Tere Irastortza: “Zumarragan izan dugun jarraipena ez dugu beste inon izan”

M. I.

Bergarako Idazle Eskolako zuzendaria da Tere Irastortza (Zaldibia, 1961), baita Beasaingo Andramendi ikastolako zuzendaria ere. Horrez gain, idazlea da, eta urtero parte hartzen du Zumarragako Ilunabar Literarioan. Bere azken laneko zatiren bat irakurriko du.

Zein egiteko du Bergarako Idazle Eskolak Zumarragako Ilunabar Literarioan?

Eskolako ikasleek bertan aurkezten dute urtean zehar ekoitzi dutena. Lehenengo urtetik parte hartu dugu, eta Urretxu-Zumarragako literatur zaleekin elkarlanean antolatzen dugu.

Ikasleek soilik ez, zuk ere parte hartzen duzu, ezta?

Bai, normalean, ia urtero irakurtzen dut nire lanaren pasarteren bat. Dena den, ikasleei protagonismoa ez kentzen saiatzen naiz. Aurten oraindik ez dut erabaki zer irakurriko dudan, baina, ziurrenik, nire azken liburuko zerbait izango da.

Ilunabar Literarioa bezalako ekintzak positiboak dira ikasleentzat?

Oso positiboak, harreman bat sortzen delako publikoarekin. Jendaurrean gure testu bat irakurtzean, jendearengan zein eragin daukan ikus dezakegu. Bestalde, idazle modura identifikatzeko ere balio du, baita inguruko idazleak ezagutu eta harreman sareak sortzeko ere. Garrantzitsua da idazleen artean harremanak sortzea, idazketa oso lan pertsonala izaten baita.

Leku askotan antolatzen dira ekitaldi literarioak. Zumarragakoak zein berezitasun ditu?

Orain ohikoak dira ekitaldi literarioak, baina duela hamar urte, Zumarragakoa antolatzen hasi ginenean, ez zen batere ohikoa, eta berritzailea izan zen. Bestalde, Zumarragan izan dugun jarraipena ez dugu beste inon izan. Han eta hemen antolatu izan dira ekitaldiak, baina hamar urtez jarraian inon ere ez. Horrek egiten du oso berezia, eta giro aparta sortzen da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.