Datozenek, doazenentzat

Datozenek, doazenentzat

Julene Frantzesena

Herritarrek mundu zabaleko edozein tokitara egindako bidaien azalpenak jasotzeko eta bizipenak gainerako herritarrekin partekatzeko, www.neubidaiari.eus ataria sortu dute hiru azpeitiarrek. Bidaia batetik datozenek bidaia batera doazenei azalpenak emateko txokoa izateko sortu dute ataria.

Jon Etxaniz (Azpeitia, 1990), Gurutze Eizagirre (Azpeitia, 1979) eta Itsasne Zabaleta (Azpeitia, 1991) dira proiektuaren sustatzaileak, baina webgunea “bidaiatzea atsegin dutenen komunitate” bilakatzea nahi dute. Hala dio Eizagirrek: “Edozein herritar animatzea nahi dugu bidaietan bizitako esperientziak kontatzera. Denoi gustatzen zaigu besteek munduko edozein tokitan bizi izandakoen berri edukitzea: nora joan den, zer toki bisitatu dituen, non egin dituen otorduak, zer museo bisitatu duen… Esperientzia onak nahiz txarrak bildu nahi ditugu webgunean, jendeak bidaiatuko duen tokiaren inguruko gomendioak izan ditzan”.

Azpeitiarraren arabera, bidaiari asko dago herrian: “Uste baino pertsona gehiagok egiten dituzte bidaia handiak urruneko herrialdeetara. Eta jende horrek irakurtzen ditu blogariek-eta idatzitako gomendioak eta ekarpenak bidaia hasterako. Irteteko ohitura duenak aurrez begiratzen du nora doan, eta askok idatzi egiten dute bueltan, hurrengoan doanari azalpenak emateko”.

Hainbat herritarrek gomendioak ere egin dizkiete jada, webgunea hobetzeko eta dinamikoagoa egiteko: “Batzuek esan digute azpeitiarren hamar toki gustukoenen rankingak-eta egiteko, halakoak gustura irakurtzen direlako. Bueltak eman beharko dizkiogu kontu horri ere”.

Duela gutxitik martxan da webgunea, eta dozena inguru ekarpen irakur daitezke bertan. Dena den, gaur-gaurkoz, sustatzaileen ekarpenak dira webgunean ikus daitezkeen gehienak. Horregatik, herritarrei dei egin diete erregistratu eta post-ak igotzen has daitezen. “Geuk igo ditugu lehen testuak. Dena den, herritar batzuei eskatu diegu idazteko, eta ea animatzen diren. Batzuk erregistratu dira dagoeneko”, azaldu du Eizagirrek. Zabaletak dioenez, “euskal blogarien komunitatea” osatu nahi dute: “Ez dugu ikaragarrizko idatzirik eskatzen. Helburua da webgune dinamikoa egitea testu desberdinekin, eta, testu horiek argazkiekin-eta lagunduz gero, hobe”. Esperientziak trukatzera animatzeko eta “ez lotsatzeko” esan die Etxanizek herritarrei.

Azpeitiarren asmoa da webgunean sartzen den eduki oro sare sozialetan partekatzea, hala nola Twitterren eta Facebooken. Eta hasi dira horretan ere; izan ere, dozenaka jarraitzaile dituzte dagoeneko batean nahiz bestean. “Astean, egunero, sare sozialak elikatzen saiatzen gara. Webgunean, oraingoz, ez dugu egunero sare sozialetan jartzeko adina aktibitate, baina saiatzen gara mugimendua ematen horiei”, azaldu du Zabaletak.

Eizagirrek dioenez, proiektua “kolaboratzailea” da: “Parte hartzeko tresna moduan ulertzen dugu. Soziala da erabat. Erabakia dugu webgunean publizitaterik ez sartzea, eta ez dugu etekinik atera nahi proiektuarekin”.

Euskara hutsean

Webgunea herritarren parte hartzearekin eta haiek egindako ekarpenekin elikatu nahi dute, eta, bidaien inguruan idazteko eskatzeaz gain, baldintza bat jarri diete erabiltzaileei: euskaraz idaztea.

Webgunearen sortzaileen arabera, badira blogariak, baina gehienek euskaraz eta gaztelaniaz idazten dute. “Kostatzen ari zaigu euskaraz idatziko duen jendea aurkitzea. Askok gaztelaniaz idazteko joera handiagoa du, edo ez dakit zer gertatzen den”, dio Etxanizek. Ildo beretik hitz egin du Eizagirrek: “Bidaiari asko dago, zahar nahiz gazte, eta askok esan digute euskaraz idazteko arazoak dituztela”.

Neubidaiari martxan jartzeko ideia ez zaie ezerezetik sortu; izan ere, Eizagirrek, ikasketak direla medio, izen bereko blog bat zabaldu zuen. “Errioxako unibertsitaterako lan bat zenez, gaztelaniaz idatzitako edukiak jarri behar izaten nituen blogean. Blog hori hor zegoen, nik egindako bidaietako kronikekin eta. Orain, Etxanizek, Zabaletak eta hirurok sare sozialen kudeaketarako Onsare 4.0 enpresa sortu berri dugu, eta, webgunea hor zegoenez, proiektuari heldu eta forma eman diogu”. Zabaletak dioenez, “erreferentzia” gisa sortu dute webgunea, zabaltzen hasteko. Onsare 4.0 Social Media Manager aholkularitza enpresa bat da. “Sare sozialen inguruko aholkularitza eskainiko dugu, uste dugulako esparru horretan badagoela merkatua”, dio Eizagirrek.

Hori dela eta, merkatariekin eta ostalaritzako negozioekin hasi nahi dute lanean. “Herriko merkatariek-eta badituzte profilak sare sozialetan, baina horiei bizia eman behar zaie, eta batzuek hor dute hutsunea”, azaldu du Etxanizek. Tabernen eta jatetxeen kasuan, gainera, azpeitiarrek diote “lotura zuzena” dutela turismoarekin: “Sare sozialek indar handia dute gaur egun, eta tresna eraginkor izan daitezke zabaltzeko eta jendea erakartzeko. Ondo erabiliz gero, erantzuna berehalakoa da. Guk horretan lagundu nahi diegu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.