[Herriz herri] Eibar. Zailtasunei aurre egiten

[Herriz herri] Eibar. Zailtasunei aurre egiten

Eider Bereziartua

Eibar, 1931tik Hiri guztiz eredugarria, Debabarrena eskualdeko udalerririk handiena da. 27.400 biztanle inguruk osatzen dute Gipuzkoa mendebaldeko herri hori, eta probintziako populatuenen artean laugarrena da, Donostia, Irun eta Errenteriaren atzetik.

Eibarko alkate Miguel de los Toyosek azaldu duenez, “eibartarra egonezina da izatez”, eta, ondorioz, “etengabeko mugimenduan” dagoen hiria da Eibar. “Aldi oro hobetzen saiatzen ari den gizartea da Eibarkoa”, gaineratu du alkateak. Hiriaren egoerak hobera egin duen arren, azpimarratu du egiteko “asko” dagoela oraindik. Herriaren egoera eta herria bera hobetzeko, oinarrizko hiru arlo nabarmendu ditu: alderdi ekonomikoa, alderdi soziala eta herritarren bizi kalitatea.

Gipuzkoako langabezia tasa handienetakoa du Eibarrek, %16 ingurukoa. Azken datuen arabera, 2.000 bat langabe daude herrian egun, eta horri buelta ematea da Eibarko Udalaren erronka nagusia. “Bizi ahal izateko lana egin behar dugu guztiok”, dio De los Toyosek, eta, horregatik, herrian dituzten industria eta zerbitzuak indartzen saiatzen ari da udala. Hala ere, udalerriko testuinguru ekonomikoa ere “aldatzen” ari da, eta “horretara moldatu behar du gizarteak”. Hori dela eta, jarduera berriak erakartzea ere badu helburu udalak. Hala ere, De los Toyosen ustetan, udalaren lanari Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena gehitu behar zaizkio: “Guztion artean sortu behar dugun testuingurua da”.

Jarduera berriak erakartzeko ahaleginean, Eibarko Udalak martxan duen proiektu garrantzitsuena da duela urte batzuetatik Tekniker lanean ari den Polo Teknologikoa hazten laguntzea. Gune hori dagoen lurra Eusko Jaurlaritzarena da izatez, eta, ondorioz, haren kudeaketa ez da udalaren eskumena. Halere, alkateak uste du “guztion artean” garatu beharreko zerbait dela: “Ikerkuntzak eta berrikuntzak lagunduko digute herriko ekonomia garatzen. Oso garrantzitsua da jarduera hori”.

Horrez gain, udalerrira “marka berriak erakartzeko saiakera” egiten ari da udala. De los Toyosek gogorarazi du Eibarren dagoela Gipuzkoako El Corte Ingles bakarra, eta, joan den astean, Gipuzkoako bigarren Mercadona inauguratu zuten —bestea Irunen dago—: “Pertsona batzuk horren aurka egon arren, ez dago dudarik horrelako saltokiak herriarentzat erakargarri ekonomikoak direla”.

Proiektu nabarmen horiez gain, ekintzailetasuna bultzatzeko eta autonomoei eta enpresei beren ikerketetan eta lanetan laguntzeko diru laguntzak ematen ditu udalak. “Laguntza ekonomikoak dira, gauza berriak landu ditzaten”.

Herritarrengandik gertu

Udalaren beste helburuetako bat da herritarren beharrizanak asebetetzea. Udal ordezkariaren hitzetan, “udalak laguntza behar duten herritarren ondoan egon behar du, eta gaizki pasatzen ari direnek hain gaizki pasa ez dezaten tresnak izan behar ditu”. Zailtasunak mota desberdinekoak izanagatik ere, alkateak uste du udalak prest egon behar duela guztiei erantzuteko: “Guk ez dugu lortuko gaizki pasatzen ari dena ondo egotea, baina horien egoera hobetzea lortu behar dugu”.

De los Toyos ongizate horretatik haratago doa, ordea: Eibarko bizi kalitatea hobetu nahi du. Bertako herritarrak “ahalik eta erosoen” bizitzea da helburua, eta, uste du horretarako aisialdirako gune “gehiago” behar dituztela. “Hiriaren bizi kalitatea hobetzea ez da alderdi baten edo alkate baten lana, guztion eginbeharra da, herri osoaren lana da”.

Horretarako, hainbat proiektu ditu martxan erakundeak. Esate baterako, duela gutxi, trenbide gaineko pasealekua inauguratu zuten Eibarren. “Trenaren errailak estali, eta milaka metro koadro irabazi ditugu oinezkoentzat, herritarrentzat”. Herrian espazio libreak sortzeko “aukera bakarra hori zen”.

Horrez gain, beste proiektu batean ari da lanean buru-belarri udala: Errebalgo gunearen eraberritzean. Erabilera anitzeko eraikin bat ari dira sortzen han. “Eraikin horren helburua aisiarekin lotutako ekintza guztiak bertan elkartzea da. Horrela, herritarrei zerbitzu soziala emango dien gunea izango da”, dio. Besteak beste, kontzertuak, merkatuak eta bestelako jarduerak egingo dituzte bertan.

Harrera herria

Iaztik, errefuxiatuak jasotzen dituen herria da Eibar, baina betidanik izan da “herri hartzailea”. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, hainbat eta hainbat galiziar, extremaduratar eta andaluziar iritsi ziren Gipuzkoako herrira. “Orain, berriz, urrunagotik datoz”. Dena den, “helburu berarekin datoz, bizitza hobea aurkitzen saiatzera. Beren jaioterrian eduki ez duten zortea izan nahi dute hemen”, gogorarazi du. Horrenbestez, alkatearen arabera, udalaren lehentasunetako bat da datozen horiei laguntza ematea.

Gaur egun, 18 errefuxiatuz gain, jatorri desberdinetako 2.200 herritar inguru bizi dira Eibarren. Pertsona horien guztien integrazioa lantzeko mekanismoak gauzatzen ari da udala. “Esate baterako, hainbat etorkinek hizkuntzarekin arazoak izan ditzakeela eta, AISA proiektua garatu dugu Gizartekintzako Immigrazio Arloaren eta Udal Euskaltegiaren arteko koordinazioa sustatuta. Proiektu horren xedea da kanpotik etorri direnak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea”.

De los Toyosek uste du integrazioa errazagoa dela kulturaren eta hizkuntzaren bitartez, eta horrek gizarteari “gehigarria” eskaintzen diola. “Bakoitzak bere jatorria du, bere kultura, eta guk ez diogu inori hori kendu nahi. Guk dena gehitzea nahi dugu: beraiena eta gurea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.