Erantzulea, giza arduragabekeria

Erantzulea, giza arduragabekeria

Eider Goenaga Lizaso

Ez gaitzazu utz”. Horrelaxe egiten dio bisitariari ongietorria Zuhaitz-pe animalien babeslekura iristean topatzen duen afixak. Hiruzpalau poni eta asto parea hurbildu dira hesira; ogia ematera joandako ama-alaben eskutik ari dira jaten. Ondoren, hesiz inguratuta, untxiak daude; eta, barrura sartzean, kaioletan, txakurrak eta katuak. Kalean topatutako 140 txakur eta 350 bat katu dituzte gaur egun. Gemma de la Peña Zapirain babeslekuko langileak dioenez, ia egunero iristen zaie txakur bat babeslekura. “Astean iristen zaizkigun zazpietatik bost-edo galdutako txakurrak dira, eta jabeak etortzen dira bila; baina besteak abandonatutako txakurrak dira, jabeek kalean utzitakoak. Horiek gurekin gelditzen dira, norbaitek begiz jo eta etxera eramatea erabaki arte”.

1997an ireki zituzten Zuhaitz-peko ateak, eta ia hogei urte daramatza De la Peñak bertan lanean. “Gipuzkoako Animalien Babeserako Elkartea, ordea, askoz ere lehenagotik ari da lanean. Gipuzkoan bazkide asko izan ditu beti elkarteak, eta horiei esker erosi zuten toki hau, eta horiei esker egiten dezakegu lan hau”. Bazkideez gain, txakurrentzako ostatua, albaitaritza kontsulta eta denda daude Zuhaitz-pen, eta hortik ateratzen den diruari zein udalekin dituzten hitzarmenei esker eusten diote egitasmoari.

Hitzarmenak udalekin

Udaletatik abisua jasotzen dutenean joaten dira Zuhaitz-pekoak txakurraren bila. “Gu ez gara ibiltzen abandonatutako animalien bila, udalek deitzen digute. Animalien babeserako legeak behartu egiten ditu udalak kalean dabiltzan animaliak jaso eta 30 egunez mantentzera. Baina udalek ez dute azpiegiturarik txakurrak edukitzeko, eta hitzarmenak ditugu Gipuzkoako ia udal guztiekin”. 30 eguneko tarte hori izaten dute jabeek txakurra berreskuratzeko; “eta behin 31. egunetik aurrera, haien bila inor etorri ez bada, gure kargu gelditzen dira”. Udalak 30 eguneko egonaldia ordaintzen du, eta hortik aurrera babeslekuaren gain gelditzen da mantenua.

Animaliak adopzioan ematea da babeslekuaren helburua. “Gure helburu nagusia animalia hauei familia bat, jabe bat, etxe bat bilatzea da. Baina, inor etortzen ez bada, guk zaintzen ditugu”. Txakurrak kaioletan egoten dira, eta tamainaren eta sexuaren arabera sailkatzen dituzte. Zortzi-hamar txakur egoten dira kaiola batean, eta egunean bitan zabaltzen diete atzeko atea, aldameneko belardian ibil daitezen, kaiola garbitu bitartean. “Txakur arriskutsu gisa sailkatutakoak, berriz, aparteko kaiola batzuetan izaten ditugu; kumeak ere bai; eta baita iritsi berriak direnak ere, bizpahiru egunez”.

Gaur egun toki arazorik ez dutela dio De la Peñak. “Baina, garai batean, toki arazoak genituenean, txakurrak sakrifikatu egin behar izaten genituen. Jendeak ez du begi onez ikusten, eta askok ez dute ulertzen, baina toki arazoak daudenean ez dago beste irtenbiderik. Txakurrek samalda osatzen dute, zortzi-hamarreko taldea egiten dute, eta zuk kaiolan gehiago sartzen badituzu, beraiek dira sobera dagoena garbitzen dutenak”. Halere, helburua animaliei bizirik eustea dela azpimarratu du De la Peñak, tarteka bestelako neurriak hartu behar izan diren arren. “Badakit gogorra dela, baina hori da errealitatea, eta argi dago honen erantzulea zein den: giza arduragabekeria”.

