[Herriz herri] Berrobi. Guztia estal ez dezan

[Herriz herri] Berrobi. Guztia estal ez dezan

Maite Alustiza

Urteko “proiektu garrantzitsuena” egin bidean du Berrobiko Udalak: eskolako patioa estaltzea. Adjudikatua dute, eta obrak hastear dira. “Umeak eskolan ez zeudela aprobetxatu nahi genuen. Atzeratu egin da, baina irailerako izango dugu, bai”, ziurtatu du Iñigo Aiertza alkateak. Herrian beste edozein egitasmo gauzatzeko bezala, diru laguntza bat behar izan dute estalkia egin ahal izateko —60.000 euro jaso dituzte—. “Ez badaukagu diru laguntzarik, ezin dugu ezer egin”. Eskola berriak orain hamar bat urte egin zituzten, eta kanpoan saskibaloian, futbolean eta abarretan jokatzeko tokia du, baina aire zabalean: “Negu partean badakizu zer izaten den hau…”. Beste futbol zelai bat badaukate herrian, baina hori ere estali gabe dago.

Patioko kostuarekin “baldintzatuta” dauden arren, udalak ez du nahi horrek gainerako guztia estaltzea. Martxan edo buruan dauzka beste hainbat proiektu, herriko baratzeena, esaterako. Ekogunearekin elkarlanean, baratzeak jartzen ari dira, eta hamalau familiak hartuko dute tokia; “adin desberdinetakoak, emakume zein gizon”. Igone Saldias Ingurumen eta Landa Garapeneko zinegotziak azaldu duenez, baratzeetara iristeko bidea egokitu egin dute, eta herritarrek jada probatu ahal izan dute lurra: “Oso ona dela esaten dute. Talde bezala oso ondo ari dira funtzionatzen, Ekoguneak ere ikastaroak ematen dizkie…”.

Berrobin jaiotakoak ez ezik, gerora kanpotik etorritakoak ere animatu dira parte hartzera. “Baserritarren jarraipenekoak ez direnak daude tartean. Baserria daukagun askok ez dugu segitu nahi, eta ez daukatenek, berriz, nahi dute. Horrela norberarentzat badute lur sail bat, seme-alabekin joateko… martxa onean ari dira”.

Udalbiltzan sartuta dago Berrobi, eta horretan, udalak energia burujabetzarantz pausoak eman ditzaten bultzatu nahi dituzte —kontsumoaren murrizketa, efizientzia, tokian tokiko energiaren sorkuntza…—. Bide horretan, Aiertzak jakinarazi du ikerketa bat hasiko dutela irailean, estaliko duten eskolako patioan: “Estalkia nahiko laua izango denez, eta azalera handikoa, eguzki plakak jartzeko ikerketa bat egingo dugu. Lehenengo ikusi egingo dugu ea jartzea komeniko litzatekeen”.

Herriko argiteriari lotuta, kaleetako argiak aldatzen ari dira. “Ez da merkea, baina pixkanaka ari gara LEDak jartzen”. Erreka ondoko paseoa argiztatzeko asmoa ere badute: “Jende asko ibiltzen da paseatzen, eta negu partean oso iluna geratzen da. Diru laguntza bat eskatu dugu”.

Kanpai hotsak ere berreskuratzekotan dira. Aiertzak azaldu duenez, egungo kanpaiak makineria oso zaharra dauka, eta konpontzen saiatu arren, desgastatuta dago, eta berritzeko asmoa dute: “Jendeak faltan sumatzen du kanpaien soinua”. Gaztetxean ere izango dira berrikuntzak: peletako galdara jartzea onartu dute.

Ondo hornituta

Herri txikia izateko “ondo hornituta” daudela uste du Aiertzak. 560 biztanle inguru dauzka Berrobik, eta Tolosatik bost kilometro eskasera dago: “Garraio aldetik jendea gustura dago; autobusa daukagu, eta Tolosaldean gehien erabiltzen den linea da”. Mediku zerbitzua astean bitan izaten dute, eta jendea “konforme” dagoelakoan daude. Horrez gain, denda bat dute, farmazia, okindegia, harakina, elkartea eta bi taberna.

Azpiegituren aldetik dituzten asmoez gain, herritarrei begira jardun nahi du udalak. Jendea “aktibatu” nahi dute, eta, Saldiasen arabera, zeregin horretan dabiltza: “Giroa nahiko hotza edo urrunekoa zegoen udalaren eta herritarren artean, eta dinamizazio lana egiten saiatzen ari gara. Saiatu gara herria pixka bat mugitzen, bai gazteak, erretiratuak… parte hartzea gehitzen”.

Herritarren hitza

Abuztuaren 28aren bueltan izango dituzte festak Berrobin, sanagustinak. Herritarren parte hartzea aintzat hartuta, jaiak haiekin antolatu nahi izan dituzte, Saldiasek azaldu duenez: “Umeen Eguna eurekin antolatu nahi izan dugu, erretiratuena eurekin… Nahiz eta festa batzorde bat osatuta eduki, egun bakoitza dagokionarekin osatzen saiatu gara. Umeena aberasgarri joan da; beraiek hartu dute protagonismoa, eta ez da egin beti bezala, handien burutik pentsatuta”.

Festetatik aparte ere, parte hartzeari garrantzia eman nahi dio udalak, aurrekontuak osatzerakoan, adibidez. Proposamenak gauzatu ahal izateko, ordea, patioaren estalkiak jartzen dizkien mugak gogoratu ditu Aiertzak: “Larri gabiltza patioko kostua ordaintzeko, eta badauzkagu jendeak egin dituen eskaerak, baina ezin ditugu aurrera eraman nola ibiliko garen ziurtatu arte”. Bat dator Saldias: “Aurten orain arte ez dugu erantzun berezirik eman aurrekontu aldetik harrapatuta gaudelako, baina zerrenda luze bat badaukagu, herritarrek behar bezala ikusten dituztenekin. Horra joko dugu estalkiarena bukatu ondoren”. Besteak beste, herriko parkea, herrian dagoen baranda falta eta txakur kaken inguruko neurriak aipatu dituzte. “Oso kontziente gara horiez, eta aurre egin nahi diegu, baina zifra ekonomikoak egin arte”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.