“Herri txikia izanik, denok ezagutzen dugu elkar. Gustuko dut hori”

Olaia Iraola

Herrian bertan dagoen mandrilak egiteko enpresa batean egiten du lan Joseba Esnaolak (Berrobi, 1993). Egun lesio bat duen arren, duela gutxira arte harri jasotzen ibili da. Lesioa sendatu ostean txapelketetara bueltatzea da bere nahia.

Nola aldatu da herria txikia zinenetik?

Etxe berri asko egin dituzte, baita eskola berriak ere. Okindegi bat ere jarri dute, eta horrek ere eragin du herrian. Izan ere, duela gutxira arte herriko denda txiki batean edo harategian erosten genuen ogia. Jende asko ibiltzen da bai okindegian eta baita tabernan ere. Horrez gain, kanpotik jendea etorri da, eta hori ere nabaritu da herrian.

Herritik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Herria txikia izanik, denok ezagutzen dugu elkar. Gustuko dut hori.

Zerbait aldatuko al zenuke?

Ezer gutxi aldatuko nuke. Kiroldegi bat egotea, adibidez, ondo legoke. Jende asko joango litzateke bertara; izan ere, orain herritik irten behar da kiroldegi batera joateko.

Zein da herriko txokorik gustukoena?

Lagunekin, familiarekin… herriko tabernan egoten naiz askotan. Kalean ez naiz asko ibiltzen, eta egoten naizen gutxi hori tabernan egoten naiz. Horrez gain, herriak askorik ez du ikusteko, baina oinez ibiltzera irteteko ondo dago. Herritik irten eta bi aldeetan mendiak daude.

Herrian zu baino lehenago ez da harri-jasotzailerik egon…

Txikitatik gustatu izan zait harri-jasotzea. Berrobin inor ez zen izan lehenago, eta nire familiatik ere inor ez. Mendizabal tabernakoari [Azpeitia] ahari bat ematera joan ginen behin. Bertakoak harria jasotzen probatzeko aukera eman zidan, eta egun batetik bestera hasi nintzen horretan.

Erakustaldi bat edo beste ere egin duzu…

Mendizabalekin hasi eta hiru-lau hilabetera Kintopeko Txapelketan irten nintzen, Zestoan. 21 urtetik beherakoen txapelketa zen. Hori izan zen nire aurrenengo erakustaldia. Lauk hartu genuen parte, eta hirugarren gelditu nintzen. Hasiberria nintzen, eta, azkena ez geldituta, gustura gelditu nintzen.

Gero, denboraldi batez bakarrik ibili nintzen. Handik gutxira, Adunako Iñaki Gorostidi harri jasotzen ibili zenarekin entrenatzen hasi nintzen. Berrobiko plazan, 18 urte nituela, 200 kiloko harria jaso nuen, eta, handik gutxira, 215 kilokoa. Ondoren, 220 kilokoa altxatu nuen Alegiako festetan. Horiek dira egin ditudan saio nabarmenenak harria jasotzen.

Orain lesio bat duzu…

Gerriko lesio bat daukat, eta ordutik geldirik nago. Beldurra ematen dit orain, baina, aldi berean, jendea harria jasotzen ikusteak inbidia ematen dit.

Zerbait txarra ba al dauka harri-jasotzeak?

Kirol guztietan gertatzen den moduan, lesioak izateko arriskua dago. Gainera, indar eta esfortzu handia eskaini beharreko kirola da. Hala ere, jendeak ematen dizun indarra ezin da hitzekin azaldu. Ikaragarria da harria jasotzean nahiz gero duzun poztasuna.

Zein da harria jasotzen eduki duzun ibilbideko unerik politena?

Guztiak dira politak, baina Berrobin egindako lehenengo erakustaldiarekin gelditzen naiz, 200 kiloko altxaldiarekin. Ikaragarria izan zen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.