“Geroz eta jende gehiago saiatzen da AEBetara joaten”

“Geroz eta jende gehiago saiatzen da AEBetara joaten”

Julene Frantzesena

Hamazortzi urterekin joan zen Aitor Zubizarreta saskibaloi jokalaria (Azpeitia, 1995) Portlandera (Oregon, AEB) ikastera eta saskibaloian aritzera; Idaho Collegeko joko antolatzailea eta eskolta da egun. Eneritz Larrañagak (Azpeitia, 1998), berriz, abuztuaren 15erako egon behar du Oklahoman. Joko antolatzailea da, eta hango talde batekin fitxatu du.

Iraurgi taldean hasi zineten saskibaloian, ezta?

ENERITZ LARRAÑAGA: Eskola kirolean hasi nintzen saskibaloian jokatzen. Iraurgiko teknifikazio eskolan hasi nintzen gero, eta, mailaz maila, gaur arte. Aurten emakumeen lehen taldean ere aritu naiz, eta Espainiako Emakumeen Lehen Maila probatu ahal izan dut. Gustura aritu naiz. Gainera, pixka bat jokatzeko aukera izan dut, eta ederra izan da.

AITOR ZUBIZARRETA: Anaia nagusia saskibaloian hastean, haren partidak ikustera joaten nintzen, eta orduan izan nuen lehen harremana saskibaloiarekin. Gainera, etxean ere saskibaloi zaleak ziren familiakoak. Haurra nintzela, teknifikazioan hasi nintzen, eta 18 bat urtera arte aritu nintzen Iraurgin.

Eta, bat-batean, Azpeititik Ameriketako Estatu Batuetara.

A.Z.: Bi urtez Portlandeko Unibertsitateko taldean aritu nintzen. Izan ere, beka bat eskaini zidaten han ikasteko eta Portland Pilots-ekin NCAA-1 ligan jokatzeko. Iaz, Idaho Collegerekin fitxatu nuen; NAIA ligako taldea da —NCAA-2 mailaren parekoa—. Portland Pilots-en ez nuen nahi adina jokatzen, eta taldez aldatzea erabaki nuen. Asmatu nuen, orain gehiago jokatzen baitut. Orain, urtebete geratzen zait, gehienez lau urtez joka daiteke-eta liga hauetan. Ikasketak bukatu gabe gelditzen bazara, ikasten jarrai dezakezu ordainduta, baina ez dute saskibaloian jarduten uzten.

E.L.: Ni Northeastern Oklahoma A&M College taldearekin ariko naiz datozen bi urteetan, gutxienez. Hasieran, unibertsitateek eskaintzak egin zizkidaten, baina esan zidaten bidali nizkien bideoekin ez zirela oso gustura gelditu, eta hobe nuela college batera joatea. Maila baxuagokoak dira college-ak. NJCAA ligan ariko naiz, eta esan zidaten han pare bat urte egindakoan aldatu ahalko nuela taldez. Ikusiko dugu aurrerago unibertsitateek eskaintzarik egiten didaten.

Alde handia al da hemengo eta hango saskibaloiaren artean?

A.Z.: Entrenamendu dinamika oso desberdina da. Goizean 07:30ak aldean entrenamendu saioa egiten dugu. Gero, klasera joaten gara, eta, arratsaldean, berriz entrenatzen gara. Egunero bi entrenamendu egiten ditugu, eta astean ligako bi partida jokatzen ditugu. Igandeak ditugu deskantsatzeko. Diziplina eskatzen dute. Gainera, gutxieneko nota atera behar da saskibaloian aritzeko; hori lortu ezean, ligak ez dizu uzten jokatzen.

Zaleei dagokienez ere, desberdina da. Portland Pilots-en jokatzen nuenean, astero telebistan ematen zituzten partidak. Haiekin jokatu nuen lehen partidara 20.000 ikusle bertaratu ziren. Partida aurretik entrenatzera joan eta ilarak zeuden kiroldegira sartzeko. Oraingo taldearekin desberdina da, 2.000 lagun-edo joaten dira neurketak ikustera. Hala ere, asko dira. Jokoari dagokionez ere desberdina da hango saskibaloia: jokoa azkarragoa da, eta fisikoki prestatzeari garrantzi handia ematen diote.

Denboraldi berriari begira, zer lortu nahi duzue?

A.Z.: Liga irabaztea ederra litzateke. Ni taldera iritsi aurreko bi denboraldietan irabazi zuten liga, eta azken denboraldian ez ginen ondo ibili. Bestalde, han gelditzeko aukera bakarra NBAn aritzea da, eta ikaragarri zaila da hori.

Saskibaloian jokatzeaz gain, bekari esker, AEBetako unibertsitateetan ikasteko aukera duzue.

A.Z.: Enpresaritza ari naiz ikasten. Etxeko lan asko bidaltzen dituzte, eta notan pisu handia dute horiek. Kontrolak ere dezente egiten ditugu. Baina, oro har, ondo.

E.L.: Kasualitatea da; nik ere enpresaritza ikasketak hasiko ditut.

Hara joateko gogoz al zaude?

E.L.: Bai, gogoarekin nago, abuztuaren 15a iristeko desiratzen. Ez dakit zerekin egingo dudan topo, baina… Taldekideen izenak ere ez dakizkit, baina entrenatzailearekin dezente hitz egin dut. Miami izeneko herri batera noa, eta han erresidentzia batean biziko naiz taldekideekin.

Noiz jakin zenuen AEBetara joango zinela?

E.L.: Iaz, saskibaloi jokalariei AEBetara joaten laguntzen dien talde bateko kideak ezagutu nituen Espainiako Txapelketan. Haiek lagundu didate unibertsitatearekin harremanak egiten, taldea bilatzen…

Ohikoa al da halako beka bat jaso eta AEBetara joatea?

A.Z.: Gaur egun, geroz eta jende gehiago saiatzen da AEBetara joaten. Doan ikasteko aukera ematen du bekak eta… Gainera, ingelesa ikas dezakezu egonaldian. Eta esperientzia ederra da.

E.L.: Bai. Selekzioan-eta ezagutu dudan jendea joan izan da hara, eta aurten ere badoaz batzuk. Nire inguruko jendeari ere egin dizkiote eskaintzak.

Hiru urte daramatzazu han, Aitor. Erraz moldatu al zara hara?

A.Z.: Hasieran kosta zitzaidan. Ukrainar bat egin nuen lagun, biok batera iritsi ginen Portlandera, eta harekin ibiltzen nintzen beti. Hasieran barre egiten ziguten hizkuntzagatik-eta, baina aguantatu egin behar! Lehen hilabeteak gogorrak dira: ingelesez ikasi behar, unibertsitatean hasten zara…

Eneritzentzat aholkurik bai?

A.Z.: Gurasoei gezurra esan gaizki pasatzen ari zarenean, asko kezkatzen dira eta. Horrez gain, lasai egon jendeak barre egiten badizu, ez hartu gaizki. Eta, batez ere, irekia izan eta jendea ezagutzen saiatu. Garrantzitsua da lagunak egitea, bakarrik egonda edonork lagun zaitzakeelako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.