“Deban eta Itziarren, itsasoa eta mendia lotuta daude lurgune bakarrean”

E. Albizu Lizaso

Itziar Aizpurua ezker abertzaleko politikaria (Deba, 1943) itziartar sentitzen da, han baititu sustraiak. Etxean giro abertzalea eta euskalduna izan du umetatik, eta horrek bideratu du politikara, herriko testuinguruak baino gehiago.

Zein duzu herriko leku maitea?

Itsas-gaineko pasealekua esango nuke, polbora-neko bihurgunetik Itziarko bistara doana. Ilunabarrean, eguzkiak azken printzak uzten dituenean, itsasoan sartzen ari dela, itsasoaren edertasuna agerian geratzen da. Paraje horretan itsasoratu genituen Jokin Gorostidiren errautsak duela hamar urte, baita biok maite genuen Malloetako lekuan ere. Egunero joaten naiz pasealekura biak agurtzera: nire maitea eta itsasoa.

Zer berezitasun ditu Debak?

Deban eta Itziarren, itsasoa eta mendia lotuta daude lurgune bakarrean. Errepidetik burua altxatuta, mendia dugu, eta ikusten da errepidea dela izadi lotu hori zatitzen duena, flysch-en bide naturalean arrotza dena. Adituek diotenez, flysch beltza da harririk zaharrena, eta Itziartik Debarako labarretan daude horiek. Bestalde, Itziarko Bista deitzen diogun balkoitik ikuskizun paregabea dugu: eskuinera begiratu, eta Gipuzkoa eta Lapurdiko lurmuturrak daude; ezkerrean, berriz, Bizkaikoak. Horrez gain, Deba herri txikia da, masifikatu gabea. Naturarekin bat eginda bizitzeko, hura errespetatu behar dugu.

Euskal Herriaren eta euskararen maitalea zarela diozu. Zein da Debaren egoera euskarari dagokionez?

Hobetzen doa, baina hobeto zegoen udalak euskararen aldeko hainbat erabaki hartu zituenean. Orain, atzera jo du, eta, aniztasunaren izenean, amore eman du gaztelaniaren aurrean. Hizkuntzak jakitearen eta hitz egitearen aldekoa naiz, baina gu bakarrik gara elebidunak; espainolez ala frantsesez soilik hitz egiten dutenak ez dira elebidun bihurtuko, beharrik ez dutelako. Herritarrek esango dute euskaldunak direla; baina, lehen bi hitzen ondoren, gaztelaniara jotzen dute. Tamalgarriena haurren joera da. Gaitz orokorra dirudi: ikastolatik at, gaztelaniara jotzen dute. Halere, inola ez dut galduko hemen euskara nagusituko den itxaropena. Plangintza bat behar dugu horretarako, eta norbanakoen konpromisoa ere bada.

Umetatik asko aldatu da herria?

Geografikoki ez asko, horregatik mantentzen du bere xarma. Bestelakoetan, zerikusirik ez du: testuingurua aldatu da. Borroka latzak egin genituen ametsak lortzeko: ikastola sortu, gau eskolak, antzerkiak… Orain, debar eta itziartarrek ikusi beharko dute zer egiten duten; gazteengan itxaropena jarria dut. Izan ere, haien iragan hurbilaren historia gu gara, eta historia horrek gazteena behar luke izan etorkizunari begira hasteko. Ez dago iragan gabeko herririk, ez etorkizunik ere.

Zer iritzi duzu Itziarren eta Debaren arteko egoeraz?

Ez dut ulertzen debar batzuen jarrera. Izan ere, deszentralizazio administratibo xumeena zegoen tokian, Itziar independentea ikusi zuten. Horrela, gaia bere onetik ateratzea lortzen dugu. Ezinbesteko dugu antzinako lotura txarrak aztertu, eta irtenbide zuzenena ematea. Itziarrek autonomia behar du, eta Debak bere independentziarekin jarraituko du. Desberdinak dira: Debako herria itsasoari begira eratua dago; Itziarkoa, mendiari begira.

Xumean bada ere, erabakitzeko eskubidea oinarrian duen ariketa bat izan zen Itziarkoa. Gertu ikusten al duzu halako prozesu bat Euskal Herrian?

Zaila da jakitea, baina ikusten da gure esku dagoela hori. Inork ez digu halako oparirik egingo, eta are gutxiago Espainiak eta Frantziak. Herri batzuek egin dituzte lotesleak ez diren saiakerak. Jarraitu behar dugu jendea informatzen, konprometitzen, baina erakundeak busti arte, jai dugu. Erabakitzeko eskubideari erreparatu behar diogu, gure ondorengoen etorkizuna ere oraindik gure esku dagoelako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.