Etxean ikusia, plazan erakutsia

Etxean ikusia, plazan erakutsia

Maite Alustiza

Urdanibia plazan nabari da sanmartzialen atarian daudela. Txosnak muntatuak dituzte, baina botilak barra gainean daude oraindik, eta lurrean. Lurrean ere jendea, gazteak eta helduak, giroa berotzen, nahikoa bero ez balego bezala: astearteko iluntzeko zortziak dira, eta 30 gradu markatzen ditu kaleko termometroak. Skola Musik akademiako nerabe eta gazteak kontzertuak ematen ari dira plazako agertokian. Lukas Grahamen 7 years abestia kantatzen ari da neska bat: “Once I was twenty years old…”. (20 urte izan nituen behin…). 20 urte badituzte han dabiltzan lau neskak, eta laster plazara iristear den beste musika batez galdetu die kazetariak. “Alardea? Egunean bertan joango gara, baina entseguak ikustera… Hemendik ere entzuten da”. Aurten, hogei urte dira emakumeek lehenengoz Irungo alardean parte hartu zutenetik, eta urteurren horren aitzakian, hogei urteren bueltako gazteen iritziak bildu ditu Hitza-k, entsegu egunak aprobetxatuta.

Hallelujah kantua hasi dute oholtzan, eta minutu gutxira iritsi da Urdanibia plazara Ama Xantalen konpainia, Peña kaletik barrena. Irungo alde zaharreko konpainia da, neskez eta mutilez osatua. Haiei begira ari da lagunekin Ane Erasun, 22 urteko irundarra. Bi urtez atera da alardean, baina, ikasketak kanpoan egiten ari denez, azken urteetan ez du parte hartzerik izan. Dena den, kanpotik bada ere, neska-mutilak babesten ditu. Dioenez, parekidean parte hartzeagatik ez du kontrako jarrera “bortitzik” jaso, baina kontra egote horrekin ez dator bat: “Ez dut ulertzen jarrera hori, are gehiago jende gaztearen partetik”. Uste du etxetik jasotakoak zerikusi handia duela: “Niri betidanik erakutsi izan didate beste edozein gauzatan bezala, festatan edo kiroletan, neskek eta mutilek berdin-berdin parte har dezaketela”. Txikitatik bizi baitute askok alardea Irunen. Horren erakusle dira Ama Xantalenekoei begira dauden aitona-amonak eta bi bilobak; txaloka ari dira guztiak, eta neska txikiak, karrotxoan eserita, txilibitua du eskuan. Berriro plazatik pasatu direnean desadostasun keinu bat egin die gazte batek; behin baino gehiagotan errepikatu du. “Ez zaizu gustatzen?”, galdera. “Ez”. Zergatiaz galdetuta: “Zergatik ez”. Eta barrea.

Entseguari arreta handirik jarri gabe baina plaza inguruko giroan dabil mutil kuadrilla bat, 20-25 urte bitartekoa. Aritz Fernandezek eta Josu Antiak ondo ikusten dute nesken parte hartzea. “Lehengoa ez dut ulertzen, eta orain batzuek daukaten pentsamendua ere ez. Ze arazo dago? Berez kontzientziatuago egon beharko genuke, baina gai honetan ez du horrela funtzionatzen”, dio Antiak. Bat dator Fernandez: “Denoi gustatzen zaigu festa egitea; beraiek lehengo modura nahi badute, behintzat utz diezaietela atera nahi duten neskei lasai ateratzen”.

Auzia bertatik bizitzea

Urdanibia plaza utzita, Oiasso museo aldera doa kazetaria, Erromes plazatik aterako den konpainiarengana. Istillaga plazatik pasatzean, ordea, txistu hotsak entzun eta bidea desbideratu du. Neska-mutilen Santiago konpainia ari da ibilbidea egiten, eta haien bide bera egiten, espaloitik, dozena erdi bat lagun. Olatz Ugarte kantineraren taldeak ere gazte ugari biltzen ditu. Kale paraleloetako batean, errepidea noiz libratuko zain daude Maider Arana eta Iraia Jauregi, autoaren aldamenean. 20 urte ditu Aranak, eta 23 Jauregik. Hondarribitik eta Donostiatik etorriak dira Irunera, erosketak egitera. Alarde tradizionalaren alde egin du Aranak. “Nik uste gaia ulertzeko handik bizi behar duzula. Berdintasunaren alde nago, baina ondo ikusten dut alardea lehen egiten zen bezala egiten jarraitzea”. Tolosako eskopetarietan neskak eta mutilak normaltasunez ateratzen direla azalduta, ildo beretik erantzun du: “Ez da gauza bera”.

Familiako tradizioa

Erromes plazara bidean galdetzaileen artean lauzpabost gaztek uko egin diote gaiaz hitz egiteari. Plazara iristerako, 21:30 dira. Jai giroan dabiltza neska-mutilak, aita-amak, aitona-amonak. Plaza txikia da, balkoiez betetakoa, eta leihoetan jendea ageri da jada. 7-8 urteko mutiko bat danborra astintzen dabil; haren inguruan hiru neskatilak salto egiten dute, danbor kolpeen erritmoan.

Buenos Amigos konpainia tradizionalaren entsegua hastear, plaza erdialdera gerturatu da neska gazte talde bat. Nerea Telleria eta Junkal Amenabar dira horietako bi; 21 eta 22 urtekoak. “Aitona ateratzen zen, osaba ere bai, aita… Ondo iruditzen zait tradizioari jarraitzea, eta nik gozatzen dut ikusten aterako banintz bezainbeste”, dio Telleriak. Alardeetan kantinera ez den beste postuetan andreen parte hartzeak sortzen duen gatazka aztertuko duela iragarri berri du diputazioak. Horri buruz galdetuta, alderdi politikoen arteko ika-mikak txarretsi ditu Amenabarrek: “Kontua gehiago nahastu nahi dute batzuek, eta ez esaten duten bezala berdintasuna eta abar”.

Etxeko atarian sartzen ari da Julen Martin. 18 urte ditu, eta ez dio aparteko interesik eragiten alardeak. “Niri berdin zait bat ala bestea, ez zait interesatzen. Bakoitzak egin dezala nahi duena”. Bien bitartean, plazan inguratu dute Sonia Villaverde kantinera, eta eman diote oparia, kantinerei oparitu ohi dieten upeltxoa. Jarraian, borobilaren erditik atera eta erdian jarri da txistua eskuan duen mutila. Hasi dira jotzen. Kide baten kamisetak hala dio: Irungo alardea 1880tik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.