“Piratez saldu zaigun irudiari ‘glamour’-a kendu nahi izan diogu”

“Piratez saldu zaigun irudiari ‘glamour’-a kendu nahi izan diogu”

Eider Goenaga Lizaso

Zortzi dantzari irten dira jendaurrera, lau neska eta lau mutil. Binaka atera dira; itsasontzia irudikatzen duen kutxa gurpildun handiaren gainean, bikote bat dago; lurrean, sareak konpontzen, bi neska; beste bi bikoteak ondoren sartzen dira. Portu bat irudikatzen dute, “XVI. edo XVII. mendeko Euskal Herriko edozein portu”, Aiert Beobide (Donostia, 1978) dantzari eta koreografoak azaldutakoaren arabera.

Horrela hasten da Haatik dantza konpainiaren Itsas Lapurrak ikuskizuna. Orion, iazko uztailean, egin zuten lehendabizikoz, eta Bilboko Kalerki jaialdian gero; pixkanaka, oihartzun handiagoa izaten ari da. Atzo Valladolideko (Espainia) Kale Antzerki Jaialdian aritu ziren, eta udan kostaldeko hainbat herritan dantzatzeko gonbita jaso dute: Pasaia, Deba, Zarautz…

Beobidek dioenez, Olatz Beobide arrebak —aktorea eta zuzendaria— proposatu zien gaia, eta konpainiako kideei interesgarria iruditu zitzaien. “Gure arrantzaleen historiaz jaso dugun irudia beti izan da arrantzale oso trebeak zirela, balearen arrantza, jarduera ekonomikoa, mundu zabalean ibiltzen zirela… baina kortsarioena erdi ezkutuan gelditzen den historia da, eta, pixka bat arakatzen hasiz gero, oso-oso istorio bereziak aurkitzen dira”. Eta euskal arrantzale eta marinelak dira protagonista. “Adibidez, Pasaiako udaletxea Arizabalo jauregian dago egun, eta familia horren egoera ekonomikoa Sokoara joan eta hango ontziak gauez lapurtu ondoren hasi zen suspertzen”.

Beobidek hainbat historialarirekin eginiko elkarrizketak aipatu ditu, eta handik eta hemendik topatutako materialaz hitz egiten du. “Gaia hain zehatza denean, ikertu beharra daukazu. Eta haritik tiraka hasten zarenean, eta hainbeste gauza aurkitzen dituzunean, aukera pila bat sortzen zaizkizu dantzarako. Hortik abiatu behar duzu, dantzarekin zer kontatu nahi duzun erabakitzeko. Musika jarri eta dantza egitea erraza izan daiteke, baina horrekin zerbait adierazi nahi dugu”.

Itsas Lapurrak kalean dantzatzeko xedez sortu zenez, itsasontzia irudikatzea izan zen lan zailenetako bat. Kutxa gurpildun handi bat erabiltzen dute ontzi gisa. “Eta pixka bat kostatu zitzaigun mugimendua eta erritmoa aurkitzen. Guk azkarragoa nahi genuen, baina kutxa gainean dantzatzea arriskutsua izan zitekeen; azkenean, mugimendu geldoak egiten ditugu, eta horiek magia moduko bat sortzen dute, laino baten barruan dantzan ariko bagina bezala, olatuen gainean”.

Kultur nahasketa

Portuetako kultur nahasketa da landu duten gaietako bat. “Hegoaldeko eta Iparraldeko arrantzaleak nahasten ziren, gipuzkoar eta bizkaitarrak, frantsesak, irlandarrak, ingelesak… Pentsa nolako kultur nahasketa zegoen eta zenbat hizkuntza hitz egiten ziren portuetan”. Zortzi dantzariak irteten diren uneak irudikatzen du nahasketa hori. Desafio modukoak egiten dituzte dantzariek, batak zer dakien erakusten dio besteari, eta besteak berearekin erantzun. “Tradizioz etorri zaizkigun dantzak ezberdinak dira Gipuzkoan, Bizkaiko kostan zein Lapurdin, eta sarrera horrek hori erakusteko aukera ematen digu; eta Europa iparraldetik etorritako kultura horiei keinu bat egiten ere ahalegintzen gara. Azkenean, portu batean seguru sortzen zen festa giroa sortzen da”.

Itsasoratzea da ikuskizunaren hurrengo zatia, agurra. Ondoren, itsasoratutako gizon-emakumeen bizipenak kontatzen dituzte, musika eta dantza bidez. “‘Ze bizimodu polita piratena!’. Piraten inguruan saldu zaigun irudiari glamour pixka bat kendu nahi izan diogu guk. Modu gordinago batean eman nahi dugu, bizimodua gogorra zelako, asko ez zirelako itzultzen, alargun asko zeudelako portuan”.

Baina emakumeak ez ziren soilik gizonen zain portuan gelditzen; bazeuden itsasoratzen zirenak ere, sineskeriek emakume batek itsasontzian zoritxarra eragiten zuela zioten arren. “Eta kortsaritzan, gutxiago ziren noski, baina bazeuden emakumeak; eta, ez dakigu zergatik, baina pisu handia hartu zuten, liderrak ziren”. Beraz, itsasoratzen diren dantzarien artean, emakume bat ere badago

Sineskeriekin jarraituta, dantzarien itsasontziak laminekin egiten du topo. Laminek, dantzarekin, ekaitza eragin eta arroketara eramaten dute ontzia, eta ozta-ozta libratzen dira kortsarioak hondamenditik. Beste ontzi batek abordatzen ditu, orduan. Borroka egiten dute, eta, azkenik, portura itzultzen dira, zaurituta, ontzirik gabe, porrot eginda… “Guk erakutsi nahi genuena zen dena ez dela hain polita, beti ez zela irabazten, eta amaiera negar bat da, dantzariak negar egiten du”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.