Euskal Herriko txapela herriratzeko prest

Julene Frantzesena

Joan den uztailaren 3an Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa bosgarrenez irabazita, Euskal Herriko finalera begira dira Azpeitiko pilotariak. Izan ere, txapelketa horretako Gipuzkoako ordezkariek bideratuta daukate Zigoitiaren (Araba) aurkako kanporaketa, joanekoa 3 eta 0 irabazita. Gaur jokatuko dituzte itzuliko partidak, etxetik kanpo, 19:00etan hasita.

Lan erdiak eginda, finala pauso txiki batera dute azpeitiarrek. Dena den, “partidak irabazi edo, gutxienez, tanto batzuk egin” beharko dituztela eta finalerako sailkatzea lortuko duten ikusteko dagoela diote Julen Egigurenek (Azpeitia, 2000), Gorka Iriartek (Azpeitia, 2000) eta Markel Etxanizek (Azpeitia, 1992).

Egigurenek kimuetan jokatzen du Unai Alberdirekin; Gorka Iriarte Jon Alberdirekin aritzen da gazteetan, eta Etxanizek eta haren bikote Dani Murgiondok seniorretan ordezkatzen dute Azpeitia. Dena den, lesioak direla medio, hainbat aldaketa izango dira azpeitiarren artean gaurko partidetan; izan ere, min hartuta daude Egiguren eta Etxaniz, eta kanpoan da Murgiondo. Hala, bikote guztiek jasango dituzte aldaketak: kimuetan, Unai Alberdik eta Gorka Iriartek jokatuko dute; gazteetan, Jon Alberdik eta Mikel Unanuek; eta, seniorretan, Jurgi LarraƱagak eta Andoni Aizpuruk.

Hirugarrenaren bila

Azpeitiko pilotariek 2008an jantzi zuten aurrenekoz Euskal Herriko txapela, eta iaz bigarrenez. Aurten, Gipuzkoako Txapelketa irabazita, Euskal Herriko finalera iristeko pauso bat emateko faltan dira. Azpeitiarrek badakite esku-eskura dutela finalerako pasea, eta, haien aburuz, Doneztebe (Nafarroa) izango da beste finalista. Hala dio Etxanizek: “Lehenengo guk sailkatu behar dugu finalerako, eta, sailkatzen bagara, itxura guztien arabera, Doneztebe izango dugu aurkari”. Egigurenek uste du “zaila” izango dela nafarrei irabaztea. “Kluben arteko Berria Txapelketan pilotari horien aurka jokatu genuen finala, eta antzeko taldea aterako dute herriartekoan: kimuen partida gogorra izango da; gazteena, oso zaila, eta seniorrena ere, zaila. Hala eta guztiz, saiatuko gara irabazten”.

Badira desberdintasunak herrialdekako herriarteko txapelketen artean. Gipuzkoan, adibidez, herri baten izenean jokatzeko, herri horretan erroldatuta egon behar du pilotariak; Nafarroan, aldiz, ez. Hori “desabantaila” moduan ikusten dute azpeitiarrek. “Orain, uste dut aldaketak egin dituztela legedian, eta, erroldatuta zauden herriak taldea ateratzen badu, han jokatu behar du pilotariak. Normala ere bada, herri txikiak dira-eta asko. Doneztebeko taldean, esaterako, kimuetako atzelaria soilik da herrikoa”, azaldu du Etxanizek.

Zaleen beroa, “eskertzekoa”

Azpeitiko Frontoi Txikia leporaino bete izan da Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan etxean jokatutako partidetan. Etxanizek dio “eskertzekoa” dela zaleen berotasuna: “Partidetan asko laguntzen dute. Aurreko astean Zigoititik etorritako jarraitzaileak txundituta gelditu ziren frontoian zegoen zale pilarekin. Sanferminak ziren, eta gazte ugari joan zen Lesakara eta IruƱera, baina, hala ere, bete egin zen frontoia. Horrela jokatzea ikaragarria zela esan ziguten. Ez dugu kexatzerik”.

Iriarteren aburuz, “herriartekoan eta, Azpeitiaren izenean jokatzean, jendeak bere egiten du pilotarien taldea. Herriarteko Txapelketa bere sentitzen du jendeak, eta hori ederra da”. Ildo beretik hitz egin du Iriartek: “Edozein txapelketatako partidetan ez da hainbeste jende izaten. Aldiz, Azpeitiaren izenean jokatzean, bete egiten da Frontoi Txikia”.

Hiru pilotariak gustura dira zaleekin, eta harrokeriarik gabe baina harrotasunez diote Azpeitian “indar handia” duela pilotak. “Gipuzkoako Herriarteko finalean, 1.400 lagun izan ziren Atano III.a pilotalekuan, eta horietako asko azpeitiarrak ziren. Azken urteetako jende gehiena izan zen, eta giro ezin hobea. Etxean jokatu ditugun partida guztietan goraino bete da Frontoi Txikia. Eskertu egiten da hori; izan ere, gustura jokatzen dugu jendearen aurrean eta haien babesarekin”.

Badute segida

Ilunpe Azpeitiko pilota elkartea “osasuntsu” dago, eta gustura dira elkarteko kideak. 70 haur eta gaztetxo inguru aritzen dira gaur egun herriko pilota eskolan, eta Etxanizek dio horietako asko “ondo moldatzen” direla. Horregatik, uste dute herriarteko txapelketetan-eta “aurrera egiteko aukera” izango dutela etorkizunean, “zorte pixka batekin”. Egigurenek azaldu duenez, “jarraipena badago”, eta “datozen urteetan ere talde polita” atera ahalko dute Herriarteko Txapelketan. Iriartek dioenez, beraiek gaztetxo zirenean baino gaztetxo gehiago dabil orain pilotan, eta horrek poza ematen dio.

Pilotariek diote oso giro ona dutela beren artean. Eta, Iriartek dioenez, oso garrantzitsua da elkarrekin ondo konpontzea, taldea sendo egon dadin. Hala eta guztiz, jakitun daude pilota munduan aurrera egitea “oso zaila” dela. Hala dio Etxanizek: “Herriartekoaz gain, gehienbat torneo pribatuak egiten dira, eta zaila da aurrera egitea. Hastea da errazena, baina gero jarraipena ematea zaila. Horrela dago pilota mundua. Bakarkako kirola da, eta kirol gogorra”.