[Herriz herri] Bergara. Parterik aparte gera ez dadin

[Herriz herri] Bergara. Parterik aparte gera ez dadin

Maite Alustiza

Lehen aldiz, ikastolaren aldeko jaialdi batean igo ziren oholtzara. 1966. urtean izan zen, Bergaran, herriko jaien inguruan. 50 urte geroago, Urretxindorrak taldeak Aitorren hizkuntz zaharra, Mendiko puntatik eta beste hainbat kantu abestu ditu herritarren aurrean. Joan den larunbatean, omenaldi hunkigarria egin zieten udal pilotalekuan, Urretxindorren Lagunak taldeak antolatuta. Herriko eragile ugarik parte hartu zuten ekitaldian; ikusleen artean, berriz, herrikoak zein kanpokoak. Duela 50 urte bezala, ikastolaren aldeko jai bat hartuko du aurten Bergarak, urriaren 2an. Egun horri begira, prestaketetan buru-belarri dabiltza Aranzadi ikastolakoak, Demasa izan dadin. Besteak beste, 2.000 boluntario lortzeko erronka martxan dute. Urria iritsi arte, kirol eta kultur arloko ekintza ugari antolatzen dihardute: gaurko, emakumeen txirrindulari lasterketa prestatu dute (18:30ean, erdigunetik). Irailean, berriz, Kultura Hamabostaldia egingo dute, bi urteurren aprobetxatuta: Aranzadi ikastolaren 45. urtemuga eta Kilometroak jaiaren 40. aldia.

Parte hartzeari garrantzi berezia eman diote Bergarako Kilometroen egitaraua osatzeko. Jaia herritarrentzat antolatu beharrean, herritarrekin antolatu nahi izan dute. Besteak beste, haurrena izango den espazio bat eratzeko, Blai-blai prozesua gauzatu dute.

Udala eta parte hartzea

Bergarako udal gobernuarentzat ere garrantzitsua da herriko eragileekin hartu-emanean aritzea. Elena Lete alkateak azaldu duenez, hainbat alorretako herritarrekin lanean ari da udala; horren adibide, kultur eragileen batzarra, jaietako batzarra, kirol eragileena eta gizarte eragileena osatu izana. “Nabarmendu behar da berdintasunaren mahaia osatzeko pausoak eman direla, berdintasun esparruan lan egiten duten eragileekin lehenengo ekintza egin dela, eta hurrengo pausoa emateko oinarriak ipintzen ari garela”. Ekonomia sustatzeko ere, bi forotan ari dira parte hartzen, Berelan foroan —Bergara, Elgeta eta Antzuolako udal eta eragileak batzen dira— eta Bergara Bizi programan —merkataritza arloan—.

Urtebeteko jardunean, udal gobernuaren “adierazle nabarmen bat” parte hartzea izan dela dio Letek: “Zeharkako helburua dela ulertzen dugu gobernuaren eginkizun guztietan”. Abian jarritako hainbat prozesu aipatu ditu, herrian egindako lehen galdeketa, esaterako: hondakinen gaikako bilketari buruzkoa. Azaroan egin zuten, eta prozesuarekin ez ezik, emaitzarekin eta ondorenarekin ere pozik agertu da alkatea: “Oso ondo joan zen bosgarren edukiontziaren ezarpena”. Gaineratu duenez, maiatzeko datuen arabera gaikako bilketa %83,81 izan da. “Oso datu ona da, herria zoriontzeko modukoa. Bergararrok arduraz jokatzen dugula erakusten digu, hezitako herri bat garela”.

Kultur esparruan ere sustatu nahi izan dute parte hartzea: Errege Seminarioan, Obretan baina zabalik programa martxan izan dute. Gasteizko Andre Mariaren katedraletik hartu zuten ideia, eta, obretan ere, herriko ondarea erakutsi nahi izan diete herritarrei. Leteren arabera, Errege Mintegiko aretoko obrak aurreikusitako martxan doaz. “Ondareak emandako izendapenaren barruan lanean gabiltza, monumentu izaera berezia daukan eraikuntza bat da, eta bere baldintzak eta erronkak ipintzen dizkigu. Eraikuntzak berak bere mugak eta aukerak ematen dizkigu”.

