“Gastronomiagatik bada ere, merezi du”

“Gastronomiagatik bada ere, merezi du”

Olaia Iraola

Asteartea. Euskal Herrian beroa da nagusi. 36 gradu daude Mariaren Bihotza ikastolaren atarian. 14:25 dira. Hamabost bat erromes daude, atea noiz ireki zain itzal txoko apurretan sakabanatuta. Donejakue bidea ari dira egiten, eta gaua ikastola honetan emango dute. Bertara sartzeko ordutegia 15:00-22:00 da. Ohi baino ordu erdi lehenago ireki du atea Manu Peñak (Jaen, Espainia, 1947). Gipuzkoako Donejakue Bideko Lagunen Elkarteko kidea da Peña, eta badaramatza urte batzuk boluntario lanetan.

Bi minuturako, ikastolako sarrerak sardina lata bat zirudien. Jendez bete da; batzuk, kanporaino zegoen ilaran zutik, eta besteak, lurrean botata, ilara noiz baretu zain. Izerdia eta aldi berean lasaitasuna ikusten da erromesen aurpegietan. “A ze lasaitasuna”, “ze ederki gauden hemen barruan”, “gauzak hartu eta hondartzara noa” eta halako iruzkinak egiten ari dira bata besteari. Gehienak Irundik datoz, eta bidean lehenengo gaua pasatzera datoz. Batzuk bakarrik etorri diren arren, lagun berriak eginda iritsi dira lehen geldialdira. Erromesek esan dutenez, eguneko ibilbidea “oso gogorra” izan da.

Hasi dira pixkanaka logeletara jaisten. Beste laguntzaile bat dago, eta hura ari da jendea logeletara eraman eta azalpenak ematen. Garbigailua ere hark jarri die. Galdezka dabil ea norbaitek zerbait gehiago garbitzerik nahi duen. 16:00ak alderako, dagoen gela bakarreko ohatzeak okupatu dituzte. Pare bat erromes frontoiko literetara bideratu dituzte. Peñak ere frontoiko literetan egiten du lo: “Txandak ditugu hemen lo egiteko, eta egun hauetan ni egongo naiz. 05:15 alderako hasten dira sakelakoetako alarmak jotzen. Hortik aurrera jendea jaikitzen hasten da”. Ordutegian 07:00etan irekitzen dutela jartzen duen arren, badira 06:30erako bertatik irteten direnak ere. “Sartzerakoan ere lehentxeago ireki ohi dut. 14:25ak aldera sartu dira gaur. Nik Donejakue bideko 25 ibilbide egin ditut, eta euren lekuan egonda nago; ezin ditut kanpoan beroz itotzen ikusi”, azaldu du.

Batzuek deskantsatzen gelditzea erabaki dute, eta besteak azkar batean aldatu eta hondartzara joan dira. “Kokaleku bikaina du eraikin honek; hondartza ondoan dago, eta hori luxu bat da. Horrez gain, eraikina bera ere luxu bat da. Goizero mutil bat etortzen da garbitzera, eta arratsaldera arte txukun egoten da. Hortik aurrera…”, adierazi du boluntarioak.

Bero handia pasatu dutela azaldu du Victor Fernandezek (Miranda Ebro, Espainia, 1984): “Gaurko beroa ez zen normala, eta, gainera, ibilbidean zehar gora eta behera ibilita, leher eginda nago”. Santiago de Compostelara arte heltzea du xede Fernandezek: “Bideko gastronomiagatik bada ere, merezi du”.

Silvia Brunellik (Italia, 1993), Annica Stanzialek (Italia, 1993) eta Vanessa Belloriok (Italia, 1993) ere Santiagora heltzea dute helburu. Bellorioren bigarren aldia da Donejakue bideko zati bat egiten: “Duela urte batzuk Sarriatik [Galizia] Santiagora joan nintzen. Maitemindu egin nintzen bidaiarekin, eta errepikatzeko moduko esperientzia iruditu zitzaidan”. Stanzial, berriz, gurasoen esperientziak animatu du: “Duela urte batzuk egin zuten, eta argazkiak ikusita… ezin nintzen etorri gabe gelditu”.

Juan Sotoro (Albacete, Espainia, 1990) bi lagunekin ari da egiten bidea, eta esperientzia honen helburua “ibilbidea amaitzea, ondo jatea eta zerbeza hotza edatea” dela azaldu du. Petra Sharja (Eslovenia, 1989) astelehenean abiatu zen Irundik, eta Fisterrara (Galizia) heltzea du helburu: 36 eguneko ibilbidea egingo du. “Donostian behar duzun guztia daukazu; ongi jan eta edateko tabernak, eta bista ederrak”.

Bide laburragoa egingo du Caittin Rodgersek (Eskozia, 1984). Irundik Bilbora joango da, zazpi egun baititu Euskal Herrian igarotzeko: “Eskoziatik etorri naiz Donejakue bideko zati bat egitera. Itzuliko naiz bidearen beste zati bat egitera”.

Kostata lortutako lekua

Aurreko urteetan Jakintza ikastolan jartzen zuten erromesek gaua pasatzeko lekua. Aurten, obrak direla eta, Mariaren Bihotza ikastetxeak eskaini du ibiltarientzako espazioa. Lanean diharduen boluntarioak behin eta berriz eman dizkie eskerrak ikastolari eta Fernando Imaz Donejakue Bideko Lagunen Elkarteko zuzendariari: “Erromesak Donostian egoteko lekurik gabe utzi behar genituela uste nuen. Fernando Imazek ez du etsi erromesek gaua pasatzeko zerbait lortu arte, eta eskertzekoa da hori, baita ikastolarena ere”. Urte osoan irekita egongo den ostatu bat nahi dute boluntarioek. Amarako lokal bat eskaini diete, baina bi urteko obrak dakartzala azaldu du Peñak: “Ezer baino hobea bada, baina erromesentzat oso urruti gelditzen da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.