“Hotz egiten duenean uretan sartzea ez da arazoa; irtetea, bai”

“Hotz egiten duenean uretan sartzea ez da arazoa; irtetea, bai”

Eider Goenaga Lizaso

Badoa Arantza Ugarte (Zumaia, 1951), motxila bizkarrean hartuta, eguneroko bainua hartzera. Tartea hartu du, bidean, Hitza-rekin hitz egiteko. Izan ere, bainua hartu aurretik, osteratxoa egiten du, Mutrikuko porturaino, 5-10 minutu, eta, portuan motxila utzi ostean, beste 20 bat minutu, oinez. Moilan, 48 metroko igerileku naturalean, bi joan-etorri egiten ditu negua bada; udan, berriz, hiru. “Nik denbora asko behar dut buelta horiek denak egiteko”, dio. Umetan Oikiako ibaian izandako “susto” baten ondorioz, ez zen igeri egiten hasi 30 urte arte. Orduan ez zuen pentsatuko erretiratzeko garaia heltzean egunero bainatuko zenik.

“Euri zaparrada handirik edo hotz handirik ez bada”, astelehenetik larunbatera hartzen du bainua. “Baina nahiko berria naiz honetan. Aurtengoa izan da nire lehen negua”. Eguraldi ona lagun, irailean jarraitu egin zuen egunero portura jaisten, baita urrian, azaroan eta abenduan ere. Urtarrilean, “katarro batek behartuta”, hilabeteko geldialdia egin zuen, eta, otsailetik aurrera, berriro eutsi dio ohiturari.

Egun, ura 16 graduren bueltan dago. “Ari da epeltzen. Hotza neguan egon da”. Ugartek 11 gradurekin ere hartu du bainua negu honetan. “Ez dut uste hortik behera jaitsi denik; baina urte askoan dabilen jendeak esaten du 9 graduan ere bainatu izan direla”. Hotz edo bero, Ugartek ez du neoprenorik erabiltzen. “Bainujantziarekin egiten dut igerian; hotza badago, gehiago mugitu behar, berotzeko”.

Pazientziarik ez duela eta, uretara bat-batean sartzen da Ugarte. “Ez zait inoiz pasatu oina sartu, ura hotza dagoela ikusi eta atzera egitea. Ez, ez, ni ez naiz pixkanaka sartzen diren horietakoa; hankak sartzearekin batera gorputza joaten da. Hotz egiten duenean uretan sartzea edo uretan ibiltzea ez da arazoa; irtetea, bai. Bustita zaude, eta une hori da txarrena. Halere, udan Gurutze Gorrikoek erabiltzen duten gela uzten digute, eta han aldatzen ditugu arropak; babes handia egiten du”.

Urtarrileko katarroa gorabehera, ziurtatu du egunero bainatzearen onurak gehiago direla. “Gorputza askoz ere arinago dago. Lanean ari nintzela, artikulazioetako arazoak eta giharretako minak izaten nituen, eta, orain, ez dut halako arazorik, ez besoetan, ez hanketan… Eta ez da nire kasua bakarrik, urteetan egunero bainatzen ari den jendeak ere gauza bera esaten du. Gorputza askoz hobeto sumatzen da; agian, burua izango dugu pixka bat hoztua”, dio, barrez. Jende guztiari aholkatuko lioke Ugartek eguneroko bainua. “Ez dago zertan ordu erdi pasatu uretan; nahikoa da 10 minuturekin, edo sartu-irtenarekin. Askoz hobeto sentitzen zara”.

Mutrikuko portuan egunero bainatzen direnak “hogei bat” izango direla esan du. “Adin guztietako jendea elkartzen da hemen; ez da soilik adineko jendea etortzen. Erdiak-edo izango gara erretiratuak; beste erdiak lanera joan aurretik edo lanetik irten ondoren bainatzen dira, edo umeak eskolan utzi eta gero”

“Luxu bat da”

Aitortzen du portuan duten igerileku naturala “toki paregabea” dela, bai neguan bainu azkar bat hartzeko, bai udan bainua hartu ondoren bertan eguzkia hartzen gelditzeko. “Ez dakizu hau udan nola jartzen den: bete-bete egiten da. Luxu bat da horrelako igerileku bat edukitzea, pagotxa”. Igerilekua ez zen igerileku izateko asmotan sortu; ontziak itsasoratzeko tokia izan behar zuen, baina ez zitzaion inoiz erabilera hori eman; azkenean, konponketa batzuk egin, eta igerileku gisa atondu zuten. “Nik 40 urte daramatzat Mutrikun bizitzen, eta ez nuen ezagutu hori. Baina 60 urte inguruko jendea gogoratzen da nola itxi zuten eta nola egin zituzten konponketak igerileku gisa erabiltzeko”.

Hala ere, egunero bainua hartzen dutenek badituzte igerilekuari begirako hainbat eskakizun. Bainuzaleen izenean, Ugartek berak eskaera aurkeztu du udalean, igerilekura jaisteko eskaileretan baranda gehiago jar ditzaten. “Urak goroldioa ekartzen du, eta eskailerak irristakorrak dira. Ondorioz, adineko jende batek arazoak ditu jaisteko. Baranda alde bakarrean dago, eta bi aldetan jartzea eta beheraino iristea eskatu dugu, iristeko erraztasun hori lortzeko”. Igerilekua, ordea, Espainiako Sustapen Ministerioaren ardurapean dago, eta ez da igerileku edo kirol azpiegitura gisa hartzen; ondorioz, oraingoz ez dute horren itxaropen handirik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.