Obra eta erretaularen berreskuratzea aurten bukatzea espero dute, eta gero hornitu egingo dute: “Eszenan aditua den enpresa bat kontratatu dugu, eta proiektu hori garatzen ari da, kultur eragileekin lanean, eta, noski, udal kultur teknikariekin elkarlanean; azken finean, horiek izango dira ekipamendua erabiliko dutenak eta Bergarako ezaugarriak ezagutzen dituztenak”. Parte hartze bidez bideratutako beste proiektuen artean aipatu ditu Zubieta kaleko urbanizazio proiektua, Agorrosingo harmailena —hilabete honetan bukatuko dute— eta Labegaraieta auzoko kirolgunea eta haren inguruko aisialdi eremuaren erabilera definitzeko prozesua.

Landa eremuari lotuta, auzo guztien beharrak batzeko eta koordinatzeko lanketa egiten ari dira. “Plangintza bat osatu nahi dugu, non gure ondorengo lana adierazita geratuko den”. Lan horretan auzoen artean “oreka eta garapen berdintsua” bilatuko dute.

Koherentea eta eraginkorra

Parte hartzeaz gain, “koherentzia” da gobernuaren zutabeetako bat. Letek dioenez, euren jardunak oposizioan zeudenean egindako lana eta esandakoa dauzka oinarrian: “Gobernuaren ardura hartu genuenean ez ginen hutsetik hasi, baizik eta aurrelan horren guztiaren jarraibidea egin dugu”.

Udaleko alderdien artean, lehen aldiz bozeramaileen mahaia osatu dute. Aurten hasi dira martxan, eta udaleko lau alderdiak daude ordezkatuta —EAJ, EH Bildu, Irabazi eta PSE-EE—. “Lan egiteko gaiak ez daude faltan, eta osaketa hau sendotu egingo da; bere izaera propioa ematea da helburua”.

Erakunde “eraginkorra, erabakitzailea, entzulea eta arduratsua” izan nahi du udalak, eta ezaugarri bakoitzari lotuta, hainbat proiektu ari da gauzatzen. Eraginkorra izateko, adibidez, teknologikoki “aldaketa nabarmenak” egin dituzte. “Hogei urte zeuzkan azpiegiturak moldaketa sakon batean daude murgilduta; horren bitartez udala etorkizunera eta administrazio elektronikora begira egotea nahi dugu”.

Erabakien atalean, Espoloiko kioskoa eraitsi izana. “Egoera kaskarrean” zegoela eta, maiatzean bota egin zuen udalak: “Gure erantzukizuna zen, eta herritarren segurtasuna gure ardura da”. 1924an inauguratu zuten kioskoaren beheko zatia, eta 1950ean erabili zuten lehenengoz. Hamalau urtez “erdi itxita” egon zen gero. Orain, udala Espoloirako aurreproiektu bat lantzen ari da, eta epeka gauzatzeko asmoa du, hiru fasetan. “Horretan ere parte-hartze prozesu bat egoki ikusten dugu”. Egin dituzten beste hainbat obra ere zerrendatu ditu Letek: Errekalde lorategiko horma konpontzea, Elorregi hilerriko bidea eta Keresatsu baserriko bidea konpontzea…

“Gizartearen beharrak erantzuteko”, diru laguntzen plan estrategikoa onartu zuten; horretan, diru laguntza guztiak daude, eta legealdi osorako. “Nabari geratzen da esparru guztietako zer ildo sustatu nahi den, eta ez bakarrik aurten, baizik legealdi osorako”. Arduratsu izateari dagokionez, berriz, energia eraginkortasunez erabiliz “hobekuntzak” egin dituzte; besteak beste, argiterian eta kirol eta eraikuntza publikoetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.