“Tokiko beharretara moldatutako eskaintza egitea dugu helburu”

“Tokiko beharretara moldatutako eskaintza egitea dugu helburu”

Ikerne Zarate

Uztailaren erdialdera arte, Udako Ikastaroen 44. aldia egingo du Udako Euskal Unibertsitateak. Eskaintza murriztu du aurten. Neurri horrekin “baliabideak optimizatu” nahi izan dituztela esan du Irati Iziar Udako Ikastaroen arduradunak (Oñati, 1975).

Erreferentea da udako unibertsitatea, eta ikastaroetan parte hartzeko 450 lagunek egin dute matrikula, baina epea oraindik zabalik da. Soziologia, agroekologia, feminismoa, teknologia, biologia… Eskaintza plurala jarri du UEUk aurtengo udan ere, ikasten jarraitzeko gogoa dutenentzat.

Anitza. Hori da aurtengo Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroen leloa. Zergatik?

Ikastaldi bakoitzak badauka nortasun bat. Hori saiatzen gara irudiarekin eta leloarekin islatzen. Anitza aukeratu dugu, askotarikoak direlako gaiak, gai horiek lantzeko moduak eta formatuak. Jardunaldiak, mintegiak, mahai inguruak, ikastaro trinkoak, luzeak, laburrak… askotariko eskaintza dugu alde batetik. Jendea ere askotarikoa da, bai irakasleak, bai parte hartzen dutenak. Batzuk unibertsitatekoak dira; beste batzuk profesionalak, adituak. Alde horretatik ere pluraltasuna dugu. Baina aurtengo berritasuna ikastaroak hartuko dituzten lekuak izango dira. Normalean, Iruñean, Baionan eta Eibarren egiten ditugu, baina aurten Donostian, Zumaian, Bilbon eta Noainen [Nafarroa] ere egongo gara.

Udako ikastaroak jakintza eta aditu euskaldunen topagune direla diozue.

Alde batetik, aurten 30 ikastaro eskainiko ditugu, eta horietatik zazpi jardunaldiak dira. Aditu eta profesional euskaldunak biltzeko oso formatu egokia da jardunaldiarena. Egun bateko jarduera da normalean, gai baten inguruko gogoeta egiteko aukera ematen duena, eta, gainera, jardunaldien helburuetako bat saretzea da, profesional horiek beren artean harremanetan jartzea, eta elkar ezagutzea. Antzeko gaiak lantzen dituztenen arteko hartu-eman horiek erraztu nahi ditugu. Ikastaroak gehiago dira formakuntza, trebakuntza berri bat lortzeko gunea. Udako Ikastaroetan jardunaldiak gero eta pisu gehiago ari dira hartzen.

Azken urteetan 40 ikastaro antolatu izan dituzue, eta aurten 30. Zergatik erabaki hori?

Batez ere, gure baliabideak optimizatzeko egin dugu. Aurreikusten genuen hainbat ikastaro ezberdin, formatu ezberdinekin egitea, eta ongi pentsatu behar genuen zer eta nola eskaini. Ohartu gara asko eskaintzeagatik ez zela ikastaldi arrakastatsuagoa izango. Gutxiago eskaintzea erabaki dugu aurten, baina ondo neurtuta non eta zer. Baionan eta Iruñean izatea ez da kasualitatea. Nahi duguna da bertako euskaldunei egiten zaien eskaintza bat izatea; tokian tokiko behar horiek asetzen saiatzen gara. Baionako ikastaroetan Seaskak irakasleak bidaliko ditu formatzeko. Hori da gure helburua, tokiko beharretara moldatutako eskaintza egitea.

Hiru formatutan banatu dituzue aurten ikastaroak: espezializatuak, dibulgaziokoak eta jardunaldiak. Zein baldintza bete behar dira parte hartzeko?

Printzipioz ez da inolako titulaziorik eskatzen. Baldintza bakarra euskalduna izatea da, euskara hutsean egiten den eskaintza delako. Hala ere, ikastaro espezializatuetan aurretik ezagutzaren bat izatea komeni da. Askotan jendeak pentsatzen du UEUk unibertsitate izena duelako bakarrik unibertsitateko ikasleentzat dela, eta urtero nabarmentzen dugu ez dela horrela, berez interesa daukan edonorentzat dela, ez dela titulaziorik behar. Behar den bakarra da euskaraz jakitea eta ikasteko interesa izatea.

Soziologia, biologia, teknologia… denak du lekua zuen eskaintzan. Zein nabarmenduko zenuke?

Nik neuk modu pertsonalean egingo nituzkeen hiru aipatuko ditut. IKTak Euskal Herrian, Ikerketa, Ezagutza eta Ekintzarako abiapuntu berriak Bilbon egingo dugu. Kuriosoa da, ezberdina; sarean euskarak duen presentzia aztertuko du. Gero eta proiektu gehiago egiten ditu jende euskaldunak, eta horiek nola zabaltzen diren aztertuko dute. Topagunea izan nahi du horretan lanean dabilen jendearentzat. Kontzertu batekin amaituko da ikastaroa, Kafe Antzokian. Han parte hartuko duten lau musika taldeek IKTak eta euskara lantzen dituzte, eta beren proiektua sareetan zabaltzen dute.

Baionan Jakin fundazioarekin antolatu dugun Eta kultura autodeterminatuko balitz? ikastaroa ere gustura egingo nuke. Baionako gaztetxean emango dugu. Oso proiektu polita daukate; gaztea eta euskalduna, gainera.

Azkenik, Sendabelarrak eta Etnobotanika Euskal Herrian ikastaroa aipatuko dut. Eibarren izango da, eta kuriosoa da, aurreko biak bezala. Azken urteetan sendabelarrak eta horien gainekoak modan jarri dira, eta hainbat ikastaro antolatu ditugu. Kasu horretan, gainera, ikastaroa biologoek emango dute, mendi irteera egingo dute eta landareak bertatik bertara ikusiko dituzte. Azken egunean, sendabelarrena noraino den gure tradiziotik datorren herri medikuntza hausnartuko dute, eta noraino iristen den benetako zientzia.

Zergatik hartu parte Udako Ikastaroetan?

Lehenik, interes pertsonala izan behar da ikasteko, etengabeko prestakuntzaren filosofia horren barruan, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte ikasten ari gara. Pertsona moduan garatu eta hobetzeko, etengabe ikasten ari gara. Ikastaldi arina izaten da udako ikastaroena; gainera, informala da, presiorik ez dago, eta jendea parte hartzera dator. Proiektua zabaltzen ari gara; udako ikastaroak gure erakusleiho ezagunena badira ere, urte osoan lanean aritzen gara. Gainera, borondatezko lanean antolatuta gaude, eta hau eskertu egin behar da. Ikastaldi gertukoa eta polita da.

Zenbat parte hartzaile izango dituzue aurten?

Azken urteetan 450-500 lagun inguruk eman dute izena. Aurten, 450 matrikula inguru ditugu, eta oraindik ez dugu epea itxi. Kopuru antzekoetan ibiliko gara.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.ueu.eus

Leave a Reply

Your email address will not be published.