Turistak beti dira besteak

Danel Agirre

Badut nire adineko lagun bat, bizitza osoan Euskal Herritik behin bakarrik irten dena. Burgoseraino izan zen txangoa, kuadrillako baten ezkondu aurreko parrandara. Bidaiatzeak estresa baino eragiten ez zionaz jabeturik, oporretan etxetik gehiago mugitzeari uko egindako beste bat ere ezagutzen dut. Donostiako Tourist go home, refugees welcome afixa bietako batek zintzilikatu ote zuen galdetu behar diet, Zarautzen topo egindakoan. Ezezkoan nago hala eta guztiz ere. Nire susmoa da Aste Santuan Korsikara eta udan Patagoniara motxila hartuta joaten den horietako baten ateraldia izan zela kartel ditxosoa. Beste kasta batekoa, benetako abenturazalea dela sinetsita dagoen norbaitena.

Izan ere, ez duzu bere buruari turista deitzen dionik topatuko sekula, turistak beti dira bestea, norberaren bidaiatzeko modua beti da duina, jasangarria eta akatsik gabea. Guztia ilusio bat da ordea, etxetik irteteko ahalmena dugun guztiok garelako nahiko antzekoak. Marrakexko haurrek eta Habanako hitzontziek frogatzen dute hori, txanpon parea denoi eskatuta, yanki despistatuei eta gu bezalako ibiltari jantziei, inongo bereizketarik egin gabe.

Lepo dabiltzan Gipuzkoako kostako herrietan igogailuko kexu bilakatu da atzerritar izurritea, Menorcara edo Parisera goazenean bertan bizi direnek gutaz zein iritzi ote duten bost axola bazaigu ere. Donostiar edo zarauztarren kasuan, ez da hori inkoherentzia nabariena. Izan ere, igogailuan kexatzen garenok gara gure herriari fisionomia aldatu diogunak. Kostakoak garelako Airbnb-n eta etxe agentzietan libre ditugun etxebizitza eta logelak madrildar eta kataluniarrentzat alokairuan ipintzen ditugunak, hilabeteko hiru mila euroren truke. Udan dirutza azkar eta erosoa pilatu, eta epe luzerako aterpe horiek beharko lituzketen gazte, familia, etorkinei… bizkarra emanda.

Turistak beti bestea direna uste duenaren kasuan bezala, errua beste nonbait dagoela sinetsita bizi gintezke. Beti bezala diruari errua bota diezaiokegu, generikoki. Alkateei —Europako hainbat hiritan egin bezala— Airbnb debeka dezaten exijitzen ez badiegu, ordea, nekez saihestuko dugu kostako herriak neguan hustea. Etxebizitzak alokatzeko gutxieneko epea urtebetera igotzea lortu ezean, gazteek bizitzeko toki bila barnealdera egin beharreko exodoari buelta ematerik ez dugu lortuko. Udalek beltzean ordaindutako alokairuen isunekin TAOrekin darabilten zurruntasun berbera azaltzen ez badute, igogailuko kexuek bere hartan jarraituko dute. Aldi berean, oporretara goazenean Airbnb eta antzeko agentziak ez erabiltzea tokatuko litzaiguke, nola ez, kostako herrietan jasaten ari garen fenomeno berbera beste nonbait ez eragiteko. Enpatiaren izenean.

Azken paragrafo hau utopikoegia bada, hori bai, turistak geuretakoak direla onartu eta adeitasunez tratatzea baino ez zaigu geratzen. Enpatiaren izenean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.