“Euskara gustagarri eta gozagarri nola egin pentsatu behar da”

Olaia Iraola

Duela zortzi-hamar urte ingurutik antolatzen ditu AEK-k familia barnetegiak Adunan. Aurten hilaren 18tik 31ra arte iraungo du. Helduek goizetan klaseak edukiko dituzte sei orduz, eta umeek begiraleekin jolasak egingo dituzte. Arratsaldeetan helduak eta haurrak uztartuko dituzten ekintza kooperatiboak egingo dituzte. Adibidez, eskulanak.

Zenbat jendek eman du izena Adunako barnetegian?

Bederatzi heldu eta hamabi ume apuntatu dira, eta bi irakasle eta bi begirale izango dituzte. Gurasoetako bat edo biak joan daitezke umeekin. Gehienetan ama edo aita, bietako bat etortzen da, eta ez biak. Nafarroan eta Bizkaian euskal ekosistema aurkitzea ez da erraza, eta barnetegiek horretarako aukera ematen die.

Ikasle kopurua aldatu al da urteetan zehar?

Urtetik urtera gora doa ikasle kopurua. Asetasun inkestetan emaitza onak ateratzen dira. Familia barnetegiak oso merkeak dira, eta horrek ere animatzen du jendea izena emateko orduan.

Zer helbururekin apuntatzen dira?

Familia barnetegien helburua familia ohiturako hizkuntza aldatzea da. Hau da, helduek eta umeek euskaraz dakite, baina gero etxean gaztelaniara jo ohi dute. Euskarazko ekosistema batean euskaraz ikasten dute, eta barnetegitik etxera itzultzean arazorik gabe hitz egiten dute euskaraz. Euskara gustagarri eta gozagarri nola egin pentsatu behar da, eta hortik abiatzen gara.

Helburu nagusia, beraz, ez da tituluren bat ateratzea.

Azpi-helburua EGA azterketa ateratzea izan daiteke, baina helburu nagusia ez. Helburu nagusia familiako hizkuntza ohitura aldatzea da. Bigarrena naturaltasuna, jariotasuna eta konfiantza hartzea izango litzateke, eta hirugarrena, titulua ateratzea. Geroz eta gehiago da azkenengo hori.

Mailakatzen al dituzue ikasleak?

Talde bat baino gehiago antolatzerik ez dugu nahi izaten. Izan ere, hori kudeatzea zaila da. Familia barnetegi bakoitzean talde bat ateratzen saiatzen gara. 16-17 ikasle ingurura heltzen direnean, bi talde egiten ditugu. Aurten eskaera handia egon da, eta ikasleak mailaka banatu ditugu. Batzuk Arantzara [Nafarroa] joango dira eta besteak, Adunara.

Nongo jendea joaten da familia barnetegira gehienbat?

Barnetegira joaten den jende gehiena nafarra edo arabarra da. Haientzat ez da hain erraza euskaraz hitz egiteko leku bat topatzea, eta barnetegira joaten dira. Bizkaitarrak ere badaude, eta gutxienak Gipuzkoakoak dira. Oso gutxi dira horiek. %10era ez dira iritsiko ziurrenik.

Nafarroan eta Bizkaian ere baditu AEK-k barnetegiak.

Zerbitzu berbera eskaintzen da hiru lekuetan, beste ezaugarri batzuekin eta beste irakasle batzuekin. Ikasle kopuru aldetik antzera ibiltzen dira.

Baldintzarik ba al dago familia barnetegian izena emateko orduan?

Barnetegiko umeek 4-12 urte bitarteko adina izan behar dute, eta gutxieneko maila B1 eduki behar dute. Euskalduntze barnetegietan baino gehixeago eskatzen da familia barnetegietan.

Zer egoeratan ikusten duzu euskara gaur egun?

Eredu formaletan geroz eta egoera hobean dago, eta badu espazioa. Eredu informalean, aldiz, asko dago egiteko. Lagun artean hanka motz ikusten dut euskara. Gipuzkoan ia dena euskaraz egiten da. Bizkaira joatean, berriz, behartuta nago gaztelaniara aldatzera. Errealitate linguistikoa herri batetik bestera oso ezberdina da.

Nolako etorkizuna ikusten diozu euskarari?

Urte txarrenak pasa direla uste dut. Bagoaz aurrera. Orain, euskara erakargarri nola egin pentsatu behar da, profilak ahaztuta. Komunikatzeko tresna bat dela kontuan hartu behar da, eta ez tituluren bat ateratzeko edo lanerako beharrezkoa den zerbait soilik. Uste dut jendeari gorrotoa horrek sortzen diola, lanerako edo ikasketetarako titulu bat ateratzeak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.