Mikro-Orlandoak

Leire Narbaiza

Aurreko asteko ostegunean, trena hartu nuen Elgoibartik Eibarrera etortzeko. Iluntzea zen eta nahiko beteta zetorren, sasoiko lehenengoetako eguraldi eguzkitsua izan baikenuen. Jendea, ni legez, etxera bueltan zetorren, asko eta asko hondartzatik, Debatik. Halakoetan gertatzen den moduan gaztetxo asko zegoen bidaian.

Nire ondoko konpartimentuan hiru mutil eta neska bat zetozen. Ez dakit zenbat urte izango zituzten, baina lehenengoz botoa emateko adina ez zuten urrun izango. Hortxe, mugan, adindun bihurtu berri edo bihurtzeko puntuan. Neska erdi-lo zetorren mutiletako baten sorbaldan burua jarrita. Biak ikusten nituen nire aurrekoen ondoan eserita zeudelako; hau da, ia parez pare gindoazen.

Kontua da, mutilak ahots ozenez —adin horretan sarritan gertatzen den moduan— azaltzen ziharduela zein gutxi ikasi zuen. Harro zioen bere gelako neskak Whatsappez ari zirela kontatzen ikasi eta ikasi zebiltzala; eta bera bitartean futbol amerikarra ikusten. Harritzekoa zela, neskak estututa, bera lasai.

Lautan-edo errepikatu zuen hori. Betiere neskenganako mespretxuz, esajeratu hutsak zirela, bizitza sozialik ez zutela eta abar. Ar gazte bat bere arkeria aldarrikatzen adiskide eta neska-lagunaren aurrean.

Segitu zuten berbetan. Eta halako batean gogoratzen ez ditudan futbolari batzuen izenak aitatu zituzten. Ar gazteak, ozen atzera ere, esan zuen jakin berri zuela futbolarietako bat marikoia zela (gaztelaniaz ari zen eta “maricón” esan zuen). Disgustu itzela hartu zuela, mito bat erori zitzaiola, Twitterren hondotzat jarria zuela haren argazkia hain idolo handia baitzen berarendako. Eta horrelakoak komentario guztiak. Nik purrustada bat egin nuen ozen eurei begira. Ez ziren konturatu, nahiz eta zuzen eta erdeinuz begiratu nien.

Jarraitu zuen diskurtsoa esanez aitatutako beste jokalariak nesken prakak erabiltzen zituela, eta horrela janzteko hobe zuela buztana moztea, gizon ez bazen sentitzen! Zerbait esateko gogoz nengoen, baina ez nintzen ausartu. Gainera, nire geltokira iritsita nengoen. Aitzakia ederra aurkitu nuen ezer ez aurpegiratzeko!

Koldarkeriagatik ez nion ezer bota, ernegatzen banengoen ere. Halakoetan ez naiz batere ausarta, aitortu behar dut. Marmarrek, purrustadek eta begirada okerrek ez zuten ezertarako balio izan, ez zirelako interpelatuta sentitu. Egia esatera, konturatu ere ez ziren egin.

Pasatu zen eta ahaztu nuen. Baina igandean berriro ere etorri zitzaidan pasadizoa, Orlandoko sarraskiaren berri izan nuenean. Benetan damutu zitzaidan konturik ez hartu izana, errieta ez egitea mutil gazte hari. Uste dudalako ez dugula onartu behar inoiz halako adierazpenik inon. Badela ordua denok halako lelo homofoboei aurre egiteko, ez onartzeko eta gaitzesteko.

Kargu hartuta ez genuen Orlandokoa saihestuko, jakina. Baina, beharbada, gazte horiek niri agiraka entzun izan balidate, hausnartzeko momenturen bat hartuko zuketen, ahotik jaurtitako guztia egokia izan zen ala ez pentsatzeko, mikro-Orlando bat egin zutela, alegia.

Seguruenera ez zuen ezertarako balioko. Hala eta guztiz ere, konbentzituta nago pauso bat aurrera eman behar dugula halakoetan, nik egin ez banuen ere. Horrela baino ezingo dugulako homofobia akabatu eta deuseztatu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.