Geroz eta haur gehiago familia beharrean

Geroz eta haur gehiago familia beharrean

Aitziber Arzallus

Familiak behar dira Gipuzkoan, foru aldundiaren ardurapean dauden haur eta gazteak harreran hartzeko prest dauden familiak, hain justu. Izan daitezke guraso bakarrekoak, izatezko bikoteak edota bikote ezkonduak; seme-alaba biologikodunak edota gabeak; gazteak edota helduak; ekonomikoki egoera egonkorra dutenak. “Ez dago familia eredu perfektu bat. Haur eta gazte guztiak ez dira berdinak, bakoitzak behar jakin batzuk ditu; beraz, familiak ere era askotakoak behar ditugu”, Leticia Martin Beroa Gipuzkoako harrera familien elkarteko teknikariaren hitzetan.

Haur jaioberriak, kozkorragoak, nerabeak eta anai-arrebak; Euskal Herrikoak eta atzerritarrak. Diputazioak kudeatzen dituen harrera etxeetan soslai guztietako haur eta gazteak daude familien zain. Uztailaren 20an Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Gaietako diputatuak emandako datuen arabera, 353 haur zeuden harrera familietan, eta beste 313 harrera zentroetan, haietatik 49 familia batera sartzeko prest. Uztail bukaeran 44 zirela zehaztu du Martinek.

Egoera “larria” dela dio Beroako teknikariak, behar handia dagoela. “Geroz eta kasu gehiago iristen zaizkigu esku artera, eta, horrenbestez, geroz eta familia gehiago behar ditugu”. Hala ere, nabarmendu du babesgabe dauden haurren kopurua hazten joatea ez dela erabat berri txarra. “Alde ona ere badu horrek, esan nahi baitu lehen baino azkarrago detektatzen ditugula kasuak eta lehenago has gaitezkeela beharra duten familia horiei laguntzen”. Horrek, baina, egoera zuzendu artean, babesik gabe geratzen diren haur horiek hartzeko familia gehiagoren beharra dakar ezinbestean.

Adingabe bat babesik gabeko egoera larrian dagoela antzematen lehenak udaletako gizarte zerbitzuak izaten direla azaldu du Martinek. Haiek ei dira egoeraren berri aldundiari ematen diotenak. Egoera hori baieztatzen bada, gurasoei agintea kendu eta diputazioaren esku geratzen da adingabearen zaintza. Zenbaitetan, egoerak bultzatuta, gurasoek eurek erabakitzen dute umearen zaintza diputazioaren esku uztea.

Hobe familia batera

Kasu bakoitza aztertu ostean, haurrarekin zer egin erabakitzen du diputazioak. Harrera zentro batera eramatea da aukeretako bat, harrera familia bati ematea da bestea. “Ahal den guztietan familiaren aukera lehenesten da”, Martinen arabera. “Haur jaioberrien kasuan, esaterako, ahalegin berezia egiten dute familien esku gera daitezen, frogatuta dagoelako lehen hilabeteetako bizipenek geroko garapenean eragin handia dutela”. Baina beti ez da posible izaten.”Askotan haurrak nahastuta egoten dira, ez dutelako ulertzen zergatik bereizi dituzten euren gurasoengandik. Beste batzuetan, egoeraz jabetzen dira, baina ez dute onartzen, eta beren buruarekin borrokan sartzen dira”. Haur horiekin lanketa handia egin behar izaten dela azaldu du Martinek.

Zentro batera zein familia batera iristean, adingabe bakoitzari erreferentziazko pertsona bat jartzen diote, haren bilakaera gertutik jarrai dezan. Umeari gertatutakoa azaldu eta ulertarazten saiatzen da hura, harrera gurasoen eta profesionalen laguntzarekin. “Goizago edo beranduago, gehienek harrera familietan bukatzen dute, baina badira adinez nagusi egin arte zentroetan jarraitzen dutenak ere, batzuk euren erabakiz, besteak ez delako familia egokirik agertu”. Nerabeak etxean hartzeko prest dauden familiak topatzea zaila dela dio.

Adinez nagusi egiten direnean, gazteek harrera zentroetatik alde egin behar izaten dute. Normalean, baina, aurrez emantzipazio plan bat prestatua izaten dute erreferentziazko hezitzailearen laguntzarekin, handik irten eta nora ezean gera ez daitezen.

Azterketa zorrotza

Martinen esanetan, ume bat harreran hartzen duen familiak “oso garbi” izan behar du harrera ez dela adopzio bat, ezta hura lortzeko bidea ere. “Harrera aldi baterako neurri bat da, eta azken helburua beti da adingabea jatorrizko familiara itzultzea, gurasoek dituen arazoak konpontzean”. Bitartean, harrera familiak betebeharra izango du etxean hartzen duen umea maitatzeko, zaintzeko, elikatzeko eta hezteko. Gainera, posible den heinean behintzat, umeak harremanetan jarraituko du bere jatorrizko familiarekin, Gipuzkoako Diputazioak araututako eta epaitegiak adostutako bisiten bitartez.

Adingabe bat harreran hartzeko prest dauden familiek azterketa zorrotza gainditu behar izaten dute. Hitzaldi informatibo batean parte hartu behar izaten dute aurrena, eta, aurrera egitea erabakitzen badute, eskatutako dokumentazio guztia bildu gero. Ondoren, test batzuk egin behar izaten dituzte; eta, azkenik, teknikariak familiaren etxebizitza ikustera joaten dira, ume bat hartzeko baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko. Familiako kide guztiekin hitz egiten dute haiek, harrera programa batean parte hartzeko ezinbesteko baldintza baita denak erabaki horrekin ados egotea.

Zer motatako harrera programan parte hartu nahi duen erabaki beharko du familia bakoitzak, mota bat baino gehiago baitaude. Harrera soila da horietako bat: gehienez bi urte iraun dezake, eta umea guraso biologikoekin itzultzeko aukera dagoen kasuetan erabiltzen da. Harrera iraunkorra da bestea: umea guraso biologikoekin itzultzeko zailtasun handiagoak egon daitezkeela aurreikusten duten kasuetan erabiltzen da, eta umeak 18 urte bete arte iraun dezake. Harrera soilean zein iraunkorrean, harrera familia boluntarioek parte hartzen dute; izan daitezke haurrarekin aurrez inolako zerikusirik ez dutenak, baina baita harremana dutenak ere, aitona-amonak eta izeba-osabak kasurako.

Larrialdiko harrera da hirugarrena: haurra familia biologikotik bereizi ostean eta egoeraren balorazioa egin bitartean jartzen da martxan, eta gehienez sei hilabete inguru iraun dezake. Azken harrera mota familia profesionalizatuena da: hartuko duten haurrak izan dituen bizipenengatik aparteko laguntza behar duenean erabiltzen da, eta ezaguera teknikoak izan behar ditu hartzaileak —kasu hauetan, pertsona bakarrak hartzen du ardura —.

Borondatezko harrera familiei haurraren gastuak ordaintzeko adinako diru laguntza ekonomikoa ematen die Gipuzkoako Diputazioak. Hartzaile profesionalek, aldiz, soldata bat jasotzen dute ume horiekin egiten duten lanaren truke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.