“Ikaragarria da Beasainen hiru lasterketatan ia 1.200 korrikalari elkartzea”

L. Agirre

Beasaingo Arrastaka mendi elkarteak zazpigarren aldiz antolatu ditu Ehunmiliak probako lasterketak: 168 kilometroko Ehunmiliak ultratraila, 88 kilometroko Goierriko Bi Handiak, eta 42 kilometroko Marimurumendi maratoia. Uztailaren 8tik 10era, 1.114 korrikalari bilduko dira Beasainera. Antolaketan dabil Mikel Valdivielso (Beasain, 1977).

Inoiz baino korrikalari gehiagok parte hartuko dute aurten.

Bai, aurten marka hautsi dugu lasterketa guztietan. Egia da iaz G2Hak ere bete egin genuela; 500 laguneko muga dago. Maratoia ez genuen bete, baina lehenengo aldia izanda ez zen harritzekoa. Jendearen konfiantza behar genuen, eta aurten maratoia ere bete egin da. Bietan itxaron zerrenda egon da. Ehunmilietan ere marka dugu: 364 korrikalarik eman dute izena. Zifra oso onak dira. Ikaragarria da Beasainen ia 1.200 korrikalari elkartzea.

Nongo korrikalariak datoz?

Aurten ere munduko hamar herrialdetako jendea etorriko da: japoniarrak, txinatarrak, estatubatuarrak, suediarrak… Sei-zortzi poloniar datoz aurten. Nork esan behar zuen Ehunmilietara poloniarrak etorriko zirenik! Gure izena zabaldu dugu, bai Europan eta baita mundu mailan ere.

Segurtasunari begira, korrikalari bakoitzari mediku ziurtagiria eskatu diozue.

Ehunmilietan egiten dugun ahaleginik handiena, lasterketari begira, segurtasuna izaten da. Segurtasuna oso zabala da, ibilbidea ondo markatzetik hasita. Markaketa on batek segurtasun arazo handiak ekidin ditzake. Korrikalariei mediku ziurtagiria eskatuta, behartuta daude mediku batengana joan eta gutxieneko azterketa bat egitera. Bestela, jendea oso erraz apuntatzen da, jakin gabe nora doan. Aurten ahalegin handia egin dugu larrialdietako medikuak ekartzen.

Boluntarioak beharrezko dituzue antolaketarako…

Bai, gure altxorra dira. Aurten ere 1.500 bat beharko ditugu. Babesle bat etor daiteke mahai gainean milioi bat euro jarrita, baina boluntariorik edukiko ez bagenu, ez ginateke inora joango. Adin eta sentsibilitate desberdinetako jendea aritzen da lanean; boluntarioak harro sentitzen dira Ehunmilietan boluntario izateagatik. Bizikidetzako ekintza garrantzitsua izatea da. Harro sentitzeak ez dauka preziorik. Orain dela hamar urte elkarri aurpegira begiratzen ez zion jendea elkarrekin garagardo bat hartzen ikustea handia da.

Ekonomikoki ere garrantzia dauka herriarentzat.

Baietz uste dugu. Neurketak egin dira, eta eragin ekonomiko garrantzitsua du Beasainen. Baina ez Beasainen bakarrik, Ehunmiliak pasatzen diren herrietatik ere hori esaten digute. Urretxuko Santa Barbaran, Zumarragako Antion, Larraitzen… oso ondo lan egiten dutela esaten digute. Azpeitian ere izugarrizko giroa egoten da kalean. Hotelak ere beteta egoten dira, tokia bilatzeko arazoa edukitzen dugu. Goierriz gain, sanferminak izaten dira garai horretan; eta kostaldea ere beteta egoten da.

Babesleak ere beharrezkoak izango dira.

Bai, asko sufritzen dugu ekonomikoki. Gu, zorionez, gai izan gara azken zazpi urteetan babesleen kartel bera mantentzeko. Horrek zerbait esan nahi du gure alde eta babesleen alde; garrantzitsua da konfiantza hori berritzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.