“Azken urteetako egoera txarrena du Irizarrek Brasilen”

“Azken urteetako egoera txarrena du Irizarrek Brasilen”

Maialen Igartua

Irizar autobus lantegiak Ormaiztegin du egoitza nagusia, baina nazioartera ere zabaldurik dago. Brasilgo Botucatu hirian du nazioarteko lantegietako bat. Herrialdeko egoera politiko nahasiak eraginda, ekoizpena nabarmen jaitsi da Brasilgo egoitzan, eta hango 120 langile Ormaiztegin ari dira lanean azken hilabeteetan. Horietako bat da Marcelo Ghiraldi (Botucatu, Brasil, 1977). Hamazazpi urte daramatza Irizarren lanean, kalitate tekniko gisa —autobusei azken azterketa egiten die, dena ondo dagoela ziurtatzeko—. Iazko maiatzean etorri zen Ormaiztegira, eta datorren hilean itzuliko da. Lantegian zein herrian ederki integratzea lortu dute brasildarrek. Horren erakusgarri, bihar ormaiztegiarrekin batera egingo duten kulturarteko festa.

Nolako garrantzia du Irizarrek Botucatun?

Oso enpresa garrantzitsua da, ez soilik Botucatun, baizik eta Brasil osoan. Gama altuko autobusak egiteko gaitasuna duen enpresa bakarra da herrialdean. Oso marka indartsua da Irizar.

Gaur egun Botucatuko lantegiak ez du egoera erraza, ezta?

Nik lantegian daramatzadan hamazazpi urteetan ez da halako krisirik izan. Azken urteetako egoera txarrenean da. Botucatuko lantegian 330 langile gaude, eta oraintxe bertan 70 lagunentzako lana baino ez dago; egunean autobus erdia baino ez dute ekoizten Botucatun. Gainontzekoak nazioarteko lantegietara bidali gaituzte denboraldi baterako, produkzioa berriro igo bitartean. Momentu honetan, Ormaiztegiko, Mexikoko eta Marokoko lantegietan banatuta gaude.

Brasilgo egoera politikoak zer eragin du lantegiaren martxan?

Eragin zuzena du. Enpresariek ez dute inbertsiorik egin nahi egoera politikoa baretu arte; ez dira ausartzen. Dena den, baikor gaude, eta uste dut abuzturako egoera hobetuko dela. Irizarreko goi kargudunak, gainera, negoziazioak egiten ari dira autobusak saltzen dizkiegun herrialdeekin, eta ekoizpenak laster gora egitea espero dugu. Australiara, Txilera, Hegoafrikara, Perura, Venezuelara, Argentinara, Uruguaira eta Brasilera saltzen dira Botucatun egindako autobusak.

Zuk urtebete pasatxo daramazu Ormaiztegiko lantegian.

Bai, iazko maiatzean etorri nintzen. Ormaiztegiko lantegian normalean baino ekoizpen handiagoa dute azken urtebetean, eta langile gehiago behar zituzten ekoizpen igoera horri aurre egiteko. Udako oporretan eta Gabonetan joan nintzen Brasilera, baina gainontzeko hilabeteetan Ormaiztegin egon naiz. Momentu honetan Botucatuko 120 langile gabiltza Ormaiztegin lanean, baina duela hilabete batzuk 180 ere egon ginen. Guretzat aukera handia izan da Ormaiztegira lanera etorri ahal izatea; enpresarekin oso eskertuta gaude.

Zaila izan zen Ormaiztegira moldatzea?

Ni 2008an ere izana nintzen denboraldi labur batez; orduan ikastera etorri nintzen beste lankide batzuekin batera. Hortaz, lantegia eta herria apur bat ezagutzen nituen. Dena den, hasieran apur bat gogorra izan zen: kultura ezberdina, lan dinamika ezberdina… Eta gogorrena familia Brasilen uztea izan zen.

Zein familia utzi duzu Brasilen?

Emaztea eta 15 urteko alaba ditut. Hemen familian pentsatzen pasatzen dugu denbora: familia ondo badago, dena ondo dago. Haientzat ere gogorra da, baina onartzen dute egoera, badakitelako momentu honetan garrantzitsuena lana egitea dela, eta denboraldi baterako baino ez dela izango. Gainera, une oro harremanetan gaude deien eta sare sozialen bidez. Irizarrek telefono dei guztiak ordaintzen dizkigu.

Familia han uztearen gogorraz gain, kultura eta hizkuntza berrira egokitu behar izan zenuten.

Noski. Hizkuntzari dagokionez, gutxika joan gara gaztelaniaz gero eta hobeto ikasten. Eta euskaraz ere ikasi ditugu hitz batzuk: kaixo, egun on, eskerrik asko, zer moduz… Ohiturei dagokienez, berriz, hasieran hemengo jatekora ohitzea kosta zitzaigun apur bat. Baina orain oso gustura gaude Ormaiztegin.

Lantegian zein herrian ederki integratu zarete, ezta?

Lankideekin oso harreman ona egin dugu. Lanetik kanpo ere, plan asko egiten ditugu haiekin. Inguruko herriak erakusten dizkigute, mendira joaten gara… Lankideekin bezala, ormaiztegiarrekin ere oso ongi moldatu gara; lagun asko egin ditugu herrian. Batzuek kuadrilla eta guzti egin dute. Brasildar batzuk, esaterako, Ormaiztegiko kuadrilla batekin batera mozorrotu ziren San Andres jaietan. Ostegunetan, berriz, pintxopotera joaten gara.

Brasildarren eta euskaldunen izaerak ba al du zerikusirik?

Egia esan, izateko modua nahiko desberdina da. Euskaldunei gehiago kostatzen zaie, esaterako, kontaktu fisikoa. Konfiantza hartu arte hotzagoak dira. Baina, behin konfiantza hartuta, tratatzeko oso errazak dira. Horrez gain, edukazio onekoak eta oso langileak dira.

Biharko kulturarteko festa antolatu duzue Ormaiztegin. Zein da helburua?

Guk euskal kultura ezagutzea, eta, aldi berean, ormaiztegiarrek brasildar kultura apur bat gehiago ezagutzea. Azken finean, gure kulturak erakustea da asmoa, festa baten bidez.

Eta zer egingo duzue?

Brasildarrok txurraskoa prestatuko dugu, gure erara, hango saltsarekin. Eguerdian eta arratsaldean plazan banatuko ditugu pintxoak eta edaria. Bestalde, herri kirolak egingo ditugu brasildarrok eta ormaiztegiarrek: txingak, sokatira, harrikari proba… Bost kilometroko herri lasterketa bat ere antolatu dugu. Eta, festa girotzeko, musika izango da. Decalky talde brasildarrak —Irizarreko langile batzuek osatzen dute— eta GuriBost talde goierritarrak joko dute zuzeneko musika.

Baduzue zuen herrialdera itzultzeko gogoa?

Sentsazio gazi-gozoa dugu. Alde batetik, gure familiengana eta gure eguneroko bizitzara itzuli nahi dugu. Bestetik, faltan sumatuko ditugu hemen egindako lagun guztiak. Dena den, ormaiztegiarrek beti edukiko dituzte gure etxeetako ateak irekita. Lankide batzuek esana digute bisitan joango direla. Eta gu ere etorriko gara noizbehinka. Ormaiztegi beti izango dugu gogoan. Oso eskertuta gaude herriarekin eta enpresarekin. Irizarreko langile askok lan handia egin dute brasildarrok Ormaiztegira lanera ekartzeko; eta batzuek brasildarrokin harreman handia izan dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.