Txakurrak abandonatzearen inguruko kontzientzia, “zorionez”, gero eta handiagoa dela uste du De la Peñak. “Hainbeste hitz egin eta hainbeste kanpaina egin ondoren, nik esango nuke gero eta txakur gutxiago uzten direla kalean, baina oraindik abandonatzen dituzte. Eta gerta liteke, kasu bakanen batean, txakur jabeak beste irtenbiderik ez izatea, baina gehienetan utzikeria eta arduragabekeria dago horren atzean. Gezurra badirudi ere, oraindik badaude Eguberrietan umeei txakurkumeak oparitzen dizkieten gurasoak”.

Txakurra kalean utzi baino lehen babeslekura eraman daitekeela nabarmendu du De la Peñak. “Arduraz jokatzen duenak, txakurra abandonatu beharrean, hemen uzten du. Normalki, guk ez dugu arazorik jartzen onartzeko”. Hori esan eta berehala, bikote bat hurbildu da babeslekuko harrerara; banantzera doazela-eta, 15 urteko txakurra bertan utzi nahi dutela esan diote De la Peñari. “Ezetz esan diet. Nola utziko duzu 15 urteko txakur bat hemen? Bere burua hiltzen utziko luke, ez luke jango, ezta egunero txuleta bat emanda ere! Adin horrekin, zenbateko bizitza geldituko zaio, bada? Urtebete?”. Txakurrarekin bueltan bidali du bikotea, eta txakurrari merezi duen moduan hiltzen uzteko eskatu die.

Gertatutakoa salbuespena dela azaldu du De la Peñak. “Normalean, denak hartzen ditugu, bestela kalean bukatuko dutelako. Espero dut hauek halakorik ez egitea”. Adoptatzeko garaian ere ez dutela traba handirik jartzen adierazi du. “Hona datorrenak badaki zerbait, dendara joan beharrean abandonatutako txakur bat hartzea erabaki du, eta horrek erakusten du gutxieneko kontzientzia bat badutela”. Txakurra eraman nahi dutenei elkarrizketa bat egin, datuak hartu eta txakurra aukeratzen uzten diete. Aukera handia da: arraza garbikoak (pitbullak, artzain txakur alemanak, setterrak, cockerrak…) zein nahasiak, handiak zein txikiak, kumeak zein helduak. “Adoptatzera etortzen direnean ez dituzte beti kumeak nahi, ezta beti arrazakoak ere. Denetik dago. Gehienetan, buelta bat ematen dute, txakurrak ikusten dituzte, guri galdetzen digute eta bat gustatzen zaienean, etxera eramaten dute”.

Pozik hartzen dituzte Zuhaitz-pen txakur bat adoptatzera etortzen direnak. Baina txakurrik gabe bueltan bidalitakoak ere izaten dira. “Umearentzako txakur bila etorri ziren lehengoan guraso batzuk. Ez zegoela erantzun nion. ‘Nola ez dagoela txakurrik?’, galdetu zidan, harridura aurpegiarekin. ‘Ez, ez, ez dago 5 urteko ume batentzako txakurrik’, erantzun nion. Txakurra edukitzeak ardura handia eskatzen du. 15 urte biziko da, eta heldu baten beharra du zaintzeko. Esku hutsik joan ziren”.

Ez zen izan Zumarragako Izaskun Zubimendiren eta haren bikotekidearen kasua. Donostiara joaten direnean, noizbehinka, gustatu egiten zaie babeslekura bisita egitea. “Duela hiru urte adoptatu genuen txakur bat hemen. Bagenuen beste bat garai hartan, baina zahartzen ari zen, eta bigarren txakurra hartzea erabaki genuen”. Zuhaitz-pera bisitak egitearen ondorioz erabaki zuten txakurra adoptatzea. “Arraza nahastuko bat hartu genuen. Pintto. Emozio bidez erabaki genuen zein txakur hartu. Txakurkumea zen, amarekin zegoen goxo, eta gustatu egin zitzaigun”.

Katuak, antzututa

Hala ere, Zuhaitz-pen gehiago dira katuak txakurrak baino. “Hogei urte daramatzagu kaleko katuen kolonia osoak antzutzen. Antzutu eta berriro askatu egiten ditugu. Baina, batzuetan, katu talde handiak biltzen dira komeni ez den tokietan —eraikinek jan dituzten tokietan, adibidez—, eta horiek hona ekartzen ditugu”. Udalei katuen kargu egitea txakurrekin baino gehiago kostatu zaiela dio De la Peñak. “Asko kostatu zaigu, baina ari dira. Izan ere, katuak ere animaliak dira, eta animalien babeserako legeak denak babesten ditu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.