[Herriz herri] Bidania-Goiatz. Bi herri batera, bi eskualderen artean

[Herriz herri] Bidania-Goiatz. Bi herri batera, bi eskualderen artean

Imanol Garcia Landa

Oria eta Urola eskualdeen artean dago Bidania-Goiatz, eta Hernioren magalean egoteak jendea erakartzen du. Horren lekuko dira Bidaniko Kontseju ostatua eta Goiazko Dendale ostatua. Gainera, goi mailako landa turismoaren ikurretako bat da, Iriarte Jauregia hotelarekin eta bertan dagoen Bailara jatetxearekin. “Leku berezia da Bidania-Goiatz”, dio Joxe Erramun Goikoetxea alkateak. “Bertara ailegatzeko, mendateak igo behar dira, eta iristean lautada handi batekin egiten duzu topo”.

Tolosaldean dago, baina zenbait gaietan lotura du Urola Kostarekin. Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, esaterako, bere barrutia ez da Oria, Deba Urola baizik. Hondakinen kudeaketarako Urola Erdiko Mankomunitatean sartuta dago, eta gizarte zerbitzuak Albiztur, Errezil eta Beizamarekin partekatzen ditu Saiaz Mankomunitatearen bitartez.

Udal gobernuarentzat, udaletxea berritzea izango da agintaldi honetako erronka nagusietako bat. Besteak beste, igogailua jarriko dute. Lan horietan guztietan herri txikiek duten koska berberarekin egiten du topo Bidania-Goiatzek: finantzaketa. “Bideak eta hilerria konpontzeko diru laguntzak badira, baina udaletxea berritzeko oraindik ez dugu”, azaldu du alkateak. Azpiegituren aldetik, gasa sartu dute, ura ere eraman dute baserri batzuetara, argiteria aldatu dute, baina oraindik badago zer egina: Bidaniko herrigunean egiteko dago saneamendua, eta zenbait baserritara ura ere eramateko dago.

Etxeak eta eskola

Aurreko agintaldian onartu zituzten arau berriztatzaileak, eta agintaldi honetan arau horiek aurrera eramaten jarraitzen dute. Gaietako bat etxebizitzena da. Arau berriekin aldaketa izan da segregazioari dagokionez, eta, lehen etxebizitza bat egiteko beharrezko lur saila 10.000 metro koadro baziren, orain 25.000 metro koadro behar dira. Bestalde, inkesta bat egin dute herrian, etxebizitza bat izateko jendeak duen interesa jakiteko. “Zenbaitzuek azaldu dute interesa, eta orain ikusi behar da zein bide hartuko dugun”, esan du Goikoetxeak. Garbi dute udaletik proiekturen bat aurrera eramatekotan ez direla familia bakarreko etxebizitzak egingo, 12 edo 14 etxebizitza izango dituzten eraikinak baizik.

Herri bizi bat izateko, garrantzitsutzat dute eskola. “Elkarbizitza sortzen du”, dio alkateak. “50 haurretik gora daude, eta etorkizuna ere hor dago. Herri bat eskolarik gabe herria izango zen, baina eskolak ematen dion saltsa eta bizi hori gabe”. Orain gutxi, aterpea egin dute eskolaren jolaslekuaren gainean, 2014ko eskola txikien festan lortutako diruarekin eta udalaren ekarpenarekin. Erabilera irekia du patioak, herri guztiarentzat. “Hobekuntza handia da ikusita eskolak ez zuela aterpean jolasteko aukerarik eta frontoira joan behar zela eguraldi txarrarekin. Orain, bertan geratzeko aukera dago”.

Goiatz eta Bidania

Bidania-Goiatz Gipuzkoaren erdigunean egoteak eragina izan du lurraldearen historian. 1466tik aurrera, Bidania aukeratu zuten Gipuzkoako Batzar Bereziak egiteko. Usarraga baserria izendatua zuten bilerak egiteko leku; geroago, berriz, Bidaniko San Bartolome elizan egiten zituzten batzar horiek.

1027. urtekoa da Goiatzen lehenengo idatzizko aipamena, eta 1399. urtekoa Bidaniarena, nahiz eta historialari guztiak ados egon zaharragoa dela. Goiatz eta Bidania paralelo joan dira historia guztian. Bi herriak Saiaz Alkatetzaren sortzaile eta partaideak ziren, Errezil, Beizama eta Aiarekin batera. 1563. urtean, Alkatetza desegin zenean, bi herriak gai izan ziren udal independenteak osatzeko, nahiz eta ez zuten hiri izena lortu. Hala ere, Saiaz Alkatetzaren ordezkariak Saiaz Elkargoa izenean elkartu ziren, eta, horrela, beren ordezkariak Gipuzkoako Batzar Nagusietara bidaltzen jarraitu zuten.

1964ko abenduaren 21ean, Bidania eta Goiatz udalerri bakar batean elkartu ziren, Bidegoian izena hartuta, baina, 2014. urtean, Bidania-Goiatz izendatu zuten, aurreko bi herrien izenak mantenduz. “Ikusita herrian jendeak Bidania eta Goiatz erabiltzen zituela eta ez Bidegoian, ez zegoelako barneratuta, harremanetan jarri ginen Euskaltzaindiarekin, eta bertatik zehaztu zuten Bidania-Goiatz izenarena. Hala, aldatzeko, martxan jarri genuen prozesua”. Administrazioan pixkanaka joan da aldatuz izen batetik besterako erabilera. Herri sarrerako kartelak, adibidez, azkar aldatu zituzten, baina gehiago kostatu zaie beste arlo batzuetan; Osakidetzarekin lotutako gaietan, esaterako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.