“Gertu egon arren, Donostiara doan jendea ez da hona iristen”

“Gertu egon arren, Donostiara doan jendea ez da hona iristen”

Eider Goenaga Lizaso

Artzaintza eta gaztagintza turismoarekin uztartzen dituzte Segurako Ondarre baserrian, duela 16 urtetik. Bi jarduerak bateragarri eta osagarriak direla dio hango seme Eneko Goiburuk (Andoain, 1976). Bezeroei, 500 urteko baserrian lo egiteko aukera eskaintzeaz gain, baserriko bizimodua eta gazta egiteko prozesua erakusten dizkiete. Ondarre baserria Smithsonian Folklike Festival jaialdira gonbidatutakoen artean egongo da, hilaren 29tik aurrera.

Baserrian ardiak zaindu eta gazta egiten duzue, baina ez da zuen jarduera bakarra, ezta?

Bi jarduera ditugu: batetik, ardien zaintza eta gaztagintza, eta, bestetik, nekazaritza turismoa. Ondarre XVI. mendeko baserri bat da, eta bi bizitzako baserria zen obra egin eta aitona-amonen zatia nekazaritza turismorako atontzea erabaki genuenean. Aitona hil egin zen, baserria zahartzen ari zen, eta pentsatu genuen zerbait egin behar zela. 1998an hasi ginen obrekin, eta 2000. urtean ireki genuen landetxea.

Oso jarduera ezberdinak dira.

Oso ondo ezkontzen dira. Izan ere, ez daukagu ardi kopuru handia: 110-120 ardi inguru ditugu; etxe ondoko pabiloi batean eta inguruko belardietan egoten dira, eta mendira atera beharrik gabe moldatzen gara. Gazta ere etxean egiten dugu. Dena bertatik bertara daukagu, eta horrek aukera ematen digu bi jarduerak osagarri egiteko.

Bestalde, ardiek lan gehien ematen duten garaian, nekazaritza turismoan lan gutxiago izaten da, eta alderantziz. Azarotik ekainera egiten dugu gazta; hortik aurrera, ardiek ez dute hainbeste lan ematen, ez ditugu jetzi behar, eta larrean ibiltzen dira. Turismo denboraldi indartsuena uda partea denez, ondo egokitzen zaizkigu bi gauzak. Bestalde, landetxera etortzen direnetako askok erosten digute gazta. Hala, nekazaritza turismoak gaztarentzako salmenta puntu gisa ere balio du.

Zein da Ondarre landetxeak bisitariari egiten dion eskaintza?

Gu ez gara hotel bat, gu nekazaritza turismo bat gara; soilik, sei gela bikoitz eta bi apartamentu ditugu. Logela eta gosaria ematen ditugu, eta, gero, bisitariak badu sukaldea erabiltzeko aukera ere.

Eskaintzen ditugun balioei erreparatuta, 500 urteko baserri batean lo egiteko aukera emateaz gain, nekazaritzako jarduera ezagutzen du bertara datorrenak. Ardiak ditugu, gazta egiten dugu, oiloak-eta ere badauzkagu. Azkenean, baserri giroa ezagutu eta bizitzeko modua eskaintzen dugu Ondarren. Ingurunea ahaztu gabe. Baserritik ateraz gero, Segura Erdi Aroko hiribildu bat da, eta, gainera, Aizkorri azpian gaude. Beraz, berdea, natura eta mendia, nahi adina.

Turismo aldetik, Aste Santua eta uda izango dira denboraldi indartsuenak, ezta?

Bai. Guk urte osoan daukagu irekita, eta denboraldi pattalena negu-negua izaten da, urtarril-otsaila. Aste Santuan, berriz, sei bat hilabete lehenago dena hartua izaten dugu. Esango nizuke, nahiz eta ez nagoen guztiz ziur, hurrengo urtekoa jada hartuta daukagula. Gabonetan ere bete egiten zaigu. Inguruko jendea etortzen da. Izaten dira familia handiak, etxebizitza normaletan sartzen ez direnak, eta gure etxea hartzen dutenak, bizpahiru egunez, Gabon gaua, Urtezahar gaua edo Errege eguna ospatzeko. Gero, beste data batzuk ere badaude. Adibidez, Aizkorriko mendi maratoia izan da orain gutxi, eta sei hilabete lehenago ere dena eskatuta zegoen.

