Bi kulturen arteko zubia

Bi kulturen arteko zubia

Olaia Iraola

Donostiako Santa Teresa ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak Wroclaw hirian (Polonia) izan dira astebete pasatzen. Donostia 2016ren barnean dagoen Haurbanistaken barruan sortu dute Zu-bridge proiektua, Urdin Badies Lehen Hezkuntzako 5. mailako tutorearekin eta beste irakasle batzuekin batera. “Zubiak lantzen ibili gara, eta hitz-joko bat egin dugu proiektuari izena jartzeko orduan. Euskarazko zubia eta ingelesezko bridge hitzekin, Zu-bridge sortu dugu”, azaldu du Badiesek. Hilabeteetan bertako kultur etxe bateko ikasleekin elkarlanean aritu dira, eta bi kulturen arteko zubia sortzea zen helburua. Distantzia fisiko eta kultural ezberdinez haratago, pertsonak lotzea, hain zuzen.

Ikasturte osoan Donostiako 32 ikasle aritu dira proiektu honekin, eta horietatik hemezortzi joan dira Wroclawra. “Bidaiara joan edo ez hautazkoa izan da, eta eurek eta familiakoek erabaki dute”, adierazi du tutoreak.

Hilabetean behin Wroclawko ikasleekin harremanetan egon dira Skype bidez, eta hiriko gauzak kontatzen zizkien hiritar talde batek besteari. Horrela, lau-bost konexio egin ostean, Europako beste kultur hiriburura joatea erabaki zuten Santa Teresa ikastetxeko ikasleek. “Konexio horiek ondo zeuden, baina hotzak ziren; hara joatea polita izango zela eta, bertara joaten saiatzea planteatu genuen, baita lortu ere. Estra bat izan da; izan ere, proiektua konexioak egitean soilik oinarritzen zen”, dio irakasleak.

Bidaia antolatzeko prozesua azkarra izan zen arren dirua lortzea ez zela izan hain erraza azaldu du Badiesek: “Ezer ez geneukan lotuta. Udaletxean egon ginen proiektua aurkezten, eta bertatik laguntza bat jaso genuen. Horrez gain, foru aldundiak nahiz gurasoen elkarteak lagundu digute, eta zozketa txartelak ere saldu ditugu. Dirua lortzea izan da prozesuan eduki dugun oztopo bakarra”.

Ekainaren 19tik 25era arte egon dira bertan, eta hango eskolekin izan duten harreman ona azpimarratu du irakasleak: “Hasieran, harremana hotz xamarra izan zen, baina denbora aurrera joan ahala joan zen estutzen”. Kulturari dagokionez ikasleek asko ikasi dutela nabarmendu du. Horrez gain, hegazkinean ibiltzea ere aberasgarria izan zela gehitu du; izan ere, ikasleetako batzuk ordura arte hegazkin bat hartu gabe zeuden. Joan-etorria egiteko, guztira lau hegazkin hartu dituzte, Munichen (Alemania) geldialdia egin behar izan baitute, bai Bilbotik Wroclawra joateko eta baita itzultzeko ere.

Donostian bizi den neska poloniar bat ere joan da Wroclawra, eta tramiteak egiten lagundu die. Besteak beste, hango zinegotzi baten harremana erraztu die: “Donostiatik gurekin joan zen poloniarrak hango zinegotzi batekin harremana lortu zigun, eta horrek asko lagundu digu astebete honetan. Udaletxekoak, oro har, asko konprometitu dira, eta laguntza handia izan dugu euren aldetik”.

Denetarik egin dute donostiarrek Polonian igaro dituzten zazpi egunetan: gaztelania ikasten duten ikastetxe batera bisita egin dute, museoak bisitatu dituzte, zoora joan dira, eguraldi txarra egin dietenean bolatokira joan dira… ikasleen leku gustukoena, ordea, ur parkea izan da, Badiesen arabera: “Aukera posibleetako bat zen ur parkera joatea, baina ikasleei esan genien eguraldiagatik ziurrenik ez ginela joango. Uste baino eguraldi hobea egin digu, eta bertara joango ginela esatean, asko poztu ziren”. Gauza txar bat esatekotan, janariaren kontua izan dela esan du tutoreak: “Bertako jatetxe batekin harremanetan jarri ginen hango egonaldian otorduak bertan egiteko. Mota askotariko zopak zeuzkaten, eta ia egunero zopa edukitzen genuen jateko. Irakasleok oso gustura jaten genuen, baina ez zen ikasleen gustukoena”.

Jende eskuzabala eta jatorra ezagutu duten arren, oro har poloniarrak serioak direla dio irakasleak: “Euskaldunengatik esaten dute, baina poloniarrak ere ez dira atzean gelditzen, gu baino serioagoak dira”. Ingeles mailari dagokionez, ikasleak hizkuntzarekin ondo moldatu direla esan du, eta baita “donostiarrak hangoak baino hobeak” direla ere.

Datorren ikasturteari begira berriro ere Poloniara itzultzea zaila izango den arren, bidaia honek bide berriak irekitzeko eta ideia berriak hartzeko balio izan diela azaldu du: “Oso positiboa izan da bidaia hau egitea, bai irakasleontzat eta baita ikasleentzat ere; asko ikasi dute, eta guri ate asko ireki dizkigu”. Poloniarrak etortzea ere gustatuko litzaieke: “Guk Euskal Herrira etortzeko gonbidapena egin diegu, eta etorri edo ez euren esku dago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.