Infernutik at nahi dituzte

Infernutik at nahi dituzte

Asier Perez-Karkamo

Maiatz hasieran, Hondarribiko boluntario talde batek bost egun igaro zituen Katsikasko errefuxiatuen kanpalekuan (Grezia). Herrian bildutako 30 tona arropa banatzera joan ziren, baina beste hamaika lan gehiago egin zituzten. Errefuxiatuekin harreman oso estua izan zuten, eta, Euskal Herrira itzulita, beste urrats bat egiten saiatzea erabaki zuten. Familiak ekarri nahi dituzte, okerren daudenetatik hasita.

Emeki emakume elkarteak abiatutako kanpainan bildutako arropa banatzera joan ziren boluntarioak Katsikasera. “Bileretan kezka bat azaldu zen. Nola jakin arropa hori benetan iristen zela? Horregatik planteatu zen boluntarioak joateko aukera, banaketa egiten zela kontatzeko”, adierazi du Leire Miguez Emekiko presidenteak. Joan den astean abenturaren kontakizuna egin zuten Itsas Etxea auditoriumean, eta boluntarioek han jakinarazi zieten herrikideei Katsikastik ekarri dituzten asmoen berri: “Hura ez da pertsonak bizitzeko toki bat”, azaldu zuen Marije Zapirain boluntarioak, “eta handik atera nahi ditugu”.

Katsikasen egondako bost egunak “gogorrak baina zoragarriak” izan ziren, Izaskun Eizagirreren arabera: “Arropa familien artean banatu genuen, bakoitzari behar zuena emanez, baina baita gustuko zutena ere, haien duintasuna zaindu nahi genuelako. Jertse bat hartu, probatu, eta ondo ez bazuten, itzuli egiten zuten, eta beste bat aukeratzen zuten. Hori asko eskertu ziguten”. Baina beste gauza asko egin zituzten Hondarribiko boluntarioek Grezian, eta iheslari familiekin harreman oso estua eduki zuten. Eizagirrek erantsi duenez, “haurrekin jolastu, scooby doo-ak [eskumuturrekoak] egiten irakatsi, jaioberriak bainatzen lagundu, haurrei zorriak kendu, eguzkitako krema eman…”; ia denetarik egin zuten han.

Eta erabat hunkituta itzuli ziren Euskal Herrira. “Buelta oso gogorra izan zen”, aitortu du Zapirainek. “Gu etxean eroso eta beraiek han, harrien gainean lotan, bizi-baldintza haietan, etsita”. Horregatik, zerbait egin behar zutela erabaki zuten: “Katsikasko infernutik atera behar genituen”. Ordurako bazekiten Gipuzkoako Batzar Nagusietan euren esperientzia entzun nahi zutela, etorriko diren errefuxiatuen gaia lantzen ari den ponentzia baten harira, eta aukera hori baliatzea erabaki zuten.

Duela bi aste izan ziren Batzar Nagusietan. Hitzez, argazkiz eta bideoz, Katsikasen bizi izandakoak kontatu zituzten. “Harrera oso ona izan genuen, gure kontakizunak bihotza ukitu zien, eta zerrenda aurkezteko aukera izan genuen”, erantsi du Zapirainek. Horri esker, errefuxiatuen gaia lantzeko sortu den erakundeen arteko mahaian Katsikasko familia ahulenen asilo eskaerarekin zer egin ote daitekeen eztabaidatzen hasi dira.

Hauskorrenen zerrenda

Katsikasen geratu ziren boluntarioek programa bat abiatu zuten han bizi diren errefuxiatu familien beharrak zehazteko eta hauskortasun mailakatze bat ezartzeko. Hondarribitik eskaera egin zieten: “Zerrenda eskatu genien, familia hauskorrenen zerrenda bat, gaixo larriak dituztenak, Europako beste herrialdeetan seniderik ez dutenak, eta Euskal Herrira etortzeko prest daudenak”. Eizagirreren hitzetan, zerrenda horrekin ate-joka hastea zen helburua.

Maria Peñalosa da gipuzkoarrentzat Katsikasko familien zerrenda osatu duena. Martxotik dago Katsikasen, eta boluntarioen koordinatzaileetako bat da. Familiak aukeratzeaz gain, haien dokumentazioa biltzen aritu da, pasaporteak eskaneatzen, txosten medikoak eskatzen, familia bakoitzaren istorioa idazten… “Ez da erraza. Batetik, familien baimena behar duzu eskaera egiteko, baina ezin diezu esperantzarik eman, euren etsipena oso handia delako. Eta, bestetik, dokumentazioa biltzea asko kostatzen zaigu, txosten medikoak batez ere, batzuek itsasoan edo bidaian galdu dituztelako eta hemen mediku espezialistarik ez dagoelako, errefuxiatuetako batzuk aberrigabeak direlako… Ez dakigu zerbait lortuko ote duten, baina errefuxiatuak oso eskertuta daude Hondarribian egiten ari direnarekin”.

Itsas Etxean egindako ekitaldian Katsikastik bidalitako bideo pare bat proiektatu zituzten. Horietako batean, Ahmed gaztea ageri da, irribarre handi batekin aurpegian, euskaraz eskerrak emanez. Boluntario bizkaitar batekin euskara ikasten ari da Katsikasen, eta haren agerraldiak ezustean harrapatu zituen Itsas Etxeko harmailetan eserita zeudenak: “Hondarribira joan nahi dut”, dio gazteak bideoan. Eta Hondarribira ekartzen saiatzen ari dira maiatz hasieran Katsikasera bidaiatu zuten zazpi boluntarioak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.