Orain, uda gainean daukagula, zer espero duzue?

Abuztua ia %100 betetzen dugu, eta uztailean ere ondo ibiltzen gara. Oraindik ez daukagu dena beteta, erreserbak ez direlako Aste Santuan bezala, baina ari gara. Ekaina izaten da erreserbak egiteko hilabetea; hilabete bukatzerako, abuztua ia osorik hartuta izango dugu. Geldi daiteke gelaren bat hutsik, egun batzuetarako, baina ia beteta egoten da.

Ardi zaintza eta gaztagintza eskaintza turistiko gisa ere lantzen duzue.

Gure jarduera nagusia ardiak eta gaztagintza dira, eta nekazaritza turismoak lagundu egiten gaitu. Dena bertan daukagunez, bisitan etortzen zaigunari, interesa duenari behinik behin, erakusten diogu nola zaintzen ditugun ardiak, nola egiten den Idiazabalgo gazta… Gero, gure familian aurreko gehienak artzainak izan zirenez, nik gordeak ditut, adibidez, nire birraitonak gazta egiteko erabiltzen zituen moldeak eta tresnak, aitonarenak ere bai… Horiek erakusten dizkiegu, gazta eman probatzeko, gosaltzeko ere beti jartzen dugu. Beraz, bi gauzak uztartzen ditugu.

Baina bisitak egiten dituzue landetxean ez dagoen jendearentzat ere, ezta?

Bai, Idiazabalgo gaztaren interpretazio zentrotik, edo Segurako turismo bulegotik, edo Zegamako Anduetza parketxetik, bisitariak bidaltzen dizkigute, eta taldeentzako bisita gidatuak egiten ditugu. Jendea upategietara joaten den bezala, etor daiteke gurera. Gauza da jende guztiak ikusi duela upategietan nola egiten den ardoa, baina gazta nola egiten den dakitenak oso gutxi dira. Eta hori da hemen ikusten dutena. Bidaia agentzia batzuekin ere badugu kontaktua, eta etortzen dira taldeak. Ez pila bat, baina, tarteka, bai. Egia da, era berean, duela bi urte bakarrik hasi ginela bisita horiek eskaintzen; agian, jendeak ezagutzea falta da.

Martxoan, Gipuzkoan turismoa sustatzeko Explore San Sebastian Region marka aurkeztu zuten. Entzun duzu horren berri?

Bai, entzun dut, eta ea horrek ekartzen duen jendea barrualdera. Ni Donostiara joaten naizen bakoitzean, inbidiatan egoten naiz. Han, alde guztietako jendea ikusten duzu, eta hona, hain gertu egonda, ez da iristen jende hori. Ea pixkanaka barnealdeko turismoa bultzatzen den. Ze, apurka-apurka ari da igotzen, baina gutxi. Iruditzen zait Donostiara etortzen den jende gehiena auto gabe datorrela, eta horrek mugatzen du bisitariak barnealdera etortzea.

Zuek erakusleiho handi batera zoazte laster. Folklife Festival jaialdian parte hartzera gonbidatu zaituzte Smithsonian Institutuak.

Ekainaren 29an hasten da, eta han izango gara gurasoak eta ni. Ustekabean etorri zitzaigun gonbidapena. Urrian, Smithsonianeko ikerlari bat eta bekadun bat etorri ziren bisitan, zein ziren esan gabe. Hiru hilabete egin zituzten Euskal Herrian. Gurean egon ziren, ikusi zuten nola egiten dugun gazta modu tradizionalean, gustatu zitzaien, eta martxoan jaso genuen Whashingtonera joateko gonbidapena. Pozik goaz. Jendaurrean erakutsiko dugu hemen nola egiten ditugun gauzak; gazta egin eta ketu egingo dugu, jendeak ikus dezan; haria egingo du amak… Artzaintzarekin lotutako gauzak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.