“Gozatzeko beharrezkoa da elkar ondo hartuta joatea”

“Gozatzeko beharrezkoa da elkar ondo hartuta joatea”

Jon Miranda

Tandema hartuta, Euskal Herriko txoko asko ezagutu dituzte Martin Leundak (Hernialde, 1955) eta Izaskun Lizeagak (Tolosa, 1956). Hernialden duten etxea ere toki paregabean dago kokatuta; hori bai, maldan gora. Aldapa horietan zaildu dira bizikletan.

Aurretik kirol hau probatua al zenuten?

MARTIN LEUNDA: Ni betidanik ibili izan naiz. Bizikletan ez bada mendian. 17 urterekin hasi nintzen txirrindularitzan, eta bi urte eman nituen gazte mailan eta beste hainbeste afizionatuetan, Hernaniko Orbegozo taldearekin.

IZASKUN LIZEAGA: Nik ez neukan ohiturarik, eta bizikleta gainean nahikoa juxtu ibiltzen nintzen. Tandemarekin probatu genuenean, Anoetako kiroldegian cycling-a egiten nuen astean hiru egunetan, ordubetez. Zangoak indartzeko lagungarri zitzaidan.

Nola egin zenuten aproba tandemarekin?

M.L.: Beti izan dugu auto karabana hartuta kanpora joateko ohitura. Horrelakoetan, bizikleta ere eraman izan dugu, eta umeak txikiak zirenean emaztea kanpinean utzita nik buelta bat ematen nuen hango parajeak ezagutzeko.

I.L.: Umeak koskortu zirenean, ordea, pentsatu genuen ni bakarrik geratzea ez zela kontua eta tandema probatu behar genuela. Bost lagunen artean bageneukan birentzako bizikleta bat erosia, eta hura hartuta egin genuen lehen proba.

M.L.: 2001ean zen, eta gogoan dut lehen aldian furgonetan tandema hartu eta Alegiara joan ginela bidean kabitzen ote ginen probatzera. Nahikoa txukun moldatu ginen, eta bigarren aldian Larraitzera igo eta Amezketatik egin genuen buelta. Udara hartan Galiziara joan ginen oporretan, eta han pixkanaka hasi ginen.

Probatu, gustatu, eta zuek zeuok zuen tandema egin.

I.L.: Bai. Hasieran ibili genuen hura ez zen gurea, taldean erositakoa baizik. Beti lapurtzeko edo apurtzeko beldurrez ibili beharrean, geurea egitea erabaki genuen.

M.L.: Aurreko horri begiratu, eta “hau neronek egingo nikek” pentsatu nuen nire artean. Neurriak hartu, eta mendiko bi bizikleta zahar baliatuta egin genuen 2002an lehen tandema. Nahikoa txukun ibiltzen zela ikusi genuen, eta, hobekuntza batzuk eginda, urteetan moldatu ginen horrekin.

I.L.: 2008an egin genuen bigarrena. Bikinbat 2008 deitu genion, eta gaur egun horrekin ibiltzen gara. Atzean gauzak eramateko orga ere guk egindakoa da.

Zeuen gisara moldatutakoa hori ere?

M.L.: Bai. Aurrekoaren esperientzia bagenuen, eta gure neurrira moldatu genuen bigarrena ere. Bi metro luze da gutxi gorabehera, eta erdiko barra baxuagoa du, bizikletatik errazago eta erosoago jaisteko.

I.L.: Etxean bertan moldatzen da senarra tandema osatzeko, hainbesteko abilidadea badu eta. Lagun batzuentzat ere egina du beste bat, eta semearentzat osatu zuen azkena. Denbora gutxi behar izaten du bizikleta moldatzeko. Hilabete inguru.

Teknika asko behar al da birentzako bizikletan ibiltzeko?

M.L.: Bikinbat 2008-k hogei kilo inguru pisatzen du. Bizikleta arruntarekin alderatuta, astunagoa da. Aldapa behera goazenean bizkor jaisten da: bi lagun garelako eta haizearen oztopoa bakar batena delako. Orduko 82 kilometroko abiadura hartu izan dugu. Sinkronizazio handia eskatzen du, eta elkarrekin zutitu behar izaten dugu oreka ez galtzeko. Dagoeneko ikasita dauzkagu elkarri pasatzeko abisuak.

I.L.: Egia da aurrekoak beti daramala tentsio handiagoa eta bietako batek beti egiten duela indar gehixeago. Baina batek zein besteak pedalari bueltak berdin-berdin ematen dizkiogu. Nik senarrari eskertu behar diot beti errespetatu izan duela nire erritmoa, eta beti jakin izan duela nire lekuan jartzen. Gozatzeko beharrezkoa da elkar ondo hartuta joatea.

Entrenatzen ordu asko ematen al dituzue?

M.L.: Bai. Prestakuntza beharrezkoa da, eta denborarekin geure buruak zaildu ditugu. Egia esan, bikote izateak abantaila handia dakar. Plan guztiak elkarrekin egiten ditugu. Ez dugu zertan beste inoren menpe ibili.

Quebrantahuesos eta Treparriscos probak eginak dituzue. Zergatik?

M.L.: Egia esan, azkar hartu genuen erritmoa. 2004an Santiagoko bidea egin genuen, eta hurrengo urtean, 2005ean, Quebrantahuesos proban eman genuen izena. Nik aurretik bederatzi aldiz egina nuen, baina lehen aldiz aitona-amon egin ginen urtean elkarrekin egitea polita izango zela iruditu zitzaigun.

I.L.: Jende askok parte hartzen du halako probetan, eta masifikazio handia dago. Guk, geure martxan, hamar ordu eta erdian bukatu genuen. 2012an, berriz animatu eta Treparriscos izenekoan atera ginen.

Asko bidaiatzen al duzue tandemarekin?

M.L.: Pentsa, proba horiek prestatzeko ibili egin beharra dago. Quebrantahuesos egin aurretik 3.000 kilometro egin genituen urte hartan. Hemen gertuan ibili izan gara. Lizarrara joan eta etorri edo kostako buelta deitzen dioguna ere egin izan dugu.

I.L.: Eta gero, oporraldiak baliatzen ditugu tandemean ibiltzeko, Euskal Herrian zehar. Zazpi bat eguneko irteerak egin eta kanpin leku batetik bestera bizikletan joaten gara. Guztira, 500-600 kilometro egiten ditugu horrelakoetan, betiere bigarren edo hirugarren mailako errepideetatik. Paisaiaz gozatu eta lasai ibiltzea gustatzen zaigu, eta beti hartzen dugu denbora geldialdi bat egin eta pintxo bat hartzeko.

Jendeari atentzioa ematen al dio tandemak?

M.L.: Bai. Ez baita ohikoa izaten bi pertsona bizikleta bakarrean ikustea. Hemen inguruan jende gutxi ibiltzen da. Harrera ona egiten digute, oro har, eta arazoak izan ditugunean jendea beti agertu izan da laguntzeko prest.

I.L.: Atzerritar jendeak galdetu izan digu non erosia ote den. Guk, berriz, ahal den moduan guk egina dela erantzuten diegu. Askok ez dute sinisten.

Aurrerantzean zein asmo dituzue?

M.L.: Erretiroa hartzeko urte batzuk geratzen zaizkigu, eta orduan ederra izango litzateke, burua libre edukita, lasai geure gisara ibiltzea.

I.L.: Askotan, ordea, nik zalantza egiten dut ez ote den lapurtutako denbora hori gehien aprobetxatzen duguna. Asti gutxi izaten dugu, eta horri zukua atera nahi izaten diogu. Osasuna dugun artean ibiliko gara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.