Ostadarraren koloreak Goierrin aldarrikatuz

Ostadarraren koloreak Goierrin aldarrikatuz

Loinaz Agirre

Mendiak eta ostadarrak bat egiten dute Goierriko Zubia LGBTI+ talde berriaren irudian. 1970eko hamarkadatik aniztasunaren eta sexu askapenaren ikurra da ostadarra edo Erromako zubia, eta ikur hori bere egin dute, Goierriko zubia aldarrikatuz. Lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen arloan eskualdean zegoen hutsunea betetzeko elkartu dira Goierriko hainbat gazte. Apirilaren 30ean egin zuten aurkezpen ofiziala, Ordizian, eta taldekideak ezustean harrapatu ditu Goierrin taldeak izan duen zabalkundeak eta goierritarren interesak. “Izugarrizko boom-a izan da; asimilatu ezinda gabiltza, ez baikenuen espero hainbesteko oihartzunik izan zezakeenik”, dio Gemma Urteagak (Beasain, 1995).

Goierrin talde horren beharra zegoela adierazten du interes horrek, Maddi Nogueraren ustez (Ataun, 1995): “Hasieran ez genuen horrela uste, baina jendearen erantzuna ikusita, nik uste dut jendea zain zegoela”. Goierritik kanpoko jendea ere joan zaie taldean parte hartzeko interesarekin; batez ere Tolosaldekoak. Izan ere, Gipuzkoako beste eskualde batzuekin alderatuta, kolektibo horren mugimenduan Goierri “atzera” dagoela uste dute, eta, bisibilizazioari dagokionez, garrantzitsutzat daukate horrelako talde bat egotea. Horixe da, hain zuzen ere, taldearen helburu nagusietako bat: gaia ikusaraztea eta jendea horretaz ohartaraztea. “Ea pixkanaka lortzen dugun eskualde irekiago bat”.

Beste herri batzuetako errealitateak ezagutzen dituzte Goierri atzerago dagoela esateko. “Goierrin, parrandan, bi neska ez ditut musuka edo ligatzen ikusten; beste leku batzuetan bai, normal-normal”. Zarautz, Zumaia, Mutriku, Azpeitia eta Ondarroa (Bizkaia) dituzte erreferentziazko herriak.

Izen luzea jarri diote taldeari, LGBTI+ siglak sartu baitituzte. Luzeagoa ere jar ziezaioketen, baina gehi ikurrarekin taldean edonork duela lekua adierazi nahi izan dute. “Azkenean, sexualitatea plurala da. Kontzeptu edo termino guztiak ezin genituen sartu; nonbaiten muga jarri behar genuen. Baina, azken finean, gai honetan lan egin nahi duen edonorentzat dago taldea irekita. Aniztasuna bilatzen dugu”. Izenari plus ikur hori jartzea, gainera, onerako izan dela ikusi dute, ikur horrekin jende gehiago sentitu delako taldearekin identifikatuta. Era horretan, Goierriko Zubia taldeak “ateak zabalik” dituela gogorarazi dute Urteagak eta Noguerak, eta nahi duenak jo dezakeela bertara, Facebook orrialdean sartuta edo goierrikozubia@gmail.com posta helbidera mezu bat bidalita.

Belaunaldi gazteak eta gizartea heztea da Goierriko Zubiaren beste helburu bat. “Heziketaz hitz egiten dugunean haurrak etortzen zaizkigu burura, baina gizartea hezi behar da. Gizarte batek aurrera egin nahi badu, arlo guztietan pasoak eman behar ditu”.

Norberaren esperientzia kontatzetik abiatuta, Goierriko Zubia taldeko bi kideek hitzaldia egin dute Ordiziako Jakintza ikastolan, eta oso esperientzia aberasgarria dela uste dute. Urteagaren esanetan, besteen esperientzia entzuteak asko laguntzen du. “Nik ez nuen nire garaian horrelako aukerarik eduki, eta oso garrantzitsua da. Horren falta sumatu izan dut nik beti”. Oraindik hasten ari dira, baina tailerrak edo hitzaldiak egin nahi dituzte ikastetxeetan, gaztetxeetan eta deitzen dieten lekuetan.

Informazioa eta babesa

Taldearen helburuetan hirugarrena informazioa eta babesa ematea da. Bai kolektibo horretako pertsonei, baita gurasoei ere. Garbi ikusten dute gurasoentzat ere garrantzitsua dela Goierriko Zubiak egin dezakeen lana, “ezjakintasuna” egoteaz gain, “seme-alabek sufrituko duten beldur izaten baitira”. Era horretan, horrelako talde bat eskualdean bertan egonda, “beraien seme-alabak babestuta egongo direla jakiteak lasaitu egiten ditu”. Hala ere, “gurasoak ere formatzea” garrantzitsua dela nabarmendu dute.

Informazioa zabaltzearekin batera, gizartearen aldaketan legeak egokitzeak edo aldatzeak lagun dezakeela uste dute. Danimarkan, esate baterako, Osasunaren Mundu Erakundeari aurre eginez, transexualitatea buruko gaixotasun zerrendatik kendu dute. “Gizarteak egin behar du eraldaketa, baina legeak ez badira aldatzen, jai dago”.

Alemanian emandako beste aurrerapauso bat ere gogoratu dute: haur bat jaiotzen denean, neska edo mutila den bereizten duen laukitxoarekin batera, X jartzen duen laukitxoa jarri dute Alemanian. “Lan asko dago egiteko. Umea genitalen arabera izendatzen duzu, baina genitalek ez dute ezer ere esan nahi. Ez gara inor zein sexutakoa den esateko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.