Ia etxean baino hobeto

E. Goenaga Lizaso

Badator opor garaia, eta laster Ttakun Aiako Manterola txakur hotelera eramango dute oporrak igarotzera. Edurne Aiuso (Irura) eta haren familia Frantzia hegoaldera doaz oporretara, eta kanpinean txakurrak onartu arren, ez zaie iruditzen toki onena denik txakurrarentzat. Bero egiten du han, autoan bidaia luzea egin behar dute, eta hondartzara ere ezin dute eraman, freskatu bat hartzera. Baldintza horietan, nahiz eta hotelean uzteak kostu gehigarria eragiten dien, nahiago dute txakurra bertan utzi.

Hamabi urte ditu txakurrak, eta urtea bete gabe zuela utzi zuten lehendabizikoz Manterolan. “Gu Kubara gindoazen, eta ezin genuen eraman. Triste samar gelditu zen, eta niri sekulako pena eman zidan. Negarra ere egin nuen, txakurra ondo zainduta egongo zela jakin arren. Aitari esan nion hotelera deitzeko, txakurra zer moduz zegoen galdetzeko”. Gerora, behin egin dute oporretan eurekin eramateko proba. “Kanpinera eraman genuen, baina Ttakun oso txakur urduria da, eta ez zuen batere ondo pasatu, eta, ondorioz, guk ere ez. Ez dugu gehiago eraman”.

Bi eguneko irteera egiten dutenetan, bizilagunarekin moldatzen dira txakurra uzteko. “Izan ere, hotela eta bertako langileak oso ondo ezagutzen dituen arren, Ttakun-ek ez du ondo pasatzen lehen bi egunetan; triste egoten da, eta ez du jaten”, azaldu du Aiusok. “Bi egunetik gora irteten bagara, hotelean uzten dugu. Garai batean, bi eguneko irteerak egiteari utzi egin genion”.

Manterolan txakurra “etxean baino hobeto” dagoela dio Aiusok. “Han dauden belardiak ez ditu etxean, eta errekan ere nahi dutenean bainatzen dira; aske egoten dira ia egun osoa, eta oso ondo daude”. Hala ere, Ttakun-ek Manterolako atea ikusten duenean atzera egiten duela aitortu du Aiusok, berriro autoan sartzen saiatzen dela.

Aiusorentzat Ttakun familiako beste kide bat da, eta gainerakoen ongizatea bezain garrantzitsua da harena. Ez du ulertzen jendea nola izan daitekeen gai txakurrak abandonatzeko. “Behin izan nintzen Zuhaitz-pen, eta nahiz eta badakidan ahal duten guztia egiten dutela, eta animaliak abandonatzen dituenaren errua dela txakurrak egoera horretan egotea, pena izugarria eman zidaten. Tamalgarria da txakurrak horrela abandonatzea”

Manterola hotela 1990ean ireki zuten. “Hemen inguruan horrelako lehen hotela izan zela uste dut”, dio Maider Irureta langileak. Egun, dozenatik gora hotel daude Gipuzkoan. 10.000 metro koadroko lurrak ditu Manterolak, eta txakurrak aske ibiltzen dira. Txakur handiak, gainera, paseatzera eramaten dituzte, ibilbide luzeagoak egiteko. “Gauez txakurrak geletan sartzen ditugu. Oheak eta sofak dituzte, eta hor egiten dute gaua”. Txakur txikiak, berriz, etxean izaten dituztela azaldu du Iruretak. “Txakur horiek jabearekin bizitzen ohituta daude, gertutasuna behar dute, kontaktua, eta gurekin edukitzen ditugu. Uneotan hamalau txakur txiki daude gurekin etxean”. Katuak ere hartzen dituzte.

Udaldia izaten da Manterolan lan gehien duten garaia, eta, horren ondoren, asteburu luzeak eta Aste Santua. “Ehun txakur inguru izaten ditugu hemen udan, eta jende askori ezetz esan behar izaten diogu, ez baitzaigu gustatzen txakurrak pilatuta edukitzea”. Bost lagunek egiten dute lan Manterolan. “Hemen lan egiteko baldintza bakarra animaliak eta, bereziki, txakurrak asko gustatzea da”. Txakurra hotelean uzteak 16 euro balio du eguneko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.