, eta egun horretan oso urduri nengoen, egun osoa eman nuen etxean hura etortzeko zain”.

Zalantzaz beteta hasi zuen harremana Esnaolak ere. “Hasieran, banituen nire kezkak. Nire seme-alabak kanpoan daude, eta ni bakarrik bizi naiz etxean. Batzuetan, Rukshar etortzen zen, meriendatzen genuen elkarrekin, eta arratsalde osoa pasatzen zuen etxean, telebista ikusten edo sakelakoarekin. ‘Gustura ote dago? Ez al da aspertuko?’, pentsatzen nuen. Beste batzuetan, gauzak egiten genituen elkarrekin, paseotxo bat, irteeraren bat. Eta nik, neure artean: ‘Ondo dagoela ematen du’. Zentroan galdetu ere egin nuen, eta lasai egoteko esan zidaten, oso gustura etortzen zela”.

“Orain bazkaltzera eta afaltzera gonbidatzen nau tarteka”, dio Ahamedek. “Orain, 19 urte ditu, eta ez da lehen hainbat etortzen etxera, baina noizean behin bai. Oso atsegina da, eta egiten ditugu gauzak elkarrekin”, gehitu du Esnaolak.

Izeba-iloba harremanaren nolakotasunak ere kezka sortu zion bere garaian Rikondori. “Nik izeba-irakasle rola hartu nuen, eta, hasieran, zalantza banuen, baina konturatu naiz ona izan dela. Elkartzean, galdetzen nien: ‘Zer moduz astea? Zer moduz azterketak? Etxeko lanik baduzu? Aurkezpenen bat egin duzu? Irakaslearekin ondo?’. Denborarekin konturatzen dira benetan inporta dizula, eta orain bera etortzen da astean egin duena kontatzera, nik galdetu baino lehen”.

18 urtetik aurrera

18 urterekin foru aldundiaren babes sistematik at gelditzen direnean osaba-izebek gazteei babes handia ematen dietela dio Kristina Soaresek. “Estres handiko egoera izaten da gazteentzat, eta osaba-izebak helduleku bat dira beraientzat”. Une hori oso inportantea da gazteen bizitzan, babesgabe gelditzen dira bat-batean, eta haietaz kezkatzen den norbait izatea oso garrantzitsutzat du programaren arduradunak. Ahamedek oso gogoan du une hori: “Etxea utzi baino lehen, oso urduri nengoen. Eta Anak esan zidan lasaitzeko, jarraituko genuela elkar ikusten. Urrun bidaliko ninduten kezka nuen [Lazkaon bizi da Esnaola], baina, azkenean, Alegiara joan nintzen, eta jarraitu dugu harremanetan”.

Gazteak adingabe diren bitartean, bai foru aldundiak eta bai Baketik-ek jarraipen estua egiten diote harremanari. Behin 18 urte egitean, Izeba proiektutik at kokatzen da harremana. “Hala ere, guk jarraipen bat egiten jarraitzen dugu. Ez hain zorrotza, tutoretzapean daudenean bezala, baina gure laguntza eskaintzen jarraitzen dugu”. Gaur egun, 93 gaztek dute harremana osaba-izebekin, baina horietako gehienen harremana egitasmotik kanpokoa da, 56 kasutan gazteak adin nagusiak baitira jada.

Izan ere, osaba-izebek ezin diote besterik gabe utzi osaba-izeba izateari. “Nik beti nire iloba gisa aurkeztu ditut; 12 iloba ditut, eta bi neska hauek bat gehiago dira”, dio Rikondok. “Nik ez daukat iloba propiorik, baina Rukshar nire iloba da”, Esnaolak.

Harrera etxeen osagarri

Edurne Gonzalezek harrera etxeetan lan egiten dutenen ikuspegia ematen du, Izeba proiektuari dagokionez. Harrera etxe bateko arduraduna da, Larratxo fundazioan, eta osaba-izeben ekarpenak gazteei onura handia egiten diela dio. “Guk harrera etxean eskaintzen diegu testuinguru ahalik eta normalenean bizitzeko aukera. Haien bizimoduak errutina eta arau batzuk ditu, eta edozein nerabek dituen betebeharrak dituzte”. Osaba-izebek harrera etxeek eman ezin duten familia alternatiba bat eskaintzen dietela dio. “Edozein familiatan gertatzen den bezala, gurasoek arauak jarri eta exijitu egin behar dute, baina badaude beste pertsona batzuk, izan aitona-amonak, izan osaba-izebak, eta horiek exijentzia txikiagoko aisialdi momentuak eskaintzen dizkiete”.

Gazteentzat, harrera pisua ez den toki bat, etxe bat edukitzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Gonzalezek. “Etxe bat dutela sentitzen dute, familia bat dutela, beraiena bakarrik dena, eta ez dutena pisuko beste zazpi kideekin partekatu behar. Izan ere, hezitzaile taldea partekatu egiten dute, baina Izeba familia bakoitzarena da”. Horrek “berezi” sentiarazten ditu gazteak.

Gonzalezek azpimarratu du harrera etxeak gazteen oinarrizko behar guztiak betetzen dituela. “Baina, gure baliabidearen ezaugarriengatik, hainbat gauza ezin dizkiegu eman, eta, ikuspegi emozional batetik, osaba-izeben ekarpena handia da. Izan ere, gazte hauek behar handi-handiak dituzte. Bakoitzak bere motxila darama, bizi esperientziaz betetakoa, eta, maila emozionalean, bete gabeko behar handia dute, osaba-izebek modu ezin hobean betetzen dutena”.

Motxilaren ideia Rikondok ere erabiltzen du, bere ilobei buruz ari denean. “Nire ilobak oso gardenak dira, eta dena kontatzen dizute. Askotan, beren istorio pertsonalak kontatzen dizkizute, eta orduan konturatzen zara nolako motxila daramaten, eta, hala ere, zer normalak diren. Gogorra da zein babes gutxirekin bizi izan diren entzutea, zenbat sufritu duten entzutea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.